Nafarroan 1.411 koronabirus kasu zenbatu dituzte; hamasei lagun hil dira azken orduetan, eta beste hamabi sendatu

Nafarroan 1.411 koronabirus kasu zenbatu dituzte; hamasei lagun hil dira azken orduetan, eta beste hamabi sendatu

Epidemiaren bilakaerari buruzko lehen datuak argitaratu dira, oinarrizko osasun-eremuen arabera banakatuta

2020/03/26
Navarra contabiliza 1.411 casos de coronavirus, 16 fallecidas y 12 curadas en las últimas horas

Navarra contabiliza 1.411 casos de coronavirus, según los últimos datos disponibles de última hora del miércoles, de los que 214 se han registrado en el último día. Supone un incremento del 18% sobre el total de casos acumulado hasta ayer.

Asteazkeneko azken orduko datuen arabera,  Nafarroan 1.411 koronabirus kasu zenbatu dituzte,; horietatik 214 azken egunean. Atzora arte metatutako kasu guztiak kontuan hartuta,% 18ko igoera izan da.

Epidemia hasi zenetik 49 pertsona hil dira orotara, horietatik 16 azken orduetan. Hildakoen adin-tartea 63 eta 92 urte bitartekoa da. Beste alde batetik, 35 lagunek gainditu dute infekzioa, horietatik hamabik azken egunean.  

COVID-19ko 1.411 kasu positiboetatik, 649tan ospitaleratzea beharrezkoa izan da, edo oraindik bada. Esan beharra dago epidemiaren hasieratik 54 pertsona ZIUn sartzeko beharra egon dela. 

Detekzio goiztiarra osasungintzako profesionaletan

Nafarroako osasun-sistemako profesionalez den bezainbatean, positibo-kopurua 249raino handitu da. Kolektibo horretan gaitza ahalik eta goizen detektatzeari lehentasuna ematea funtsezkoa izaten ari da kutsatzeak saihesteko, baita bakartze-denbora ahalik eta laburrena izan dadin ere, proben emaitzak negatiboak direnean.  Aipatu kopuru horren barnean estamentu guztietako positiboak daude (medikuak, erizainak, administrazioko eta mantenuko langileak…). Gogorazi beharra dago Nafarroako osasun-sisteman, publikoan zein pribatuan, 15.000 profesionalek egiten dutela lan, gutxi gorabehera.

Funtsezko zerbitzuetako profesionalentzat REFENAn antolatutako PCR proben zirkuitu-sistemari esker, osasungintzako langileen kolektiboaren diagnostikoa nahiko zehatza da, sintomak izan dituzten gehienei egin baitzaie laborategiko proba hori, birusa atzemateko oso fidagarria dena. Horretarako aurretiazko hitzordua eskatu behar izan dute, eta beren ibilgailuetan joan dira toki horretaraino, han laginak har ziezazkieten.

Datuak,  Oinarrizko Osasun Eremuen arabera

Nafarroak argitara eman ditu epidemiaren datuak, Oinarrizko Osasun Eremuen arabera sailkatuta. Ortzegun honetatik aitzina aukera dago Osasun Sistema Publikoari dagozkion datu bereizi horiek emateko, osasun-zentro pribatuetakoen faltan. 

Nabarmendu beharra dago asteazken iluntzean eskura zeuden azken datuen arabera, zenbatutako COVID-19ko 1.411 kasu positiboetatik, 1.213 gaixori Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidea (NOZ-O) ari zaiela arreta ematen.

Eskura dagoen informazio berriari dagokionez, 54 Oinarrizko Osasun Eremuetan NOZ-Ok baieztatutako guztizko kasu-kopurua jakinarazi da, baita 1.000 biztanleko kasu-tasa ere. 

Osasun Sistemak egokitzen eta berrantolatzen jarraitzen du 

Nafarroako Osasun Sistema “etengabe ari da bere jarduera, bere giza baliabideak eta bere baliabide  materialak egokitzen eta berrantolatzen, koronabirus-epidemiari aurre egiteko”, adierazi du Osasun Departamentuak.    

Prozesu horrek bai ospitaleetako arretari bai Lehen Mailako Arreta sareari eragiten die, eta beste departamentu batzuekin lankidetzan gauzatzen ari da, bertzeak bertze Eskubide Sozialetakoa eta Lurralde Kohesiorakoa, gaiak lanketa integrala behar baitu, lurralde-kudeaketaren ikuspegia ere barneraturik. 

Ildo horretatik, Vianako Printzea Kanpo Kontsultetarako Zentroak (CCI) bere jardueraren zati bat eramanen du Nafarroako Ospitale Guneko bertze toki batzuetara, etorkizunean COVID-19 duten gaixoak artatzeko guneen beharra aurreikusirik. Hain zuzen ere, berrantolaketak kontsulta-zentroko beheko solairuari eraginen dio; gainerako solairuetan, berriz, kontsulta ez-presentzialak eginen dira orain arte bezala. Aurrez aurreko jarduera NOGeko bertze toki batzuetara eraman da. 

848 420 090, arreta psikologikoko telefonoa

Osasun Departamentuak, Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialarekin (NPEO) lankidetzan, arreta psikologikoa eskaintzeko telefono bat jarri du martxan aste honetan.  Astelehenetik igandera eta 08:00etatik 20:00etara, 21 profesionaleko lantalde batek arreta ematen die, 848 420 090 zenbakian, osasun-krisiak eta alarma-egoerak eragindako estresaren eta antsietatearen ondorioz laguntza psikologikoa behar duten pertsonei.    

Bakardadearen, etxeko barruko konfinamenduaren, senideen osasunaren edo egoera honek eragindako beste zerbaiten ondorioz beldurra, antsietatea eta ziurgabetasuna dutenek bertara jo dezakete gatazka horiek ahalik eta hoberen kudeatzeko tresna bila, baita alarmismorik gabeko egiazko informazioa eskuratzeko ere.

Arreta psikologikoko zerbitzu horretan arreta emateko, NPEOk aktibatu egin du Larrialdi eta Hondamendietan Esku-hartze Psikologikoa egiteko Lantaldea. Krisi-egoeretan, larrialdi masiboetan eta hondamendietan aritzeko prestakuntza duten hainbat psikologok dihardute talde horretan.

Nafarroako Gobernuak eta profesionalen elkargoak uste dute garrantzitsua dela herritarren osasun mentala zaintzea gaur egun dugun  muturreko egoeran, eta horretarako eskaini dute babes-sare hori.

Psikologiako profesionalen lantalde horren arretak honako helburuak ditu:

  • Arreta psikologikoa krisi-egoeretan.
  • Antsietateta gutxitzea.
  • Erreakzio psikologiko normalak zeintzuk diren azaltzea.
  • Jarduteko oinarrizko jarraibideak ematea.
  • Gomendioen eta hartutako neurrien berri ematea, baita haiek betetzeko beharra azaltzea ere.
  • Emozioak azaleratzeko bidea erraztea.
  • Psikologikoki eta fisikoki ondoeza eragiten ari diren sintomak gutxitzen laguntzea.
  • Okerreko usteak aldaraztea.
  • Beldurra orekatzeko egiazko informazioa ematea.
  • Norberaren indar-guneak sendotzea.
  • Nork bere buruari laguntzeko, ekimena berreskuratzeko eta auto-estimua handitzeko  mekanismoak sustatzea.
  • Dolu-egoeran daudenei arreta eta laguntza psikologikoa ematea.
  • Laguntza-baliabide espezifikoei buruzko informazioa eta orientazioa ematea.