Nafarroako Gobernuak gurtza, ospakizun eta ikuskizunetarako lekuen edukiera murriztuko du COVID-19ren hedapena geldiarazteko
Ospakizunetan 35 pertsona egon ahal izango dira toki itxietan eta 75 kanpoan, eta leku irekietako eremu publikoetan egiten diren 10 kidetik gorako bileretan musukoa erabili beharko da, eta pertsonen arteko distantzia mantendu
Asteazkena, 2020ko Abuztuaren 26a

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki bat onartu du, gurtzarako, ospakizunetarako eta adinekoen klubetarako lekuen edukiera murrizteari buruzkoa. Muga berriak ezarri dira ikuskizunetan eta dantza-akademietan, eta 10 pertsona baino gehiagoko espazio publiko irekietan egiten diren bileretan maskaren erabilera eta gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatu beharko dira. 

Araudi berria NAOn ostiral honetan argitaratu ondoren sartuko da indarrean. Akordioaren bitartez, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako erabakia aldatuko da; hots, Nafarroa normaltasun berrian sartzeari buruzkoa. Era berean, pasa den abuztuan Foru Exekutiboak jada ezarritako zenbait muga ez ezik, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluaren azken bileran adostutako gomendioak ere sartzen dira.

Ospakizunak, aisia eta ikuskizunak

Neurri berrien artean, %75etik %50era jaitsi da gehieneko edukiera kultu-lekuetan; ezkontza-ospakizunetan eta izaera sozial, erlijioso edo zibilekoetan, aldiz, muga 75 pertsonakoa izango da aire zabaleko lekuetan eta 35ekoa leku itxietan. Muga horiek, bai leku publikoetan zein pribatuetan, ospakizunen edukierari dagokzio, beti ere prebentzio neurriak betez. Oturuntzetan, egun indarrean dauden neurriak ezarriko dira (mahaien banaketa, taldeak...) eta ostalaritza sektoreari ezarritakoak. 

Gaueko aisian lan egiten duten establezimenduei dagokienean, diskotekek eta dantzalekuek itxita jarraituko dute, abuztuaren 17ko Foru Lege Dekretuan jada ezarritako moduan,. Halaber, ez da edukiera aldatu ostalaritzako era guztietako establezimendutan; hots, barruan %75ekoa izango da eta terrazetan %100ekoa.

Ikuskizunei dagokienez (zinemak, antzokiak, auditorioak, zirkoa, zezen-ekitaldiak, e.a.), muga berriak ezarri dira. Zehazki, gehieneko edukiera %75ekoa izango da, baina bertaratuak 350 baino gehiago badira itxitako lokalen kasuan edo 700 baino gehiago aire zabaleko instalazioen kasuan (lehen, 500 eta 1.000 laguneko muga zegoen, hurrenez hurren), erakunde sustatzaileak nahitaezko txostena eta txosten loteslea eskatu beharko dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, gutxienez zazpi lanegun aurretik, eta organo horrek erabakiko du ekitaldiak neurri egokiak betetzen dituen ala ez.

Haurtzaindegiak eta adinekoen zentroak eta dantza-akademiak

Akordioan, adinekoen klubak ere aipatzen dira; horietan, gehieneko edukiera %50ekoa da (lehen %75ekoa), eta ez da gomendatzen soilik aisiarako diren jardueretarako irekitzea eskatutako prebentzio-neurriak bete edo edukiera kontrolatu ezin den zentroetan.

Bestalde, haurtzaindegiek prebentzio-protokoloa eta jardueraren garapena antolatzeko protokoloa izan beharko dute, orain arte onartutako osasun-gomendioak jasotzeko.

Era berean, dokumentuan dantza irakasteko edo praktikatzeko aretoetako jarduera arautzen da. Kasu horietan, segurtasun-tartea 5 metro karratukoa izango da pertsona bakoitzeko, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantenduko da, eta, hori ezinezkoa bada, maskara nahitaez erabili beharko da.

Ikasleen taldeak egonkorrak izango dira; hau da, ezingo da klasez aldatu, eta bikotea ere beti bera izango da modalitate honetako dantza-klaseetan.

Garraioa eta gomendioak

Bederatzi plazara bitarteko ibilgailuen (gidaria barne) garraio publikoan baimendutako okupazioa handitu da akordioaren bitartez; alegia, ibilgailuaren atzeko plaza guztiak eta aurreko ilarako eserlekuak erabili ahal izango dira, gainerakoak agortu badira, baldin eta gidaria horren aurka agertzen ez bada.

Azkenik, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluak abuztuaren 14an egindako bilerako Akordioan jasotako gomendioak bildu dira:

1.       Herritarrei gomendatzen zaie topaketa sozialak mugatzea bizikidetza-talde egonkorretik kanpo.

2.       Herritarrei gomendatzen zaie eremu pribatuan topaketa sozialak gehienez 10 lagunekoak izatea, osasun-agintariek emandako babes-neurriak uneoro beteaz.

3.      Zentro soziosanitarioko langileei tarteka PCR probak egitea gomendatzen da, baldin eta egoiliarrekin harremanetan badaude.

Neurri berriak eta miaketa indartzea birusari eusteko

Osasun kontseilaria den Santos Indurainek Gobernu-bileraren ondorengo prentsaurrekoan adierazi duenaren arabera, neurri berri horien bitartez COVID-19aren hedadurari eutsi nahi zaio; izan ere, gaur egun, Nafarroak "goi-ordoki" maila du: egunean batez beste ehun kasu eta 108 agerraldi aktibo. “Kopuru horretara iritsitakoan, oso zaila da jaistea positibo bakoitzak positibo bilaka daitezkeen hainbat kutsatze sortzen baititu, eta, zoritxarrez erraza da modu esponentzialean gehitzea”, adierazi du. Ondorioz, eta ikasturtearen hasieran gaudela, Nafarroako Gobernuak beharrezkotzat jo du "normaltasun berria" izeneko dekretua, ekainean onartutakoa, eguneratzea.

Halaber, kontseilariak azpimarratu du herritarrei zuhurtzia eta erantzukizuna eskatu nahi diela, kontuan izanik kutsatze gehienak familian eta ingurune sozialean gertatzen direla.

Muga berriekin batera, Nafarroako Gobernuak kasu posibleen dispositiboa indartu du: orain 168 profesional ditu, 58 pertsonako oinarriarekin (medikuak, erizainak, gizarte-langileak eta administrariak) eta beste 110 pertsonarekin, gehienak Lehen Arretako erizainak, zeregin horietara gehitzen direnak premien arabera.

Helburua da positibo bakoitzaren harreman estu guztiak 24 ordutan identifikatzea eta hurrengo egunean PCR proba egitea. Horretarako, dispositiboak astelehenetik igandera egiten du lan, goizez eta arratsaldez. Egunero, batez beste, 1.000 dei egiten dira.