Nafarroako Gobernuak, 167.000 euroko diru-laguntzak bideratu ditu mankomunitateentzat, kirol-jarduera fisikoen programak susta ditzaten 2020-2021 aldian

Nafarroako Kirolaren Institutuak eskaerak aurkezteko epea ireki du; eta irailaren 9an amaituko da
2020ko abuztuaren 28a

Nafarroako Kirolaren Institutuak (IND) 167.000 euroko diru-laguntzak  bideratu ditu mankomunitateentzako,  2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean kirol-jarduera fisikoen programak susta ditzaten. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago, eta irailaren 9an amaituko da.

NAOn argitaratutako deialdiaren zenbateko osotik, 62.000 euro 2020ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean egiten diren jardueretarako dira, eta beste 105.000 euro, 2020ko abenduaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean eginen direnentzat.

Alde batetik, zuzendaritza teknikoa diruz lagunduko da mankomunitatearen berezko zerbitzu eta jarduerei dagokienez, eta, bestetik, kirol-begirale eta entrenatzaile lanbidean aritzen direnek egindako funtzio teknikoak.

Laguntza horiek jaso nahi dituzten mankomunitateek modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte eskabideak,  Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Bertan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Diru-laguntza emateko ebazpena onetsi ondoren, mankomunitateek, eskabide baten bidez, eskatu ahalko dute jarduera berriren baterako, arrunta nahiz estrategikoa, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztutako programan ageri direnak ordezteko. Hala ere, egin baino hilabete lehenago gutxienez eskatu beharko dira jarduera berriak eta   3  berri eskatzen ahal dira gehienez. Nafarroako Kirolaren Institutuak eskaera hori onartzen badu ere, ez da handituko dirulaguntzaren zenbatekoa.