2020ko uztailaren 22a

Nafarroako Gobernuak 25.000 euroko laguntzak eman dizkie toki eta gizarte erakundeei, 2020an mugaz gaindiko eta Europako lankidetza bultzatzeko

Helburua da COVID-19k lan-egoeran eta enpresa-sarean muga-eremuetan izan dituen ondorioak murriztu

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 25.000 euro bideratuko ditu Foru Komunitateko toki-erakundeetara eta irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakundeetara, 2020an mugaz gaindiko eta Europako lankidetza-jarduerak bultza ditzaten.

Gaur NAOn argitaratu diren laguntzen helburu nagusia da COVID-19ak mugako eremuetan lan-egoeran eta enpresa-ehunean izan dituen efektuak gutxitzea. Leku horietako merkataritzak eta turismoak kanpoko jendea erakartzen du, eta bisitari-kopuru hori nabarmen jaitsi da denboraldi luze honetan zehar.

Diru-laguntza horien bitartez, Foru Exekutiboa mugaren bi alboetako herritarren mugikortasuna bultzatzen ahaleginduko da, esperientziak trukatzeko eta arazoei elkarrekin irtenbideak bilatzeko jardueren bitartez, eragozpenak, hots, oztopo administratiboak edo bestelakoak, identifikatuaz, eta, azken finean, mugaz gaindiko sare iraunkorrak finkatzearren.

Horrez gain, Pirinio Atlantikoetako frantses Departamentuan bazkideak dituzten mugaz haraindiko proiektuak finantzatzea aurreikusten da. Lan horien gaiak askotarikoak izan daitezke mugaz haraindiko sareak finkatze aldera; hala nola, kultura eta kirol arloko ekitaldiak, gazteak eta hezitzaileak trukatzea oro har, mugaz haraindiko esperientziak hedatzeko ekitaldiak, azoka turistikoetan edo komertzialetan parte hartzea, edo mugaz haraindiko eragozpenak detektatzeko azterketak, besteak beste.

Laguntza horiek eskuratu nahi dituzten Nafarroako toki-erakundeek eta erakunde sozialek eskaerak telematikoki aurkez ditzakete fitxa honen bitartez, bihartik, uztailaren 23tik (osteguna) hasi eta irailaren 2ra bitarte, hori barne.