Descárgate la app
Akordioa Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan, pertsonak eta enpresak COVID-19ren krisiaren aurrean babesteko
2020ko ekainaren 16a
Akordioa Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan, pertsonak eta enpresak COVID-19ren krisiaren aurrean babesteko
Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak akordio bat lortu du gaur, pertsonak eta enpresak babesteko zein kontsumoa suspertzeko premiazko 13 neurri abian jartzeko, COVID-19 koronabirusak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko.
Neurriok Plan Reactivar Navarra / Nafarroa Suspertu 2020-2023 delakoan txertatuko dira. Lehenbiziko neurri-sorta horren ondotik, datozen hilabeteetan, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan adosturiko beste neurri batzuk ezarriko dira.
Adosturiko jarduketen artean enpleguari begirakoak nabarmentzen dira, besteak beste langileak kontratatzeko pizgarriak gehitzea, enplegu-erregulazioko espedientean daudenei Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %100 bederen jasoko dutela ziurtatzeko konpentsazioak eta ABEEEak abenduaren 31ra arte luzatzea, COVID-19ak gehien eragin dien sektoreetan bereziki.
Pertsonentzako beste babes-neurri batzuk ere izanen dira, hala nola etxeko langileen Gizarte Segurantzaren kuotetan %100eko kenkaria ezartzea, mendekotasuna dutenak etxean zaintzeko laguntzak %20 handitzea, familia eta lana bateratzeko neurriak areagotzea, eta kontsumoa bultzatzeko jarduketak egitea.
Enpresen likidezia sustatzeko, adostu da abalen lerroa 150 milioi eurora igotzea (kopurua handitu liteke, gerora), eta dirulaguntza-lerro bat sortzea instalazioak osasun-araudi berrira egokitzeko. Horrez gainera, Foru Administrazioak konpromisoa hartu du uztailaren 31 baino lehen ordaintzeko industria-arloko jardueretarako eta inbertsioetarako eta I+G+b-rako dirulaguntzak, baita izapidetze-epeak arintzeko ere. Sinatzaileek, halaber, Nafarroako azpiegitura-lan handiak bultzatzearen alde egin dute.
Gaur goizeko bileran Foru Gobernua ordezkatu dute María Chivite Nafarroako Lehendakariak; Manu Ayerdi Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilariak; Elma Saiz Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak; Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak; eta Javier Zubicoa Lan Zerbitzuko zuzendariak.
Nafarroako Enpresarioen Konfederazioaren (CEN) ordezkari, Juan Miguel Sucunza presidentea eta Carlos Fernández izan dira bileran. Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuaren aldetik, Jesús Santos idazkari nagusia eta Marisol Vicente. Eta Comisiones Obreras (CCOO) ordezkatuz, Chechu Rodríguez idazkari nagusia eta Alfredo Sanz.
Dirulaguntzen ordainketa
Akordioa dela medio, Foru Gobernuak konpromisoa hartu du ahal den heinean izapide administratiboak arintzeko: baimenak, obra eta zerbitzuetarako kontratuak, dirulaguntzak… Era berean, 2019ari dagozkion ordainketak Administrazioak uztailaren 31 baino lehen eginen dituela adostu da.
Dirulaguntzez den bezainbatean, nekazaritzako elikagaien industriako inbertsioetarako eta enpresen I+G+b proiektuetarako emateke dauden laguntzak uztailaren 31 baino lehen esleituko dira, eta industria-arloko enpresa txiki eta ertainen inbertsioetara bideraturikoak, irailaren 30a baino lehen.
Azpiegitura handietarako inbertsioen eremuan, berriz, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak “funtsezkotzat” jo du Nafarroarentzat berebiziko garrantzia duten obra handiak planifikatzen, diseinatzen eta gauzatzen jarraitzea.
Era berean, COVID-19ak eraginiko krisiaren ondorioei aurre egiteko, sinatzaileek azpimarratu dute beharrezkoa dela hasieran aurreikusiriko ekainaren 30eko dataren ondoren ere ABEEEak indarrean egotea, eta pandemiak gehien kalteturiko sektoreentzat abenduaren 31ra arte luzatzen ahal izatea espero dute.
Kontrataziorako pizgarriak
Pertsonak babesteko neurrien artean, gaur izenpetu den dokumentuan hainbat akordio daude kontratazioa sustatzeko pizgarriei buruz, enplegu-erregulazioko espedienteek eraginiko pertsonentzako ordain ekonomikoei buruz, eta lana eta familia bateratzeko dirulaguntzei buruz.
Zehazki, uztailaren 31rako, eta ekintza aurrez aztertu ondoren, konpromiso bat izatea aurreikusi da, ordain ekonomikoa ematen ahal izateko lanaldia eteteko edo murrizteko enplegu-erregulazioko espedientean egoteagatik Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) baino gutxiago jasotzen dutenei, enpresak soldataren %100era iristeko osagarririk ez ematen ondorioz.
Lana eta familia bateratzeaz den bezainbatean, erabaki da Gizarte Segurantzari ordainduriko kotizazioei dagokien gaur egungo %25eko kenkaria %100era igotzea etxeko langileen kasuan, eta seme-alabak, gurasoak, beste senide batzuk edo desgaitasuna duten pertsonak zaintzen dituztenean, 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arteko efektuarekin. Gainera, %20 handituko da Eskubide Sozialetako Kontseilariaren emaniko abenduaren 19ko 476/2018 Foru Aginduak arautzen dituen laguntzen zenbatekoa. Agindu horrek erregulatzen du mendekotasuna dutenak etxean geratzeko xedez zaintza-langile bat edo zerbitzu-enpresa bat kontratatzeko dirulaguntza.
Enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) likidezia
ETEak dira krisi ekonomikoak gogorren eragin dien eragileetako batzuk. Hori dela eta, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak abalen lerroa handitzea adostu du, elkarrekiko berme-sozietateen bitartez, gaur egun dauden 100 milioi euroetatik 150 milioira; kopuru hori gerora ere handitu liteke. Horren xedea da sektore guztietako ETEek eskuratzen ahal izatea abal horiek, arrisku-irizpideak arintzen saiaturik. Gainera, 2020. urterako maileguen amortizazioetan gabezia sustatuko da.
Horri guztiari ETEentzako laguntza-lerro bat gehituko zaio, osasun-krisiaren ondoriozko araudi berria betetzeko instalazioak egokitu beharra dela eta. Garapen Ekonomikoko departamentuak prebentzioagatik makineria egokitzeko eginiko dirulaguntza-deialdiaren barnean izanen da lerro hori.
Kontsumoari bultzada
Kontsumoari dagokionez, Nafarroa sustatzeko plan bat diseinatzea aurreikusi da. Gure Erkidegoaren balore bereizgarriak zabaltzea eta tokian tokiko zerbitzu eta produktuen kontsumoa suspertzea dira plan horren xedeak.