Nafarroako Gobernuak tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko kanpaina bat abiarazi du Nafarroa Suspertu planaren barruan
Ayerdi kontseilariak Denda txikietan erosten duzunean, argiak pizturik jarraitzen du leloa daraman kanpaina aurkeztu du
Astelehena, 2020ko Maiatzaren 25a
Presentación de la campaña de comercio 'Homenaje a la luz'.

Manu Ayerdi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, gaur goizean aurkeztu du “Argiari egindako omenaldia” kanpaina, herriko merkataritza txikiaren alde, COVID-19ko pandemiak kontsumoan izan dituen eraginen ondoren. Auzoko establezimenduetan erosketa sustatu nahi duen ekimen honetarako, Denda txikietan erosten duzunean, argiak pizturik jarraitzen du da aukeratutako leloa.

Hain zuzen ere, mezua helarazteko xedez, Ayerdi kontseilaria Iruñeko La Milagrosa auzoko merkataritza-lokal batera joan da, baina kanpainaren aurkezpena ia ikuslerik eta hedabiderik gabe egin behar izan da, gaur egungo osasun-krisiak eragindako egoera dela eta. Han izan dira Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusi Maitena Ezkutari; Felipe Saragueta, Denok Bat elkartearen ordezkaria; eta Inma Elcano, Nafarroako Merkatari Elkartearen ordezkaria.

Sektoreko ordezkarien aitzinean, kontseilariak oroitarazi du Nafarroako saltokien bi herenek ateak itxi egin behar izan dituztela konfinamenduak iraun zuen bitartean, eta horrek arrisku-egoeran utzi dituela negozio aunitz. “Deseskalatze-fasean gauden arren, eta saltokiak pixkanaka-pixkanaka irekitzen ari diren arren, egoera orokorrak, kontsumitzaileen aldarteak eta ezinbesteko osasun-neurriek normaltasunera itzultzea moteltzen dute, eta salmenta-bolumenari eragiten diote”, azpimarratu du Ayerdik.    

Horregatik guztiagatik, herritarrei dei egin die gertuko saltokiei “gure fideltasuna agertzera”. “Ez ditzagun alde batera utz”, adierazi du. Are gehiago gogoan izanik haietako aunitzek, pandemiari aurre egiteko, beren zerbitzuak egokitu eta pertsonalizatu dituztela bizilagunen beharrak asetzeko, eta bereziki zaurgarrienenak. Bertzeak bertze, askok online erostea eta etxez etxeko bidalketa erraztu dituzte, eta Foru Gobernuak kontsumitzaileei zerbitzu horietara iristea errazteko xedez sortutako datu-basean sartu dira. Gainera, lehentasuna eman diete arrisku-egoeran zeuden herritarrei, eta erabateko zorroztasunez bete dituzte osasun- eta higiene-neurriak. “Lan handia egin dute, eta iritsi da unea hori aitortzeko eta eskertzeko”, esan du kontseilariak.

Bere aldetik, Inma Elcanok, Nafarroako Merkatari Elkartearen ordezkariak,  azpimarratu egin du sektoreak Nafarroako Saltokiak marka sortzeko prozesuari eginiko ekarpena, eta adierazi du krisi honetatik ateratzeko denon erantzukizuna  eta elkarlana beharrezkoak izanen direla. Era berean, lankidetzari eta gertuko zerbitzuari dagokienez merkataritzak gizarteari eginiko ekarpenaren balioa nabarmendu du.

Bertze alde batetik, Felipe Saraguetak aipamena eskertu du, eta sortzen eta egituratzen ari diren lankidetza-saiakuntzen balioa aitortu du. Saiakuntza horien helburua, adierazi duenez, herritarrei eskaintzen zaien merkataritza-zerbitzua hobetzea eta eragileek batera jardutea da.

Kanpaina

‘Argiari egindako omenaldia’ kanpaina merkatarien elkarteek hautatu dute hiru proposamenen artetik; 60.000 euroko aurrekontua du, eta Franziska agentziak diseinatu du. Hedabideetan izanen da 2020an, nabarmenago ekainaren bukaera bitartean. Publizitatea sartuko da Nafarroan argitaratzen diren bi egunkarietan eta hedabide digital nagusietan, iragarkiak emanen dira irratietan eta telebistan, eta publizitate-kontratuak egin dira tokiko hamar aldizkari ingurutan; guzti-guztietan, herritarrei dei egiten zaie saltoki txikietan erostera. 

Publizitate-spot bat egin da, Elizondoko, Doneztebe/Santestebaneko eta Tuterako hamabortz komertzioren lankidetzarekin. Zehazki, honako establezimendu hauek hartu dute parte: Piko Piko Arropa Denda, Calzados Virgilio, Casa Ruiz Alimentación, Esarte harategia, Iris Loredenda, Ciaurriz urdaitegia, Quevedo burdindegia, Martín harategia, Ibarrola mertzeria, Ruiz okindegia, Alústiza Moda, Lozano bitxi-denda eta optika, Amimet paper-denda, Canela Moda eta Letras a la Taza liburu-denda.

Horrez gain, Nafarroako Saltokiak marka aurkezteko ere baliatuko da kanpaina. Foru Gobernuak sustatu du 'Zurekin kaleak bizirik' goiburua duen marka hori, Foru Erkidegoko merkatari-elkarteekin koordinaturik, eta Nafarroan Gertuko eta Txikizkako Merkataritza Sustatzeko 2018-2020 Planaren testuinguruan. Ken agentziak diseinatu du marka, eta haren asmoa txikizkako eta gertuko merkataritzari ikusgaitasuna ematea da, eta aldi berean babesa ematea Foru Erkidegoan hain garrantzi ekonomiko handia duen sektore horrek sortutako kanpainei. Aise identifikatzen den irudi baten bidez (marra sinplez eginiko giza itxurako marrazkia, bihotz gorri handia duen poltsa bat daramana), gertuko merkataritzaren balioak azpimarratu nahi dira, hala nola hurbiltasuna, konpromisoa, pertsonalizaturiko tratua, kalitatea eta espezializazioa.       

COVID-19 pandemiaren zabalkundea dela eta, ezagutzera eman gabe zegoen oraindik Nafarroako Saltokiak marka. “Iritsi da unea zuek ordezka zaitzan, baita gure gertuko merkataritza osoa ere”, azpimarratu du Manu Ayerdi kontseilariak. 

 

El consejero Manu Ayerdi, en la presentación de la campaña de comercio 'Homenaje a la luz'.