Nafarroak kirofano hibrido bat izanen du kirurgia endobaskularrerako

Alokatu eta instalatzeko 3 milioi euro bideratuko dira

2020ko abuztuaren 26a

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki bat onetsi du, Nafarroako Ospitaletegiko Kirurgia Baskularreko Zerbitzurako ebakuntza-gela hibrido bat alokatu, instalatu eta egokitzeko, 2021-2028 ekitaldietan, 2.959.471 eurotan.

Ekipamendu berriarekin, NOGeko instalazioak teknika kirurgiko endobaskularren azken errekerimendu teknologikoetara egokituko dira. Teknika horiek gaixotasun kardiobaskularrak tratatzen dituzte odol-hodien barrualdetik. Nafarroan, urtean 600 bat prozedura arterial burutzen dira, eta horietatik %70 prozedura endobaskularraren bitartez jorratzen dira.

Ebakuntza-gela hibridoan irratidiagnostikoko irudiaren sistema aurreratuak daude, eta horiekin aldi berean egin daitezke prozedura diagnostikoak eta terapeutikoak. Instalazio berriari esker, gaixoei patologia osorik tratatzeko aukera ematen zaie, azken belaunaldiko irudi-teknologiak eta teknologia terapeutikoak izateagatik.

Robotizatuta dagoenez, ebakuntza-gela hibridoak zehaztapen handiagoa du, beste prestazio askoz gehiago izatearekin batera; beraz, denbora kirurgikoa laburragoa da. Modu horretan, ebakuntza gehiago egin ahal izango dira, eta, horrela, itxaro-zerrendak murriztu ahal izango dira. Instalazio berrian, gainera, erradiazio-denbora murrizten da gaixoarentzat zein profesionalentzat, eta aukera ematen du kontraste-dosiak ere murrizteko eta kontraste gisa CO2 erabiltzeko (ez da nefrotoxikoa).

Ekipamendu berria

Ebakuntza-gela hibridoa instalatzearekin, gela batean, bloke kirurgiko baten barruan, angiografia baskular digitaleko aparatu bat egongo da, aldi berean diagnostiko eta tratamendu endobaskularra zein kirurgiko irekia egiteko aukera ematen duena.

Ebakuntza-gela hibridoko ekipamendu medikoak azken belaunaldiko arku erradiologiko robotiko bat du, dagozkion osagaiekin: detektagailua, sorgailua, X izpien hodia, e.a. Sistemarekin integratuta, monitoreak daude miaketa-gelan nahiz kontrol-gelan; halaber, miaketa erradiotransparentaleko mahai bat prozedura endobaskular eta hibridoetarako, bistaratzeko eta prozesatu osteko estazio bat kontrol-gelan, edota ebakuntza-gelari funtzionaltasun osoa emateko bigarren mailako osagarriak: lanpara kirurgikoak, babesteko sistema ionizatzaileak, gasen hornidurarako dorrea, kirurgia-dorrea ultrasoinu intrabaskularreko sistema integratuarekin (IVUS), kontrasteko injektorea eta ecodoppler eramangarri bat.

Ebakuntza-gela instalatzeko, errentamendu-kontratua hautatu da, beste onuren artean, ezarritako epea amaitzean ekipamendua aldatzeko aukera ematen baitu. Modu horretan, teknologia eguneratzea bermatzen da, zehaztapen handiagoko eta gaixoarentzako aztarna txikiagoko prozedura medikoak ahalbidetzeko.