Kulturak 3,43 milioi euro bideratuko ditu COVID-19aren egoera berrira egokitutako dirulaguntza deialdietan

Aldatutako dirulaguntzak tokiko entitate, profesional, enpresa zein hirugarren sektoreko entitateei daude zuzenduak eta gainera beste 500.000 euro bideratuko dira egokitu behar izan ez diren beste laguntzetan
2020ko ekainaren 10a

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak COVID-19aren osasun krisiak eragindako behar eta egoerari erantzuna emateko kultur sektoreari zuzendutako dirulaguntzak egokitu ditu. Guztira, modalitate ezberdinetarako, 3.435.000 euro bideratuko ditu egokitutako laguntzetara, 2020ko aurrekontuetan aurreikusitako zifra baino 137.000 euro gehiago. Gainera, 515.000 euro bideratuko dira Departamentuak bultzatutako beste dirulaguntza deialdietara; azken horiek ez dute aldaketarik izan.

Kultura eta Kirol Departamentuak aldaketa horiek egin ditu aurtengorako aurreikusitako laguntzen deialdietan, alarma-egoera aitortu zenetik garatutako bideokonferentzietan eta lan-mahaietan kultur eragileek aurkeztutako premiei erantzuna ematearren.

Onartutako deialdi guztiak (batzuk jada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta daude, eta gainerakoak laster argitaratuko dira), Kulturaren Zuzendaritza Nagusiaren web gunean kontsulta daitezke:  http://www.culturanavarra.es/eu/deialdiak.

Aldatutako laguntzak nahiz aldatu gabeak diziplina artistiko guztientzat dira; hala nola, ikus-entzunezko sektorea, arte eszenikoak, ondarea, musika, artxiboak, e.a. Sektore bakoitzean ondorengo aldaketak egin dira:

Ikus-entzunezkoak

Ikus-entzunezko sektoreari bideratutako laguntza-lerro ezberdinak, COVID-19aren inpaktua dela-eta aldatuak izan direnak, Generazinemaren deialdian biltzen dira, eta, horretarako, 620.000 euroko esleipena aurreikusi da.

Modu horretan, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko baliabideak mobilizatu dira –207.000 euro gehiago 2019an baino– ekoizpenetik. Horrez gain, garapenerako diru-laguntza hainbat urtetarakoa izango da, beharrezko aurretiko finantzaketaren zatia jaitsiko da, eta diruz lagundu daitezkeen gastu berriak sartuko dira.

Generazinema Ekoizpenak, halaber, beharrezko aurretiko finantzaketa jaitsiko du %20tik %15era, eta aurrekontu baxuko film luzeetarako laguntzen modalitate berria sartuko da.

Nafarroan 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarte egiten diren zinema-jaialdiak eta -lehiaketak antolatzeko enpresei eta profesionalei ematen zaizkien laguntzek, berrikuntza gisa, on line egiteko aukera izango dute; aldiz, amaitutako edo ekoizpen-fase aurreratuan dauden pelikulak sustatzeko eta hedatzeko ekintzak egiteko laguntzetan, salmenta-agenteekiko, ekoizpen-etxeekiko, telebista-operadoreekiko edo OTT zerbitzuekiko konexioa eta komunikazioa errazteko diseinatutako plataforma edo app tasen gastuak jasotzen dira.

Gainera, 20.000 euroko deialdi berria sortu da bi urtetik beherako antzinatasuna duten film europarren eta iberoamerikarren kopiak eskuratzeko enpresa zinematografikoentzako laguntzak arautzeko.

Edizioa eta prestakuntza

Edizioko profesionalentzako laguntzak hasiera batean aurreikusitako 60.000 eurotik 110.000 eurora igaro dira, eta editorial bakoitzeko 8.000 euroko muga ere kendu egin da.

Kanpoan ikasketa artistikoak gehitzeko laguntzei dagokienean –Ágorart, 191.000 euroko gastua 2020an–, beste berrikuntzen artean, honako hauek aurkitzen dira: irizpide ekonomikoak eta akademikoak egokitzea, ebaluazio ez presentziala eta matrikula aurrez ordaintzeko eskaera.

Arte eszenikoetako profesionalak

Arte eszeniko eta musikaletako jarduerak ekoizteko enpresentzako eta profesionalentzako laguntzak eta jaialdiak, lehiaketak eta birak antolatzeko laguntzak –Artem Pro, Artem Festival eta Artem Exporta– guztira 373.000 eurokoak dira. Artem Pro-ren kasuan, diru-laguntzaren partida %25 gehitu da; hots, 230.000 eurotik 292.000 eurora.

Deialdi horietan egindako aldaketen artean, onartutako gehieneko zenbatekoa eta portzentajea gehitu dira, 2021eko martxoaren 31 baino lehen estreinatzeko aukera ere jarri da, hainbanaketa kendu da, osasun-materialak eta onuradunen babeserako materiala erostea bezalako gastuentzako diru-laguntza jarri da, %50era bitarteko aurrerakinaren eskaera onartzen da edo zeharkako gastuak %20ra bitarte gehitu dira.

Arte eszenikoetako eta ikus-entzunezkoetako elkarte profesionalei zuzendutako diru-laguntzan, halaber, hainbanaketa kendu da, eta emandakoaren erdiaren aurrerakina eska daiteke. Era berean, sormen-lantegietarako diru-laguntzan aldaketak egin dira; esate baterako, diru-laguntza izan dezaketen gastu berriak sartu edo proiektu bakoitzeko onartutako zenbatekoa handitu da.

Hirugarren sektorea

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak 865.000 euro jarriko ditu arte eszenikoen eta musikalen produkzio eta/edo programazio proiektuak egiteko helburua duten diru-laguntzetarako, betiere elkarte-eremuan egiten badira.

Artem +50K deialdiak, 50.000 eurotik gorako proiektuetarako, laguntzaren portzentajea onartutako aurrekontuaren %80raino igo du, eta zenbatekoa 80.000 eurokoa izango da; hainbanaketa kendu egin da, %50era bitarteko aurrerakinak eska daitezke; horrez gain, diruz lagun daitezkeen gastutzat hartzen dira jarduerak zabaltzea, digitalizatzea eta merkaturatzea, eta babesteko osasun-materiala erosteko gastuak; azkenik, diru-laguntza izan dezaketen zeharkako kostuak handitu dira, %15etik %25era.

Berrikuntza horiek aplikatuko dira, halaber, 50.000 eurotik beherako proiektuen deialdiaren kasuan – Artem -50K–, eta, horrela, proiektu bakoitzeko gehienez onartutako zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.

Ildo berean kokatzen da Ideia, kultur hedapeneko proiektuak gauzatzeko erakundeentzako diru-laguntzen deialdia, guztira 140.000 euro dituena.

Bi laguntza-lerro toki-erakundeentzat

Nafarroako toki-erakundek bi laguntza-lerrora aurkez daitezke: Arte eta Kultura eta Udal Platea;  laguntza horiek jarduera artistikoak eta kulturalak egiteko eta udal-guneetan arte eszeniko eta musikal profesionalak programatzeko diru-laguntza ematen dute. Zenbateko osoa 1.209.000 eurokoa da.

Bi deialdietako aldaketak honako hauek dira: jarduerak egiteko epea luzatzea eta justifikatzea; programazio-egunak gehitzea; Nafarroako sortzaileen jarduerak sustatzeko baremoak aldatzea; aire zabaleko jarduerak egiteko, babes-materiala erosteko eta sentsibilizazio-kanpainak egiteko gastuak onartzea; edo gehieneko laguntzaren portzentajea handitzea.

Kulturako gainerako laguntzak

Horrez gain, badira oinarrietan aldaketarik izan ez duten deialdiak eta guztira 515.000 euroko zenbatekoa dutenak. Deialdi horien artean ondorengoak sartzen dira: ediziorako laguntza-lerroak irabazi asmorik gabeko erakundeentzat; toki-erakundeei zuzendutakoak, ondare arkeologikoan eta paleontologikoan esku hartzeko nahiz udal-artxiboak diruz laguntzeko; irabazi asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak, kultur ondare inmaterialeko proiektuak gauzatzeko –Sustraiak–; Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak kudeatutako arte plastikoen, ikusmen-arteen eta berrikuntzakoen proiektuak; eta museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan funtzionamendurako, jardueretarako eta inbertsioak egiteko direnak.