Nafarroako Gobernuak aparteko neurri sozial eta ekonomikoen seigarren sorta onartu du COVID-19ren ondorioei aurre egiteko
Foru lege dekretu berriak zerga arloko neurriak jaso ditu, errepide bidezko bidaiarien garraiorako edo kultur sektoreko langile autonomoentzat
Asteazkena, 2020ko Ekainaren 17a
Elma Saiz

Nafarroako Gobernuak seigarren Ley-Foru Dekretua onartu du gaurko bilkuran, eta COVID-19ren pandemiaren ondorioen aurkako neurri sorta jasotzen du, biztanleriaren eta sare ekonomikoaren hainbat sektoreren mesedetan.

Zerga-arloan, FLDak kontziliazioaren, digitalizazioaren eta fiskalitate berdearen aldeko neurriak jasotzen ditu.

Kontziliazioaren aldeko neurriei dagokienean, 2020ko PFEZerako kenkaria %25etik %100era igotzea onartu da, etxeko langileak kontratatzeko, ondorengoak, aurrekoak, bestelako ahaideak eta desgaitasuna duten pertsonak zaintzeko.

Digitalizazioa bultzatzeari dagokionez, enpresa-arloko jarduerak eta jarduera profesionalak garatzen dituzten enpresa txikien eta pertsonen eraldaketa digitala bultzatzeko helburuarekin, %30eko kenkaria izango da Sozietateen gaineko Zergan, edo, hala badagokio, PFEZean, enpresaren eraldaketa digitalerako eta merkataritza elektronikoa ezartzeko 2020an egindako gastu eta inbertsioen gainean. Neurri horrek 5.000 euroko muga izango du kenkari-oinarrian.

Gainera, fiskalitate berdeari erreparatuta, FLDan kenkari-muga kentzen da energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioen kasuan. Modu horretan, era horretako instalazioetan egindako inbertsioen gainean jada dagoen kenkaria, Sozietateen gaineko Zergan nahiz PFEZn, 2020ko zergalditik aurrera aplikatuko da, kuota likidoaren %25eko mugaren loturarik gabe.

Epe fiskalak

Halaber, arlo fiskalean, Foru Lege Dekretuan, iruzurraren aurkako borrokari buruzko neurriak jasotzen dira; esate baterako, zordunen zerrenda argitaratzeko epea urriaren 1era arte luzatzea edo ikuskapenetan eta beste tributu-prozedura batzuetan bideokonferentzia bidez jarduerak arautzeko gaikuntza.

Bestalde, zerga-arloan jarraituz, Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena egiteko epea amaitu aurretik urteko kontuak onartzerik izan ez duten sozietateek aitorpen bat aurkeztu beharko dute une horretan dituzten urteko kontuekin. Ondoren, urteko kontu horiek onartutakoan, beste aitorpen bat aurkeztu beharko da, beranduenera ere 2020ko azaroaren 30a baino lehen, aurretik aurkeztutakoa osatzen duena, atzerapen-interesik eta epez kanpo aurkezteagatiko errekargurik aplikatu gabe.

Azkenik, FLDan, Fundazioen kontuak aurkezteko epeari, elektrizitatearen, gas naturalaren eta petroliotik eratorritako produktuen fakturak eteteari eta osasun-langileentzako doako aseguru kolektiboari buruzko bestelako gai fiskalak jasotzen dira. Azken neurri hori dela-eta, salbuetsita geratuko dira PFEZ eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergan, osasun-langileek COVID-19aren bidezko gaixotasun eta heriotza kontingentziengatik jasotako prestazioak, aseguru-erakundeek, Erakunde Aseguratzaileen eta Berraseguratzaileen Espainiako Batasunaren bidez (UNESPA), talde horrentzat sinatutako doako aseguru kolektibotik eratorriak.

2 milioi euro errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraiorako

Garraioari dagokionean, Foru Exekutiboak 2 milioi euro jartzea onartu du alarma-egoera indarrean izan den bitartean errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraioaren sektoreak izandako defizita konpentsatzeko. Zerbitzu horiek funtsezkoak izanik, %95 inguruko jaitsiera izan dute aldi horretan.

Garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresentzako konpentsazio ekonomikoa ezarri da herritarrek zerbitzua gutxiago erabili behar izan dutelako mugikortasunaren aurreko mugen aurrean eta, ondorioz, diru-sarreren ezohiko murrizketa gertatu delako, eta, baita ere, erabiltzaileen artean behar bezalako tartea mantentzeko ibilgailuen okupazioaren inguruan ezarritako murrizketengatik. Modu berean, kontuan hartu dira ibilgailuak egunero desinfektatzeko izan dituzten kostu handiagoak.

Gogoratu behar da, azken hiru hilabeteetan zehar, COVID-19ari eusteko, muga garrantzitsuak ezarri direla pertsonen zirkulazioari dagokionean. Ondorioz, Nafarroako Gobernuko Garraioen Zuzendaritza Nagusia pixkanaka murrizten joan zen errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraio-zerbitzuak, herritarrei beren lanpostuetara eta oinarrizko zerbitzuetara joan ahal izatea bermatuaz.

Kultur sektoreko autonomoentzako neurriak

Foru Lege Dekretuan, kultur sektoreko jarduera profesionalen garapenean aldizkakotasuna onartzen duen neurri bat jasotzen da. Nafarroako JEZen, Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean edo gizarte-aurreikuspeneko mutualitate batean martxoaren 14an alarma-egoera deklaratu zenean edo geroago alta eman gabe zeuden langile autonomoek 700 edo 800 euroko laguntza eskuratu ahal izango dute fakturazioa murrizteagatik, betiere gutxienez 4 hilabetetz edo 120 egunez alta emanda egon badira alarma-egoera deklaratu aurreko hamabi hilabeteetan.

Zehazki, 2009ko EJSNren kode hauetako langileak dira: 5912 (postprodukzio zinematografikoko, bideoko eta telebista-programetako jarduerak), 5915 (produkzio zinematografikoko eta bideoko jarduerak), 5916 (telebista-programetako produkzioen jarduerak), 5920 (soinu-grabaketa eta musika-edizioko jarduerak) eta 9001 eta 9004 artekoak, biak barne (arte eszenikoak, arte eszenikoen jarduera osagarriak, arte eta literatura sormena, eta ikuskizun-aretoen kudeaketa).

 

Elma Saiz
Ezkerretik ezkuinera: Bernardo Ciriza, Javier Remírez eta Elma Saiz