2020ko abuztuaren 11a

Lehendakariak Iruñerriko alkateekin batera ebaluatu du koronavirusari aurre egiteko tokiko neurri murriztaileagoak hartzeko aukera

Chivitek iragarri du lanean ari direla arrastoen app-a egokitzeko, Nafarroan eraginkorra izan dadin
Lehendakariak Iruñerriko alkateekin batera ebaluatu du koronavirusari aurre egiteko tokiko neurri murriztaileagoak hartzeko aukera Irudi galeria

Maria Chivite Lehendakariak Nafarroako erdialdeko alkateekin batera aztertu du COVID-19ren hedapena geldiarazteko toki-mailako neurri murriztaileagoak praktikan jartzeko aukera, pandemiak abuztuan 800 positibo baino gehiago utzi baititu.

Maria Chivite Lehendakariak Nafarroako erdialdeko alkateekin batera aztertu du COVID-19ren hedapena geldiarazteko toki-mailako neurri murriztaileagoak praktikan jartzeko aukera, pandemiak abuztuan 800 positibo baino gehiago utzi baititu.

Nafarroako biztanleen %50 baino gehiago biltzen dituzten Iruñeko, eskualdeko eta inguruko haranetako herrietako hogeita hamar bat zinegotzik parte hartu dute bileran. Bertan; Lehendakariak nabarmendu duenez, Gobernuak "beharrezko neurri guztiak hartuko ditu, modu partzialean, osasun publikoa zaintzeko eta kutsatze gehiago saihesteko". Hala ere, ostalaritzako ordutegietan, aisialdi eta kirol espazioen irekieran edo itxieran eta baita botiloietan ere, komenigarritzat jotzen dituzten erabakiak hartzeko udalerriek duten autonomia gogorarazi du. "Erabakiak hartzeari beldurrik ez izateko eskatu diet, eta legeak ematen dizkigun tresnak erabiltzeko, gestiorik onena tokiko errealitatera egokitzen dena delako", adierazi du.

Ildo horretan, Chivitek azpimarratu du Foru Gobernuak babesa ematen diela erabaki horiei, eta tokiko erakundeekin koordinatuta lan egiten duela. "Laguntzeko gaude. Gobernuaren telefonoak zabalik daude edozein galdera, iritzi, kritika edo erabaki partekatuak hartzeko ". Lehendakariak azpimarratu du Udalek azken foru dekretuan arau babesa dutela neurri murriztaileagoak hartzeko. "Baina egia da kontu handiz jokatu behar dugula mahai gainean jartzen ditugun neurrietan, epaileak horietako batzuk beste autonomia erkidego batzuetan ezezten ari direlako. Erabakiek behar bezala justifikatuta eta bermatuta egon behar dute ikuspuntu epidemiologikotik ".

Enrique Maya Iruñeko alkatearen hitzetan, bilera "oso emankorra" izan da. Pandemiaren eta har zitzaketen neurrien aurrean udal ordezkariek zuten ardura ezkutatu gabe, Mayak eskertu egin ditu Lehendakariak udal eskumenei buruz emandako azalpenak eta elkarlanerako deia. "Iruñeak baliabide handiagoak dituen arren, udal guztiek ez dituzte baliabide berdinak arautzeko eta legeak egiteko. Horregatik, elkarlan hori eskatu dugu irtenbide partekatuetara, justifikatuetara eta jokoan dauden eskubideak kontuan hartzen dituztenetara iritsi ahal izateko. Dena asko neurtu behar da ", aitortu du.

Udalerri bakoitzari egokitutako neurriak

Lehendakariak erakundeen arteko koordinazioa sendotzearen eta ezberdintasun politikoak baztertzearen alde egin du, "Nafarren osasuna babesteko". Koordinazio hori egiteko, udalerri bakoitzari egokitutako neurriak hartu behar dira; izan ere, Nafarroako geografia osoan murrizketak orokortzeak norbanakoen eskubideekin talka egin dezake, behar besteko oinarri juridikorik ez badu. Etxeratze-aginduarekin gertatzen dena da, adibidez, Lehendakariak azaldu duen bezala, ez duela arau-babesik. "Ez dugu epaileek ezezten moduko erabakirik hartuko. Kontu handiz ibili behar dugu".

Udalerri bakoizari egokitutako neurri horien artean, Chivitek azpimarratu du udalerriek botiloiak debekatu ditzaketela, adibidez, "nahiz eta, batzuetan, kutsatze-guneak baratzeetan edo landa-etxoletan izaten diren, non eskumenik ez dugun eta norbanakoaren erantzukizunera jotzea baino ez zaigun geratzen".

10 eguneko koarentenak eta arrastoen app bat

Bilera Ziudadelako Armen Aretoan egin da, eta Osasun Departamentuaren zenbait erabaki ezagutzeko balio izan du, hala nola COVID-19 kasu positiboen kontaktu estuetarako jarraipen- eta isolamendu-aldia murriztea. Orain arte 14 eguneko epea eskatzen bazen, Osasun Departamentuak 10era murriztea proposatu du, betiere isolamendua amaitzean PCR proba bat eginez, pertsonak negatiboa eman duela baieztatzeko.

Era berean, Nafarroa kontaktuak bilatzeko Estatuak garatu duen aplikazio egokitzen ari da, Lehen Mailako Arretako sistemara egokitzeko. Helburua, Chivitek iragarri duenez, abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran eskuragarri egotea da.