Nafarroako Gobernuak eraberritutako etxebizitza bat jarri du Paris 365 Fundazioaren eskura Europako gazte boluntarioak hartzeko

Aierdi bigarren lehendakariordeak eta Patxi Lasak, erakunde solidarioko lehendakariak, Iruñeko Alde Zaharreko etxea bisitatu dute
2020ko uztailaren 21a
videocam El Gobierno de Navarra facilita a la Fundación París 365 una vivienda rehabilitada collections Irudi galeria

El Gobierno de Navarra facilita a la Fundación París 365 una vivienda rehabilitada

Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsa sozietate publikoaren bitartez, Gizakia Herritar / Paris 365 Fundazioaren eskura jarri du Iruñeko Alde Zaharrean eraberritutako etxebizitza bat. Bertan ostatu hartuko dute Erasmus+ programaren baitan Fundazioak antolatzen dituen ekitnzetan parte hartzen duten Europako gazte boluntarioek. 

Gaur goizean, José María Aierdi bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak, Patxi Lasa París 365 Fundazioko presidentearekin batera, bisita egin dio heldu diren egunetan lehen maizterrak (lau pertsona, gehienez ere) hartuko dituen etxeari, nafar hiriburuko Kale Nagusian.    

Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Myriam Gómez fundazioko kudeatzaileak; Rosa Oteiza Foru Gobernuko Erasmus+ programaren arduradunak; eta Berta Úriz Nasuvinsako Etxebizitza arloko zuzendariak.

Foru Gobernuak maileguan utziko dio etxebizitza París 365 Fundazioari, hasiera batean 7 urterako; epe hori bertze bortz urtez luza liteke, tazituki. Lagatze-aldirako ezarri den ordainketa hileko 300 eurokoa  da, errentarako eta mantentze-kostuetarako.   

72.000 euroko inbertsioa

Nasuvinsak 72.000 euro inbertitu ditu orotara 97 metro koadroko azalera duen etxebizitza hori birgaitzeko. Banalekua, sukalde-egongela, bi logela eta bi bainu-gela ditu.  

Eraberritze-lanen artean, instalazio elektrikoa, saneamendu-sarea eta kalefakzio-zirkuitua osorik  berriztatu dira, eta ekipamendu berria instalatu da bi bainu-geletan. 

Gainera, energia-efizientzia handitu da, Nasuvinsak bere jarduketa guztietan erabiltzen duen protokoloari jarraikiz; hain zuzen, isolamendu-materialak ordeztu eta hobetu dira, eta zurezko elementuak berriztatu dira, zubi termikoa hautsirik. Sukaldeko altzarien erabateko hornidura ere egin da.    

Onuradunak

Etxebizitza horretan Europako hainbat herrialdetatik etorriko diren gazteak biziko dira. Gazteok boluntario arituko dira París 365 elkartasun-jangelan, París 365 Txokoan eta Garabato ikaskuntza-komunitatean, gizarte-baliabide horietarako laguntza- eta dinamizatze-lanak eginez. Lehen ostatua emanen zaie boluntariooi, hilabete bat eta biren arteko eperako, behin betiko bizitokia aurkitu arte.     

Halaber, eta antzeko epeetan, ostatua emanen zaie beren etxebizitzetara aldatu aitzin denbora-tarte hori behar duten París 365eko erabiltzaileei, baita berehala etxez aldatzeko behar diren izapideak burutzeko zain daudenei ere.    

Batez beste, Gizakia Herritar / París 365 Fundazioak Europatik datozen 6 boluntario hartzen ditu urtero, fundazioak Iruñean ematen dituen larrialdietarako baliabideekin kolaboratzeko, eta egonaldiak 7 eta 11 hilabetekoak izan ohi dira.

Gizarteratzea errazteko 128 etxebizitza

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, hainbat hitzarmenen bidez, gobernuz kanpokoak diren edo interes sozialeko izendapena duten 15 erakunde baino gehiagorekin duen lankidetza-programaren barnean dago ekimena; talde horiek etxebizitzak baliatzen dituzte kolektibo zaurgarrienak edota gizarte-bazterketa jasateko arriskua dutenak normalizatzeko eta gizarteratzeko. Hain zuzen ere, Foru Gobernuak, Nasuvinsaren bitartez, titularitate publikoko 128 etxebizitza ditu bideraturik xede horretara.

Bere bisitaldian, Aierdi bigarren lehendakariordeak nabarmendu du “zein garrantzitsua den etxebizitza, eskubide bat asebetetzeko ez ezik, gure gizarteko sektore zaurgarrienei laguntzeko proiektuetarako ere, haien gizarteratze-programetan funtsezko elementua baita etxebizitza”. 

Ildo beretik, adierazi du “Gobernuak jarraitu eginen duela  krisi ekonomikoaren ondorio larrienak jasaten dituztenekin lanean diharduten gizarte-arloko elkarteei laguntzen”, eta oroitarazi du ondorio horiek areagotu egin dituela COVID-19ak eraginiko gaur egungo osasun-larrialdiak.      

Kolektibo zaurgarrientzako baliabideak

Aierdi lehendakariordeak adierazi duenez, “baliabide publiko hauek eskainiz bereziki zaurgarriak diren kolektiboen premiak arintzeko asmoa dugu, bertzeak bertze etxegabeenak, etxegabetze-prozesuek eraginiko familienak, indarkeria matxistaren biktimak izan diren emakumeenak, errefuxiatu-familienak, lagundu gabeko atzerriko adingabekoenak, desgaitasun psikikoak dituztenenak, eta desintoxikazio-prozesua dauden eta arreta eta segimendua behar dituztenenak”.       

Bere aldetik, Gizakia Herritar /  París 365 Fundazioko presidente Patxi Lasak eskerrak eman dizkio Foru Gobernuari etxebizitza lagatzeagatik, eta erran du balioko duela “gizarte-entitate honek ematen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzeko, eta Europako bertze herrialde batzuetatik etortzen diren boluntario gazteen ikaskuntza-prozesua optimizatzeko”.

París 365, Europako Boluntario Zerbitzuari atxikitako fundazioa

Gizakia Herritar / París 365 Fundazioak 2010ean jaso zuen aitortza Europako Boluntario Zerbitzuaren barneko koordinazio-antolakunde gisa, Europar Batasunaren eremuan halako zereginetan lagundu nahi duten gazteak bidaltzeko zein hartzeko. Aitortza hartatik, Greziatik, Frantziatik, Irlandatik, Suediatik, Errumaniatik, Danimarkatik, Italiatik eta Hungariatik etorritako 19 pertsonak kolaboratu dute París 365ekin.    

Europako Boluntario Zerbitzua nazioarteko mugikortasun-programa bat da, 18 eta 30 urte bitarte duten eta Europar Batasuneko edozein herrialdetan interes sozialeko Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batean, antolakunde batean edo elkarte batean 2 eta 12 hilabete bitarteko boluntariotza-proiektuetan jardun nahi duten gazteei zuzendua. Irakaskuntza eta gaitasunen garapena eskaintzen ditu hezkuntza ez-formalaren eremuan, eta balorazioa YouthPass europar egiaztagiriaren bidez egiten da.

Europako Boluntariotzari atxikitako elkarteen jarduera-eremuetako bat gizarte-arloa da, eta horren barnekoa da Parísen 365en aktibitatea. Horrez gain, bertze arlo batzuk ere jorratzen ditu programak: artistikoa, bazterketa jasateko arriskua dutenei arreta, gazte-mailako edo Europako informazioa, ingurumena, kultura eta komunikabideak, bertzeak bertze.