2020ko martxoaren 26a

Nafarroako Gobernuak toki-erakundeak babestuko ditu uraren hornidura eta saneamendurako neurri estrategikoetan, alarma-egoeran zehar

Ez dago osasunerako inolako arriskurik; Foru Exekutiboak Udalekin, Kontzejuekin eta Mankomunitateekin lankidetza garatzeko neurri bat da, eta koordinazio-kabinetea sortu beharko dute

Toki Administrazio eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak bi protokolo egin ditu toki-erakundeei giza kontsumorako uraren hornidura eta saneamendua ahalik eta ondoen kudeatzen laguntzeko asmoarekin. Bi dokumentuak idatzi dituzte biztanleria aldetik txikienak diren eta baliabide gutxien dituzten erakundeei laguntza emate aldera koronabirusaren pandemiaren aurrean. Zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatuta dagoen arren, Foru Exekutiboak neurriak indartzea erabaki du biztanleria-gune guztiei eta bakoitzari laguntza emateko estrategia moduan.

Uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuak funtsezko jardueratzat eta jarduera kritikotzat deklaratu ditu Espainiako Gobernuak alarma-egoeran zehar, giza osasunarekin harreman estua izateagatik. Hori dela-eta, behar bezala garatzeko beharrezko neurriak bermatu behar dira, Osasun Ministerioaren SND/274/2020 aginduan ezarritakoaren arabera. Ildo horretan, Lurralde Kohesioko Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak jarduera-protokoloa zabaldu du edateko ura hornitzeaz arduratzen diren erakunde guztien artean; hots, Nafarroan, Udalek, Kontzejuek eta Uraren Mankomunitateek dute horren ardura.

Koordinazio-kabinetea

Erakundeek koordinazio-kabinetea sortu beharko dute, eta hori alkateak edo lehendakariak, arduradun teknikoek eta, hala behar izanez gero, giza baliabideetako eta sindikatuetako langileek osatu beharko dute. Kabinetea arduratuko da langileen osasun-baldintzen inguruko informazioa jasotzeaz, erabakiak koordinatzeaz eta horretarako instrukzioak egiteaz, betiere langile guztien osasuna prebenitu eta babesteko eta oinarrizko zerbitzu publikoaren jarraipena zaintzeko helburuarekin. Aldi berean, alarma-egoerarekin lotuta, eskumeneko agintariek uneoro ezarritako jarraibideak jarraitu beharko dira ezarriko diren neurri orokorretan.

Lan-zentroetan eta edateko uraren tratamenduko estazioetan ezarri beharreko neurri gisa, norbera babesteko elementuak erabiltzea eta higiene-ohiturak hartzea bultzatuko da. Horrez gain, arduradunen artean txandak egingo dira ur-araztegietan ahalik eta langile gutxien egotearren; etxeetan dauden langileen artean erreserbako txandak antolatuko dira, eta txandak 12 ordura luzatzeko aukera aztertzea gomendatzen da, erreserban geratutako langileak libre uzteko larrialdi-egoeretarako.

Era berean, kalean lan egiten duten pertsonen lana ezabatuko da (kontagailuak irakurtzea, horniduren ikuskapenak, iturrietatik laginak hartzea, e.a.), ezinbesteko arrazoiak ez badaude, eta arrisku aurrean egon daitezkeen eta biztanleriari uraren ziklo osoa bermatzeko beharrezkoak ez diren jarduera guztiak bertan behera uztea erabakiko da, langile guztiak etxean egoteko, aurkitzeko moduan eta lanerako prest, hala behar denean.

Bestalde, uraren tratamendutik datozen hondakinak, biosolidoak, lohiak eta lokatzak kentzeko zerbitzua ere bermatuko da; halaber, tratamenduko produktuen, kalitatea kontrolatzeko laborategiko produktuen eta materialen, piezen, ekipo elektromekanikoen eta automatizaziokoen hornidura ziurtatuko da.

Herritarrekiko arreta zuzena kenduko da; soilik telefono bidezko arreta eta Internet bidezkoa eskainiko da. Egungo egoerak sor dezakeen urduritasunaren aurrean, Udalak, Kontzejuak edo Mankomunitateak mezu argiak bidali beharko dizkie herritarrei, bereziki kontsumitzeko ura edateko ona izatearen, bere osasungarritasunaren eta kontsumitzeko segurtasun osoa izatearen inguruan.

Halaber, NILSA enpresa publikoak, uren saneamenduaz eta arazketaz arduratzen denak, beste protokolo bat egin du lan-zentroetan zerbitzuak aurrera jarraitzea bermatzeko ezarri beharreko neurriekin, eta NILSAko zuzendaritzak, giza eskubideen arduradunek eta sindikatuen ordezkariek osatutako koordinazio-kabinetea sortu da.

Uraren ziklo osoko langileak

COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera, oinarrizko zerbitzuetako langile kritikotzat hartzen dira hiri erabilerako uraren ziklo osoko erakundeak, publikoak edota pribatuak. Nafarroan, NILSA arduratzen da saneamenduaz, Udalekin eta Mankomunitateekin zuzenean lan eginaz; horniduraz, aldiz, Mankomunitateak, Uraren Batzordeak, Kontzejuak, Udalak eta Toki Erakundeak arduratzen dira, eta horiekin batera eta modu koordinatuan egiten du lan Gobernuak, Lurralde Kohesioko Departamentuko Toki Administrazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.