Herritarren eta gizartearen erresilientzia-gaitasuna handitzea da Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak uda honetan online antolatzen dituen bi jardueraren helburua.
Modu horretan, Nafarroa Suspertu Planaren barruan, helduentzako online tailerra eta haurrentzako erakusketa birtuala programatu dira. Bi proposamenak gaurtik aurrera eskuragarri dira Zuzendaritza Nagusiaren web orrialdean.
Zehazki, “Balioetan oinarritutako erresilientzia” helduei zuzendutako online tailerraren helburua da gizartearen erresilientzia-gaitasuna sustatzea egungo egoeran, sekula ezagutu gabeko egoera baita, eta kontzeptu hori ezinbesteko tresna bihurtzen da ikaskuntzak ateratzeko; halaber, gainditze edo biziraupen hutsetik haratago, ikaskuntza horiek bizikidetzarako funtsezko balioetan oinarritzeko aukera dira; esate baterako, autokontzientzia, lankidetza edo iraunkortasuna.
Areté Activa enpresak dinamizatutako tailerrak gizarteari erresilientzia modu ireki eta eskuragarrian garatzen laguntzeko espazioa eta akonpainamendua eskaini nahi ditu, norbanakoaren eta gizartearen uste osoak berreraikitzea inoiz baino funtsezkoagoa den testuinguru eta aro honetan. Online tailerra doakoa da, eta uneoro zuzeneko komunikazioa eskaintzen du talde dinamizatzaileko bi gidarirekin. 10 urratsek osatzen dute, eta gutxi gorabehera ordu pare batean egin daiteke.
Bestalde, “Eskolarako bideak, nire historia, 11.ena” jarduera haurrei zuzendutako proposamena da; bertan, “Eskolarako bideak” erakusketa modu birtualean ezagutzea proposatzen zaie, eta, ondoren, eskolara joan ezin izan duten hilabeteetan Nafarroako haurrek izandako sentimenduak, sentsazioak eta zailtasunak panel batean lantzea.
Bideoan mundu osoko haurren 10 historia jaso dira, Sipa Press argazki-agentziaren “Eskolarako bideak” erakusketaren protagonistenak. Horrela, ikastetxera joateko dituzten esperientzia gogorrak ezagutzera animatzen ditu, bisita konfinamenduan zehar bizi izandako egoera pertsonalaren eta azken hilabeteetan ikastetxera joaterik izan ez denean sentitutako emozioen eta sentsazioen gaineko gogoetarekin amaitzea gonbidatzeaz gain. Zuzendaritza Nagusiak bideoak edo argazkien eta testuen konposizioak egitea proposatzen du eta helbide honetara bidaltzea: pazyconvivencia@navarra.es. Jasotako lan guztiak web orrialdean agertuko dira.