Chivite Lehendakariak Nafarroa II. fasera igaro izana osasun lan zorrotz bati eta herritarren erantzukizunari esleitu dio

Chivite Lehendakariak Nafarroa II. fasera igaro izana osasun lan zorrotz bati eta herritarren erantzukizunari esleitu dio

Esparru orokorra Foru Komunitatearen berezitasunetara egokituko da “zuhurtziaz eta erantzukizunez” aurrera egiteko

2020/05/22
Intervención de la Presidenta, María Chivite, y de la consejera de Salud, Santos Induráin

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, María Chivitek, osasun arloko profesionalen lan zorrotzari eta neurriak betetzeko herritarren erantzukizunari esleitu die Nafarroa deseskaladaren bigarren fasera igaro izana, zeina datorren astelehenean jarriko den indarrean.

Santos Induráin Osasun Kontseilariarekin batera eskainiriko prentsaurrekoan, Lehendakariak  zorionak eman dizkie osasungintza-arlo osoari, “atsedenik gabe eginiko lanagatik”, eta herritarrei, “distantziari, higieneari eta mugikortasunari buruzko neurriak eta gomendioak errespetatzeagatik”. Horri guztiari esker nabarmen gutxitu da epidemiaren inpaktua, eta ondorioz konfinamendua arintzeko urratsak egiten ahal izan dira.

Arintze hori, Lehendakariak azaldu duen bezala, Foru Erkidegoaren “berezko errealitatea eta kasuistika” kontuan izanik eginen da. Beraz, deseskalatzean aitzina egiteko Ministerioari igorritako txostenean, Nafarroak esparru orokorrean daudenak baino murriztaileagoak diren zenbait neurri proposatu ditu, baita neurri espezifiko batzuk ere, horien artean pertsona zaurgarrientzako ordu-tarte esklusiboak mantentzea, txirrindularitzarako, mendizaletasunerako eta beste jarduera batzuetarako erregulazio espezifikoa sortzea, sozietate gastronomikoak eta etxabeak ez irekitzea, eta aire zabalean eginiko kultur eta kirol-jardueretarako 200 pertsonako edukiera onartzea gehienez.      

Lehendakariak komunitate osoari dei egin dio “ardura partekatuz” jokatzera, aitzina egiten jarraitzeko “atzeranzko urratsik gabe, osasungintzaren ikuspuntutik epidemiak duen bilakabide egokia bateratzen ahal izateko berraktibatze ekonomiakorekin eta gizarte-bizitzarekin, beharrezkoak horiek ere”. 

“Prozesu honen arrakasta, neurri handi batean, arazo kolektibo baten aurrean dugun jarrera pertsonalei esker lortuko da. Horregatik, berriz ere eskatzen dut ez gaitezela lasaikerian erori”, galdatu du. Ildo horretan, María Chivitek “beste ahalegin bat” eskatu die herritarrei, “birus honekin eta agertoki berri honetan elkarrekin bizitzen ikasteko”. “Ahalegin eskerga egin dugu konfinamenduan, eta orain beste bat egitea dagokigu: une oro betetzea distantziari eta higieneari buruzko gomendioak”, gehitu du bukaeran.        

Bere aldetik, Santos Induráin Osasun kontseilariak jakinarazi du Foru Erkidegoak, bigarren fase honetan, hainbat neurri aplikatuko dituela BOEn ezarritako arauak  egokitzeko eta zenbait murrizketa ezartzeko, “urrats seguruak emateko, atzeranzko itzulerarik gabe lortutakoa finkatuko duten aurrerapausoak, hau ez baita lasterketa, helburua denok irabaztea da”, Santos Induráin kontseilariak adierazi duen bezala. Gainera, azpimarratu du Nafarroak hainbat proposamen egin dizkiola Ministerioari, “gure Erkidegoaren berezitasunekin zerikusia duten jarduerak arautzeko asmoz, estatu osorako planteamendu-esparru baten handitasunean galdu bailitezke”.  

Landa-eremuez eta biztanle gutxiko eskualdeez den bezainbatean, Nafarroak aintzat izanen ditu ezaugarri horiek, “ez baitira berdinak Iruña / Pamplona eta dentsitate baxuko eta epidemiaren inpaktu txikiko herri bat”, azaldu du Induráin kontseilariak.

Neurri espezifikoak Nafarroan

Bigarren faserako neurrien artean hauek dira nabarmentzeko modukoak:

  • Ordu-tarteak: 10.000 biztanletik gorako udalerrietan Nafarroak asmoa du ordu-tarteei eusteko, pertsona zaurgarrientzat eta adinekoentzat.
  • Kirol-jarduera: Nafarroak mahai gainean jarri du ordutegiak eta zikloturismoa, mendizaletasuna eta antzeko jardueretarako distantzia malgutzeko beharra, bereziki jarduera udalerritik irten gabe egiteko agindua ezabatzea. Arlo horri dagokionez Nafarroak berezko araudia garatuko du.     
  • Eguneko zentroak eta Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua pixkanaka-pixkanaka berrirekitzea. 
  • Sozietate gastronomikoak, etxabeak, etab.: Itxita egonen dira, arrisku-gunetzat jotzen baitira.   
  • Kultura eta kirola: Gehienez ere 200 lagun aire zabaleko kultur eta kirol-ikuskizunetan. Museoek eta Liburutegiek ekaineko lehen astetik aurrera irekiko dira.
  •  Igerilekuak eta bainu-eremuak: Igerilekuetarako BOEn ezarritako berariazko erregulazioaz gain, Nafarroak araudi bat ezarriko du, Osasun Publikoarekin eta toki-erakundeekin batera, ibaietako bainu-eremuetara sartzeari eta haiek erabiltzeari dagokienez.
  • Hezkuntza: Ikasgeletara borondatez eta hainbat mugarekin itzultzea, Batxilergoko bigarren mailako ikasleentzat eta sarbide-probak egiteko besterik ez.
  • Baratzeak: Bigarren etxebizitzetan dauden baratzeetara joaten ahal izanen da.

Neurriok aurkeztu ondoren, Induráin kontseilariak azpimarratu du 1. fasean hainbat sektoretako jarduera berriz abiarazi izanak “ez duela eragin kutsatze-kopuruak gora egitea, baina oso adi egon beharko dugu, lasaikeriarik gabe”. Erantsi duenez, “guretzat erabakigarriena osasunaren gaineko inpaktua eta epidemiaren kontrola da, izan da eta izanen da”. 

Azkenik, Induráinek azken egunotako datuak bildu ditu. Hala, jakinarazi du “gaurkoan beste 5 kasu izan ditugula eta asteko batez bestekoa hamar kasukoa izan dela. PCR bidez baieztatutako kutsatzeen guztizko kopuru metatua 5.200ekoa da”. Heriotzei dagokienez, gogorarazi du aste honetako hiru egunetan ez dela hildakorik izan, eta eguneko batez bestekoa bat baino txikiagoa dela, pandemia hasi zenetik Nafarroako guztizko kopurua 508koa bada ere. Ospitaleratze-kopuruaz den bezainbatean, berriz, beheranzko joerari eusten zaiola nabarmendu du. “Aste batean ia %30 gutxitu ditugu ospitaleratzeak. Gaur 12 pertsona daude ZIUn, eta orotara 83 daude ospitaleraturik”.            

Halaber, adierazi du osasun-sistema “gertu dagoela berpizte bati erantzuteko, baina batez ere hori ez gertatzeko ari da lanean”. Osasun-etxeak eta ospitalek pixkanaka beren ohiko jardunera itzultzen ari direla ere gogorarazi du, osasungintzako profesionalek ahalegin handia egin izanagatik.  

“2 metro, zure konpromisoaren distantzia” kanpaina

Agerraldian, Chivite Lehendakariak eta Induráin kontseilariak  “2 metro, zure konpromisoaren distantzia” kanpaina aurkeztu dute. Horren bidez, Nafarroako Gobernuak herritarrei eskatu nahi die erantzukizun partekatuz joka dezatela normaltasun berriranzko trantsizio-prozesuan. Koronabirusaren transmisioa geldiarazteko oinarrizko hiru prebentzio-neurriak gure bizimoduetan txertatzea da kanpainaren asmoa.

Lehenbizikoa etxebizitzan bakartzea eta lehenbailehen osasun-zentrora deitzea da, bat-batean COVID-19arenak izan litezkeen sintomak agertuz gero: sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna, usaimena edota gustua galtzea edo beherakoa, baita ere giharretan, eztarrian edo buruan ohiz kanpoko edo jatorri ezezaguneko mina izatea. Bigarrena beste pertsonekiko bi metroko tartea uztea da, eta hori ezinezkoa bada, derrigorrezkoa da maskara era egokian erabiltzea garraiobide publikoetan, bide publikoetan, aire zabaleko guneetan eta erabilera publikoko toki itxietan. Hirugarrena eskuak maiz garbitzea da, minutu batez, ura eta xaboia edo gel hidroalkoholiko bat erabiliz. 

Kanpainak eguneroko egoerak erakutsiko ditu, zeinetan beharrezkoak diren nork bere burua zaintzea eta erantzukizunez jokatzea, baita norberaren eta gizartearen babeserako jarrera egokia izatea ere. Hasierako aurrekontua 200.000 eurokoa da, eta hedabideetan eta sare sozialetan publizitatea sartzea eta Foru Erkidego osoan kaleko ekintzak egitea da asmoa.