Descárgate la app
Chivite Lehendakariak adierazi du Nafarroa abiapuntu egokian dagoela Europako berreraikitze-funtsak jaso ahal izateko, konpromisoa baitu “inbertsio berdearekin eta digitalarekin”
2020ko uztailaren 31a
Chivite Lehendakariak adierazi du Nafarroa abiapuntu egokian dagoela Europako berreraikitze-funtsak jaso ahal izateko, konpromisoa baitu “inbertsio berdearekin eta digitalarekin”
Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Batzarrean María Chivite Nafarroako Lehendakariak adierazi du Foru Erkidegoak abiapuntu egokia duela Europako Next Generation berreraikitze-funtsak jaso ahal izateko, berrikuntza, digitalizazioa eta ingurumen-jasangarritasuna, baita trantsizio ekologikoa ere, Gobernua osatzeko akordioaren barneko helburuen artean bai baitzeuden, eta legegintzaldiko lehen urte honetan horiek erdiesteko urratsak egin izan baitira.
Lehendakariak Yusoko Monasterioan egin den XXI. batzarrean pare hartu du gaur, Errioxako Donemiliaga Kukula herrian. Bertan Espainiako Gobernua, Pedro Sánchez presidentea buru, eta Senatuko presidentea, Pilar Llop, autonomia-erkidegoetako presidenteekin bildu dira, bi gairi buruz jarduteko: COVID-19aren egoera eta Europako berreraikitze-funtsen balorazioa.
Funtsen eremuan jadanik prestaturiko proiektuak
Bere mintzaldian, Chivite Lehendakariak adierazi du “Nafarroak oinarri sendoak dituela, politika publikoen aldetik ez ezik ekimen pribatuarenetik ere, gizarteak konpromisoa baitu berrikuntza, digitalizazioa, jasangarritasuna eta trantsizio ekologikoa funtsezko ardatzak izan daitezen gure garapen sozial eta ekonomikorako ereduan, etorkizunerako eredu sendo batean”.
Chivitek esan du Nafarroak filosofia horrekin bat egiten duten hainbat proiektu dituela prest, eta beste batzuk jadanik abian, eta iragarri du Gobernuak, ekimen pribatuarekin batera, lehenbailehen osatu eta izapidetuko dituela Europako finantzazioa jasotzeko ekimen horiek, “funtsak euskarri garrantzitsuak izango baitira Erkidegoa suspertzeko”, adierazi duenez.
Ildo beretik, Lehendakariak azaldu du bihar, larunbatarekin, Reactivar Navarra / Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana onartuko dela. Plan horrek Europako estrategiarekin bat egiten du, “eta horregatik –esan du– epeak eta lehentasunak bateratu ditugu, Europar Batasuna ematen ari zaigun aukera historiko hau ez galtzeko”.
COVID-19aren egoera
Beste alde batetik, COVID-19az den bezainbatean, Nafarroako egoera azaltzeaz gain, Lehendakariak jarrera kritikoa agertu du balio kualitatiboan sakontzen ez duten datuen interpretazioei buruz. “Biztanleko kasu gehiago ditugu detektaturik –azpimarratu du–, bestela azaleratuko ez liratekeen sintomarik gabeko pertsonak bilatu, arrastoari jarraitu eta aurkitzen ditugulako”.
Hori dela eta, “bidegabea” iruditzen zaio zabaltzen ari den Foru Erkidegoko egoeraren irudi “desitxuratua”, eta eskatu egin du komunikazioak, baita diplomatikoak ere, benetako irudi bat izan dezala oinarri, ez kuantitatiboki soilik, baita kualitatiboki ere, “ez baita zigortu behar gauzak ongi egiten dituena”.
“Gure irudia eta gure izen ona defendatuko ditugu –jarraitu du–, eta horretarako ezagutarazi eta babestu eginen dugu profesional ugari, ahalegin handiz eta baliabide publikoak behar bezain oparo erabiliz, kasuak azkar detektatzeko eta isolatzeko egiten ari diren lan gogor, sakon eta saiatua, helburu izanik arreta bermatzea, bai asistentziaren ikuspuntutik bai prebentzioarenetik ere”.