Nafarroako Gobernuak ikastaro bat antolatu du gazteak larrialdi egoeretan arreta ematen trebatzeko
Halaber, lurralde geografikoaren arriskuen eta Babes Zibileko funtzionamendu eta baliabideen ezagutzan trebatu nahi ditu
Asteartea, 2020ko Abuztuaren 25a
Ikastaroaren kartela.

Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren (INJ) bidez, prestakuntza-ikastaro bat antolatu du gazteentzat, oinarrizko larrialdi-egoeretan arreta emateko behar diren ezagutzak eta trebetasunak ikas ditzaten, bai eta Babes Zibileko baliabideen funtzionamendua ere, bereziki toki-eremuan.

Ikastaroak, prestakuntza emateko ardura duten Gurutze Gorriko langileen eta Eguesibarko Udalaren laguntza du. Ikastaroaren helburua da, halaber, lurralde geografikoaren arriskuak eta berotze globalaren ondorioak ezagutzea, hala nola uholdeak edo suteak, eta haietan nola jokatu jakitea.

Prestakuntza bi saiotan eta bi taldetan emanen da (12-14 urte eta 14-17 urte) eta Sarrigurenen irailaren 1ean eta 2an eginen da Sarrigurenen. Interesa duten gazteek 628 74 27 65 telefonoan eta juventud-gazteria@egues.es helbide elektronikoan eman dezakete izena.

Saioetan, ezagutza teorikoak eta larrialdietan nola jokatu eta arreta nola eman jakiteko trebetasunak emango zaizkie ikasleei, langile kualifikatuak iritsi arte (lehen sorospenetako teknikak barne), eta gertaerei erantzuteko baliabide publikoak ezagutuko dituzte, besteak beste. Halaber, berotze globalaren tokiko ondorioak eta uholde eta suteetan nola jokatu aztertuko da. Bi saioetan ikus-entzunezko materiala erabiliko da, eta hainbat agertoki eta mapa interaktibo erakutsiko dira.