Descárgate la app
Koronabirus-gaixoen eta berrogeialdian daudenen hondakinak guztiz bereizi behar dira gainerako zaborretatik
2020ko martxoaren 19a
Koronabirus-gaixoen eta berrogeialdian daudenen hondakinak guztiz bereizi behar dira gainerako zaborretatik
COVID-19 gaitzaren positiboa eman duen edo berrogeialdian dagoen pertsona bat dagoen etxeetan, kontu handiz bereizi beharko dira pertsona horrek sortutako hondakinak, eta errefusaren edukiontzian baizik ez dira utziko.
Hala oroitarazi du Oficina de Prevención de Residuos y de Impulso a la Economía Circular / Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoak. Erakunde horren barnean daude Nafarroako Gobernua eta Foru Erkidegoko hondakinen kudeaketarako mankomunitate guztiak. Bulegoak azpimarratu egin du etxeko hondakinak behar bezala kudeatu beharra dagoela COVID-19 gaitzaren zabalkundea geldiarazteko.
Bilketa- eta tratamendu-sistema
Gaixoaren hondakinak, hark erabilitako erabilera bakarreko materiala barne (eskularrua, zapiak, maskarak), logelan egongo den zabor-ontzi batera bota behar dira, plastikozko poltsa baten barnean. Zabor-ontzi horrek, ahal bada, tapa eta irekitzeko pedala izanen ditu. Ez da birziklatzeko inolako bereizketarik eginen, eta poltsa behar bezala itxita egonen da. Lehenbiziko poltsa hori logelaren irteeran egonen den bertze batean sartuko da, eta hantxe utziko dira ere zaintzaileak erabilitako eskularruak eta maskara. Bigarren poltsa ere ongi itxiko da logelatik atera baino lehen.
Bigarren poltsa hori etxeko gainerako hondakinekin batera utziko da, hain zuzen ere errefusaren edukiontzira bota beharreko poltsaren barnean. Iruñeko Eskualdean kolore berdekoa da edukiontzi hori, eta bertze mankomunitateetan ere bereizirik eta identifikaturik dago. Hirugarren poltsa ere behar bezala itxiko da, eta horren ondoren, berehala, era egokian garbitu beharko dira eskuak, ura eta xaboia erabiliz, gutxienez 40-60 segundoz. Hondakin horiek dituen poltsa errefusaren edukiontzian baizik ez da utziko, edo udalerri bakoitzean errefusa biltzeko dagoen sisteman, eta guztiz debekatuta dago bilketa bereiziko edukiontzietan uztea (organikoa, ontziak, papera, beira edo ehunak), edo edonon botatzea.
Positiborik edo berrogeialdirik ez dagoen etxebizitzetan, hondakinak ohiko eran bereiziko dira. Kasu horretan, eta errefusa ahalik eta gehien murrizteko xedez, herritarrei oroitarazten zaie garrantzitsua dela hondakin-mota bakoitza bereiztea (papera/kartoia; beira; ontziak; organikoa, dagoenean), eta edukiontzietan mota horiei dagozkien hondakinak baizik ez uztea.
Eskularruak, errefusaren edukiontzira
Oroitarazi beharra dago erosketak egiteko eta bertzelako zereginetarako erabiltzen diren latexezko edo nitrilozko eskularruak ez diela ontziak, eta hortaz, ez direla ontzi arinen edukiontzi horian utzi behar, errefusarenean bazik.
Nafarroako hondakin-mankomunitateek bilketa-zerbitzua ematen jarraitzen dute, aintzat harturik Trantsizio Ekologikorako eta Demografia Erronkarako Ministerioaren aginduak.
Hondakinak behar bezala kudeatzeko moduaz zalantzarik izatekotan, herritarrek beren erreferentziazko mankomunitatera jo dezakete, honako telefono eta webguneetan:
-Araxes Garaia - 948 513 087
-Baztango Udala - http://www.baztan.eus/es/ - 948 580 006
-Bidausi - http://mank-bidausi.com/ - 948 764 008
-Bortziriak - http://www.bortziriakzabor.com/ - 948 635 254
-Iruñerria- http://www.mcp.es/ - 948 42 32 42
-Zangozerria - https://www.mscs.es/ - 948 871 247
-Eska-Zaraitzu - 948 447 007
-Irati - http://www.mancomunidad-irati.es/ - 948 33 62 17
-Mairaga - https://mairaga.es/ - 948 703 305
-Malerreka - http://www.malerrekakomankomunitatea.eus/es - 948 451 746 | 948 451 669
-Mendialdea - https://www.mendialdea.eus/espanol - 948 510 444
-Montejurra - https://www.montejurra.com/ - 948 552 711
-Erribera - http://www.mancoribera.com/ - 948 411 894
-Goi Erribera - http://mrsuran.es/ - 948 713 179
-Sakana - http://sakana-mank.eus/es/ - 948 464 867
-Izarbeibar - http://www.mancomunidadvaldizarbe.com/ - 948 341 076