Descárgate la app
Nafarroako enpresen lehiakortasuna hobetzeko milioi bat euroko ekarpena eginen du Gobernuak
2020ko abuztuaren 11a
Nafarroako enpresen lehiakortasuna hobetzeko milioi bat euroko ekarpena eginen du Gobernuak
Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak milioi bat euro jarriko ditu Nafarroako enpresek 2020an eta 2021ean lehiakortasuna hobetzeko proiektuak egin ditzaten.
Zenbateko osotik, Foru Gobernuak 400.000 euro bideratuko ditu enpresentzako laguntzetara, aurtengo Gastuen Aurrekontuaren kargura (2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitartean ezarritako proiektuetarako). Gainerakoa, 600.000 euro, 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko apirilaren 30era bitartean gauzatuko diren ekintzetarako bideratuko da, 2021eko Gastuen Aurrekontuen kontura.
Diru-laguntza hauen helburua da enpresek aholkularitza espezializatua bilatzea lehiakortasuna hobetzeko hainbat arlotan, hala nola estrategian, antolaketan, prozesuetan eta produktuan, ekonomia zirkularrean, merkatuan edo gizarte-berrikuntzan, edo lehiakideekiko eraginkortasuna sustatzen duen edozein arlotan.
Laguntza hauek jaso nahi dituzten enpresek bihartik, abuztuaren 12tik, irailaren 12ra bitartean aurkez ditzakete eskabideak, 2020ko urriaren 30ean amaitzen diren proiektuak badituzte. Proiektuak urriaren 30aren ondoren amaitzen badira, urriaren 12ra arteko epea dute eskabideak aurkezteko. Dokumentazioa telematikoki aurkeztu behar dute, Nafarroako Gobernuaren katalogoaren izapide-fitxaren bidez: www.navarra.es.
Diruz lagun daitezkeen gastu-motak
Diru-laguntzak gastuaren % 45ekoak izango dira gutxienez, eta gastuaren % 60raino iritsi ahal izango dira, gehienez 25.000 euro enpresa bakoitzeko, lehen sektorekoak izan ezik, horiek 15.000 euroraino jasoko baitituzte.
Gobernuak diruz lagunduko ditu hauetako kanpo-gastuak: aholkularitza, ingeniaritza eta negozio-eredua berritzeko inbertsioak, hausnarketa estrategikoak, kudeaketa aurreratuko sistemen edo antolaketa-eredu berrien ezarpena, enpresaren diagnostiko globalak, industria-diseinua, lean manufacturing, eta hornidura-katearen kudeaketa, besteak beste.
Ekonomia zirkularrarekin, merkatu berriei buruzko azterlan eta proiektuekin, enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetzarako akordioekin, familia-protokoloekin, interin management-ekin eta enpresen gizarte-berrikuntzako proiektuekin lotutako ekintzak garatzen ere lagunduko du Gobernuak.
Produktu edo zerbitzu berrien garapenak osasuna, ingurumena errespetatzea edo langileak berrikuntzan inplikatzea bezalako erronka sozialak konpontzen dituen heinean, enpresa-erakundeak eraginkorragoak eta lehiakorragoak bilakatzen dira.
Laguntza horien % 50 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatu ditzake, Nafarroako 2014-20 EGEF Programa Operatiboaren bidez.