Eskubide Sozialetako Departamentuak Sarrigurengo Félix Garrido egoitza egokitu du COVID-19a duten eta hospitalizaziorik behar ez duten adineko pertsonei arreta emateko

Eskubide Sozialetako Departamentuak Sarrigurengo Félix Garrido egoitza egokitu du COVID-19a duten eta hospitalizaziorik behar ez duten adineko pertsonei arreta emateko

Neurri horrekin zenbait egoitzatan erabilgarri dauden espazioak berrantolatu nahi dira kasu positibo gehiago suertatuz gero haien bakartzea errazteko

2020/03/26

Eskubide Sozialetako Departamentuak Félix Garrido egoitzara lekualdatuko ditu COVID-19 koronabirusan positibo eman duten eta hospitalizaziorik behar ez duten adineko pertsonak. Lekualdaketak datorren astean hasiko dira eta erabaki hori egoitzetako zein Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaritzek eta osasun arretarako lan taldeko kideek hartuko dute, horretarako bakoitzaren historia medikua zein adostutako irizpideak aztertuz.

Aldi berean, neurri horrek aukera emanen du zentroetan tokia berrantolatzeko, bereziki diagnostiko positiboa baieztatuta duten adinekoak gainerako gaixoengandik bereizte aldera.

Felix Garrido egoitza Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen zerbitzua da, 2012an Sarrigurenen irekitakoa, buruko gaitza larriak dituztenen oinarrizko beharrizanei arreta osoa emateko. Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro hori hautatu du, uste baitu haren instalazioen ezaugarriak hoberenak direla aipatutako kasu horiek aldi baterako hartzeko. 

Egoitzak gaitasuna du 26 pertsona hartzeko banakako logeletan, baina toki-kopurua bikoizteko aukera ere badago, logela bakoitzean toki nahikoa baitago bi erabiltzailerentzat. Birgaitze psiko-sozialeko 65 tokiko zentro bat ere badago instalaziootan, eguneko arreta emateko 30, eta arreta anbulatoriorako beste 35.    

Eraikinak beheko solairua, beste bi solairu eta erdisotoa ditu. Zerbitzu bakoitzera joateko sarbideak, hau da, egoitzara eta birgaitze psiko-sozialeko zentrora joatekoak, elkarrengandik banaturik daude, zerbitzu orokorrak partekatzen badituzte ere. Biak daude beheko solairuan.

Beheko solairuan bulego teknikoak, ikasgelak eta botikin-gela daude. Erdisotoan daude jantokia, sukaldea, garbitegia eta lisatzeko eremua, biltegia, garajea, instalazio-aretoak eta psikomotrizitate- eta erlaxatze-gela. Lehen eta bigarren solairuetan egoitza-etxeko guneak daude. Solairu bakoitzeko 13 logela ditu zentroak, hau da, 26 orotara. Halaber, bi solairuotan egongelak, eremu komun zabalak eta bi bulego daude, eta erabilera anitzeko gela bat bigarren solairuan.  

2012tik Avanvida enpresa arduratzen da zentroa kudeatzeaz, Eskubide Sozialetako Departamentuarekin eginiko ituna dela medio.

Gaur egun egoitzan bizi direnak, hotel batera

Gaur egun egoitza horretan bizi direnak, berriz, erdiguneko hotel batera eraman dituzte, hark bere instalazioak Eskubide Sozialetako Departamentuaren esku utzi ondoren. Departamentuak hotelari zein Hostalaritzako Elkarteari esker ona helarazi dio. Halaber, “Félix Garrido”-n lan egin ohi duten langile guztiak ere joanen dira bertara, ohiko bizimodua egiten jarraitzeko. Familiei lekualdatzea eginen dela jakinarazi zaie, eta ongi ulertu dute egoera zein den.

Eskubide Sozialetako Kontseilariak, Carmen Maeztuk, esker ona adierazi die egoiliarrei eta haien familiei, agertutako jarrera ona dela eta, eta ostalaritza-elkarteari eta hotelari beren eskuzabaltasunagatik. Aitortu egin du, halaber, hirugarren sektoreko eragileak ematen ari diren laguntza, bai arlo sozio-sanitarioan bai gizarteratze-premiei arreta emateari dagokionez ere. “Oso ahalegin handia egiten ari dira COVID-19ari aurre egiten laguntzeko, eta beste behin, erakutsi egin dituzte gure komunitatearen gizalegea eta elkartasuna, hain harro sentiarazten digutena”, esan du.