Descárgate la app
Osasun Departamentuak egunero bolondresek egindako 600 babes-txabusina jasoko ditu REFENAn
2020ko apirilaren 3a
Osasun Departamentuak egunero bolondresek egindako 600 babes-mantala jasoko ditu REFENAn
Osasun Departamentuak egunero osasun-babeserako 600 mantala jasoko ditu REFENAn kokatutako lantegi solidario eta boluntario batetik, eta 1.000 ere lortzea espero du, josteko makina industrialak erabiltzen trebatzen diren langile gehiago lan hori egiten hasten badira.
20 bat pertsona EPI horiek josten ari dira goizeko eta arratsaldeko txandetan. EPIak balio handikoak dira sektore soziosanitarioan, koronabirusaren pandemiari aurre egiten ari diren langileak babesteko. Hain zuzen ere, makina industrialekin josten dakiten gizon-emakumeak ari dira lan horretan, une honetan langabezian edo ERTE egoeran aurkitzen direnak edo oraindik ere egiten diren funtsezko lanetan lanean ari direnak.
Zeregin honetarako, haien borondatezko lana ezinbestekoa da baita ere, ehunka pertsonak bere burua eskainiarren josteko, gutxi batzuk bakarrik baitakite mantalak josten dituzten makinak erabiltzen. Gainera, pertsona kualifikatuen bila dabiltza egunean 1.000 unitate egiteko; hots, gaitasun handiena.
Behin makinetatik aterata, beste boluntarioek tolestu eta kaxetan sartzen dituzte, ondoren garbitegira eramateko, helmugan entregatu aurretik.
Mantalak jada testatu ditu Osasun Departamentuak, eta horien kalitatea baliozkotu du. Enpresa hornitzaile ezberdinei erositako polipropilenoarekin josten dira, eta berrerabili daitezke, aurrez industria-makinetan garbituta.
Elkartasuna batzen denean
Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialak duela egun batzuk deia egin zuen osasun-langileek berehala materiala behar zutela ohartarazteko. Garapen Ekonomikoaren Departamentuak, Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzioa eta Laneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Elkargo Profesionalarekin koordinatuta, behar zituztenen zerrenda egin zuen: mantalak egiteko materiala, boluntarioak, paketatzea, josteko makinak eta materialarentzako garraioa, lanerako zentroaz gain.
Proiektua duela aste pare bat jarri zen abian, martxoaren 21ean. Osasun-arloko mantalak egiteko beharrezko materiala ekoizten duten enpresekin harremanetan jarri ziren. Horrez gain, Lan Zerbitzuko langileak Nafarroan josteko makina industrialak dituzten enpresa ezberdinetara zuzendu ziren, eta denak doan utzi zituzten: Alvaro Salcedo SL, Creaciones Selene, Egatex, Iruñeko Karmeldarren kongregazioa, Texartu eta Galeo Enrollables SL.
Valsay eta Iparraldeko Smurfit Kappa enpresek beharrezko bilgarriak utzi zituzten jositako materiala garraiatzeko.
Era berean, Laneko funtzionarioak Zunzarren Taldearekin harremanetan jarri ziren; hots, REFENAren egungo enpresa maizterrarekin, eta hark ere lokala doan utzi zuen. Bertan kokatu da inprobisaturiko ekoizpen-zentroa.
Aldi berean, herritarrei deia egin zitzaien whatsapp bidez, boluntarioak bilatzearren. Erantzuna ugaria izan arren, pertsona guztiek ez zituzten proiektuan parte hartu ahal izateko baldintzak.
REFENAn lan egiten duten pertsonek negatibo eman dute COVID-19a diagnostikatzeko testean, aurrez hori egin behar izan baitute.
Hornidura, fabrikazioa, garraioa eta entregatzea antolatzeko beharrezko urrats askotariko bakarren batean honako hauek bezalako enpresa eta erakundeek ere hartu dute parte: Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargoa, Iruñeko Udaltzaingoa, UME, Nafarroako SAR-GKE, NOZ-O, AB Servicios Selecta España vending-eko errestaurazio enpresa, Foruzaingoa, Siemens-Gamesa enpresa, boluntario guztien ahalegin altruistaz gain.
Gaur egun, Laneko Zuzendaritza beste lantegi eta boluntariotza-ekimen batzuk koordinatzen ahalegintzen ari da Nafarroako beste puntu batzuetan.