Laneko Osasunak 1.000 kartel baino gehiago banatu ditu Eraikuntzaren sektorean maskara eta eskularruak behar bezala jartzea sustatzeko
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zerbitzuak era horretan prebentzioa indartu du COVID-19aren aurrean, jarduneko obretan eta enpresetan
Astelehena, 2020ko Maiatzaren 25a
Kartela gaztelaniaz.

Laneko Osasunaren Zerbitzuak (LOZ), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (ISPLN/NOPLOI) barruan, azpimarratu du garrantzitsua dela COVID-19aren aurrean norbera babesteko ekipamendua (NBE) izatea eta behar bezala erabiltzea Eraikuntzaren sektorean. Hori dela-eta, kartelak banatzen ari da Nafarroan jarduneko obretara iristeko, gomendatutako prozeduraren arabera eta urratsez urrats, langileek maskara eta eskularruak behar bezala jar ditzaten, lan-arlo horretan eskatu bezala. Guztira, 1.000 ale gazteleraz eta beste 1.000 ale euskaraz banatu nahi dira Nafarroako geografiako zona ezberdinetan zehar banatutako obretan, ikusteko moduko lekuan jartzeko.

Laneko Osasuneko Zerbitzuko teknikariek bisitak egin dituzte Industriaren eta Eraikuntzaren sektoreetan, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako segurtasun-neurriak betetzen diren egiaztatzeko, eta, ondorioz, neurri hori hartu dute. Arlo horiek pasa den apirilaren 14an hasi ziren berriro lanean, funtsezkoak ez diren jarduerak lanera itzultzearekin batera. Orain, ikuskapenak aurrera jarraitzen duten bitartean eta enpresek hartutako neurrien gainean prebentzio-zerbitzuei asteroko txostenak eskatu ondoren, kartelen bitartez sustatu nahi da eguneroko lanean plantillak erabili beharreko babes-elementuak segurtasunez erabiltzea batik bat Eraikuntzan baina baita ere beste sektore batzuetako enpresetan.

Kartelak nahiz eskuak ura eta xaboiarekin edo gel hidroalkoholikoarekin garbitzeari buruzko informazio-posterra pasa den astean hasi ziren banatzen sektoreko elkarteen, enpresen, gremioen, kanpoko prebentzio-zerbitzuen, sindikatuen eta Eraikuntzako Laneko Fundazioaren bitartez, besteak beste. Materialak plastifikatuta daude espazio irekietan gehiago iraun dezaten, eta, behin obrak amaituta, beste puntu batzuetara eramatearren. Materialak NOPLOIren egoitzan ere ematen dira, Landaben industria-poligonoan edo 848 424 820 / 848 423 717 telefonoetara deituta; halaber, enpresa interesatuek eta beste sektore batzuetako lan-zentroek eska ditzakete.

Distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea

Laneko Osasunak Eraikuntzaren sektorearentzat COVID-19aren aurrean egindako prebentzio-gomendioen artean, eskuak maiz garbitzea, pertsonen artean 2 metroko distantzia mantentzea (edo, horren ordez, hainbat pertsonak egin beharreko lanetan distantzia hori gorde ezin bada, manpara gardenak bezalako oztopo fisikoak jartzea), langileak modu mailakatuan sartzea zona komunetan taldeak ez pilatzearren edo zonak desinfektatzea bezalako neurriak sustatzen dira, besteak beste.

Norbera babesteari dagokionean, eta hainbat langilek elkarrekin nahitaez egin beharreko lanetarako, 2 metroko segurtasun-distantzia bermatu gabe, arnasa babesa erabiltzea gomendatzen da.

Eskularruak, beharrezkoak direnean, mikroorganismoen aurrean babestekoak izango dira, gutxienez bakterioen eta onddoen aurrean, eta egin beharreko lanen araberako erresistentzia mekanikoa edo kimikoa bermatu beharko dute.

Ekipamendua jartzea, urratsez urrats

Orain banatutako karteletan, hain zuzen ere, maskara bat nola jarri behar den adierazten da; hau da, lehendabizi, eskuak garbitu behar dira, maskara ireki eta zintetatik heldu eta aurpegian jarri kokotsa eta sudurra doituz (kasu horretan, sudurreko klipari esker). Bestalde, maskara kentzeko, berriro eskuak garbitu beharko dira, maskara atzetik hasita kendu, gometatik helduaz, eta zakarrontzi batean bota.

Eskularruak jartzeko, berriz, kasu honetan horrela eskatzen duten lan-eremuetan, berriro garrantzitsua da eskuak garbitzea eta mikroorganismoen aurka babesteko eskularruen gainean, erresistentzia mekaniko edo kimikokoak jartzea, horrela eskatzen bada. Halaber, garrantzitsua da horiek kentzeko urrats hauek jarraitzea: lehendabizi, babesteko eskularruak kenduko dira erabiltzen diren kasuan; ondoren, eskuak garbituko dira mikroorganismoen kontrako eskularruak jantzita izanik, eta, azkenik, eskularru baten azalerako zatitxo bat hartu eta beste eskuarekin kenduko da. Amaitzeko, libre daukagun hatz bat beste eskularruaren azpian sartuta, bigarrena kendu daiteke eta zakarrontzi batera bota atzealdetik eutsita.

Kartela euskaraz.