2020ko abuztuaren 28a

Nafarroako enpresa ekintzailetza sustatu eta atzemateko 280.000 euroko funtsa berritu da

Nafarroako unibertsitateetan, Lanbide Heziketako zentroetan negozio ideia berriak sustatu nahiz lagunduko dira, eta Iruñeko merkataritza sektoreari formazioa eskainiko zaio

Nafarroako Gobernuak, CEIN enpresa publikoak eta Iruñeko Udalak berriki enpresa ekintzailetza sustatzeko elkarlanerako htizarmena berritu dute. Bi erakundeen ekarpenak 280.000 euro jarriko ditu autonomiako ekintzaileen esku negozio ideia berriak garatzeko.

Administrazio bakoitzak konpromisoa hartu du 140.000 euro jartzeko sozietate publikoak kudeatuko dituen ekintzailetza-programa ezberdinak finantzatzearren. Era horretan, CEIN talentu ekintzailearen prestakuntzaz, aktibazioaz eta detektatzeaz arduratuko da Nafarroako unibertsitateetan, ikerketa-taldeetan eta Lanbide Heziketako zentroetan; halaber, “InÍciate” proiektu teknologikoen lehiaketan jarriko du arreta.

Nafarroako Unibertsitateak eta LHko zentroak

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, betiere Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzarekin elkarlanean, aurten berrikuntza gisa, ikasle, doktore eta ikerketa-taldeentzako balorazio teknologikoaren ibilbidea abian jarri da, oinarri teknologikoko enpresak sortzea sustatzeko. Prozesuan, merkatua ikertzeko emaitzak sakon aztertuko dira.

Zentro akademiko honetan, Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategiarekin (LUCE) batera egiten da lan (2006an sortua). Horren bitartez, enpresa berritzaileak sortzea sustatzen da, talde ezberdinak garatzen ari diren teknologiaren potentziala nahiz ezartzeko bideragarritasuna detektatu eta aztertzearekin batera.

Horretarako, prestakuntzako programa espezifikoak garatuko dira gelan, gradu, master eta doktoretza mailatan, eta gradu eta masterreko ikasketa-amaierako (TFG eta TFM) lanetan enpresa-proiektuak egiteko aholkularitza eskainiko da.

Nafarroako Unibertsitatean, Zientzietan Enpresak Sortzeko eta Kudeatzeko Diplomaren bitartez, Zientzietako Fakultateetako ikasleek erakundeetan gehien eskatzen diren gaitasun profesionalak garatzea lortu nahi da edota negozio propioa jartzeko enpresa-kudeaketaren oinarrizko ezagutzak ematea.

LHko zentroetan, ekintzailetzarekin loturiko ekintza guztiak bultzatzen dira; hots, gaikako jardunaldiak edo asteak.  

Nafarroako hiriburuaren eremuan, CEINen “Iruña Ekintzaile” programaren bitartez, arazoak konpontzen edo COVID-19ak eragindako egungo egoeran sortutako aukerak detektatzen laguntzen duten proiektuetan talentu ekintzailea bilatu nahi da. Bestalde, “Pentsatu eta ekin” programa modu espezifikoan diseinatu da Iruñean dagoen merkataritza babesteko pandemiak sortutako egoeraren aurrean. Horretarako, prestakuntza emango da, merkataritza-negozioak bizirik irauten laguntzeko eta Udaleko bideotekari dokumentazioarekin lagunduko zaio.

Jarduera horiek CEINen egoitzan egingo dira, Iruñeko Leire kaleko 20. zenbakian, eta beste batzuk formatu digitalean burutuko dira.

Ia 2.800 parte-hartzaile 2019an

Ia 2.800 lagunek parte hartu zuten 2019an CEINek antolaturiko prestakuntza- eta ekintzailetza-ekintzetan, eta horietako 937 unibertsitateko komunitatekoak ziren.

Zehazki, NUPen LUCEren bitartez, CEINek 32 enpresa-proiektu artatu zituen aholkularitza-zerbitzuan. Ikerketen negozio-aukerari buruzko prestakuntza-eduki espezializatuak eskaini zitzaizkien 41 doktoreri.

Ikerketa-talde ezberdinetako 21 pertsonak txosten bat eskuratu ahal izan zuten bost ikerketa-emaitza merkatura eramateko aukerari eta moduari buruz. Era berean, 34 saio eman ziren geletan ikasleak enpresen sorkuntzara hurbiltzeko, eta masterreko beste lau programa espezifiko, egiazko ekintzailetza-proiektuak abian jartzera bideratuta.

Bestalde, eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Fakultatearekin batera, Zientzietako Enpresak Kudeatzeko eta Sortzeko Diplomaren bi edizio antolatu zituen CEINek, eta horietan 40 lagunek hartu zuten parte.

Horrez gain, InÍciate negozio-ideien lehiaketaren bosgarren edizioan guztira 61 proiektu lehiatu ziren.

Lanbide-heziketari dagokionez, 1.548 ikaslek esku hartu zuten abentura ekintzailea abian jartzeko, negozio-aukerak aurkitzeko edo esperientzia ekintzaileak ezagutzeko baliabideak identifikatzeko CEINek bultzatutako jardueretan.

Udalarekin garatutako jarduerei dagokienean, “Iruña ekintzaile” programan 20 lagunek hartu zuten parte, eta 13 enpresa-proiektu berri aztertu ziren. Gainera, merkataritzan berritzeko programa bat eskaini zen, sektoreari negozioak hobetzeko erremintak eta prestakuntza emate aldera; bertan, 11 establezimenduk hartu zuten parte.

Era berean, Iruñeko Udalarekiko lankidetza-esparruan, joeren inguruko 13 jardunaldi antolatu ziren hiriburuko saltokientzat, eta 246 pertsonak hartu zuten parte.