Landa Garapenak eta hamabi entitatek lankidetza-akordioa sinatu dute Nafarroako nekazaritzako elikagaiak sustatzeko, COVID-19a dela eta

Landa Garapenak eta hamabi entitatek lankidetza-akordioa sinatu dute Nafarroako nekazaritzako elikagaiak sustatzeko, COVID-19a dela eta

Lehentasuna emanen zaie gaztari, ardoari, behi- eta ardi-haragiari eta barazki freskoei, kaltetuenak izan baitira, eta akordioari atxikitako establezimenduetan nabarmendu eginen dira

2020/06/23
Landa Garapenak eta hamabi entitatek lankidetza-akordioa sinatu dute Nafarroako nekazaritzako elikagaiak sustatzeko, COVID-19a dela eta

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamenduak eta Foru Erkidegoan nekazaritzako elikagaien komertzializazioan diharduten hamabi entitatetako ordezkariek produktu horiek sustatzeko akordioa izenpetu dute gaur goizean, COVID-19ak eragindako egoera dela eta. Hain zuzen ere, kaltetuenei emanen zaie lehentasuna: gazta, ardoa, behi- eta ardi-haragia eta barazki freskoak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamenduak eta Foru Erkidegoan nekazaritzako elikagaien komertzializazioan diharduten hamabi entitatetako ordezkariek produktu horiek sustatzeko akordioa izenpetu dute gaur goizean, COVID-19ak eragindako egoera dela eta. Hain zuzen ere, kaltetuenei emanen zaie lehentasuna: gazta, ardoa, behi- eta ardi-haragia eta barazki freskoak.

Nafarroako Gobernuaren aldetik Itziar Gómez kontseilariak izenpetu du akordioa. Gainerako sinatzaileak hauek dira: David Gil (Alcampo), Inés Méndez (BM Supermerkatuak), Juan Francisco Trillo (Carrefour), Javier Galdós (El Corte Inglés / Hipercor), José Antonio Yela (Eroski), Philippe Gruau (Leclerc), Inma Elcano (Nafarroako Merkatari Elkartea), Juan Carlos Mañu (Harakinen Gremioa), Ana Beriain (Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkartea –AEHN-), María Ángeles Rodríguez (Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkartea), Ignacio Idoate (Erresumako Jatetxeen Elkartea), eta Natalia Bellostas, INTIA enpresa publikoko zuzendari kudeatzailea.

Akordioak dioenez, “ahalegina egin izanagatik ere, zenbait ekoizpenen salmentak gutxitu egin dira HORECA (ostalaritza, sukaldaritza eta kafetegiek) kanalak eta merkaturatze-zirkuitu laburrek (tokiko merkatuak, ustiategian eginiko salmenta, etab.) behera egitearen ondorioz, eta beraz, aterabidea eman behar zaio ekoizpen-sektoreari, elikagaien kateko begi ahulenari, berebiziko kaltea jasan ez dezan”.  

Akordioari jarraikiz, merkaturatzaile guztiek konpromisoa hartu dute Nafarroako nekazaritzako elikadura-produktuak eta tokiko hornitzaileak ezagutarazteko, sustapen- eta sendotze-ekintzen bidez, “Etxean jaten dugu / Etxekoa jaten dugu” kanpaina instituzionalaren ildotik.

Akordioa 2020. urtean egonen da indarrean, baina urtez urte luzatzeko aukera izanen da sinatzaileak ados jarriz gero. 

Saltoki handiak, komertzio txikia, ostalaritzaren sektorea eta Reyno Gourmet

Saltoki handiez den bezainbatean, sinatzaileen konpromisoa produktu horiek gehiago erostea da, txandakatzea eta salmenta hobetu ditzakeen bertze edozein neurri ere ezarririk. Horretarako beren guneak erabiliko dituzte, ahal bada saltokien sarreran, bertze sail eta erakustokietan aurkitu daitekeena iragarriz. Tokiko produktuei buruzko bi kanpaina monografiko ere eginen dira urtero. 

Merkatari txikiek ere, Nafarroako Merkatari Elkarteak ordezkaturik, akordioaren oinarrizko printzipioak betetzeko konpromisoa hartu dute, ostalaritzaren sektoreak bezala. Bigarenak, gainera, bertze konpromiso bat erantsi du: ekitaldiak antolatzea, elikadura-markak ez ezik ardoenak eta alkohol-graduazio handiko edarienak ere sustatzeko, bertzeak bertze.   

Gainera, akordioren bidez sinatzaileek konpromisoa hartu dute beren establezimenduen bitartez Reyno Gourmet markarekin lan egiten duten edo etorkizunean hala egin dezaketen nafar hornitzaileei babesa emateko. Markaren konpromisoa adosten diren sustapen-kanpainen gastuak beren gain hartzea eta behar diren informazioa, trebakuntza eta zabalkundea ematen laguntzea da.

Ildo horretan, oroitarazi beharra dago Foru Erkidegoaren kalitate-ziurtagiria duten nekazaritzako elikadura-produktuei babesa emateko asmoz Nafarroako Gobernuak 2007an sorturiko marka dela Reyno Gourmet. Haren helburua kalitatezko ekoizpenei eta Nafarroako jatorriari (bai jatorrizko izendapena -JI- bai indikazio geografiko babestua -IGB-) loturiko baloreak transmititzea da, baita ere tokiko produktuak, artisautzazkoak eta autoktonoak, haien kontrola eta egiaztagiria, landa-ekonomia, lurralde-oreka, karbono-aztarna eta jasangarritasuna, bertzeak bertze. Reyno Gourmeten sustatzailea eta kudeatzailea INTIA da (Nafarroako Teknologien eta Nekazaritzako Elikagaien Azpiegituren Institutua, Elkarte Anonimoa), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erakunde instrumentala.