Nafarroak koronabirusa atzemateko sistema egokitu du epidemiaren egoera berrira eta Estatuak emaniko jarraibidetara
Protokolo-aldaketaren ondorioz, kasu gehienetan irizpide klinikoaren arabera eta laborategiko probarik egin gabe deklaratuko dira balizko gaixotasun-kasuak. Aldi berean, norberaren etxean isolatzea indartuko da prebentzio-neurri gisa
Igandea, 2020ko Martxoaren 15a
Koronabirusa detektatzeko sistema berria

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua koronabirusari aurre egiteko jarduera-protokoloa egokitzen ari da, epidemiaren egoera berriarekin bat etortzeko, detekzio goiztiarra arintzeko eta etxe barneko isolamenduaren prebentzio-efektua indartzeko, kutsatzeak hedatzea saihesteko neurri gisa.   

Aldaketa horien zergatia lurralde nazional osoan euste-neurriak indartu izana da, eta bat datoz agertoki horrekin, zeinean transmisio komunitarioa esanguratsua izan daitekeela uste baita. Horregatik, hemendik aurrera bi oinarri izanen ditu segimendu epidemiologikoak: batetik, probak eginen zaizkie larrien gaixotutakoei, eta oinarrizko zerbitzuetako profesionalei; eta bestetik, Nafarroan gripearen behaketa epidemiologikoa egiteko erabiltzen denaren antzeko sistema jarriko da martxan, mediku zaintzaileekin. Ondorioz, PCR bidez atzemandako positibo berrien datua ez da horren esanguratsua izanen.             

Sintoma arinak izanez gero, etxean egon

Osasun Departamentuak, osasun-sistemako eta funtsezko beste zerbitzu batzuetako profesionalak babestu nahian, berretsi egiten du distantzia sozialari dagozkion neurriak indartzeko beharra, eta ahala, areagotu eginen ditu gaixotutakoen isolamenduak eta berrogeialdiak, baita haien inguru familiarrarena, sozialarena eta lanekoarena ere. Herritarrei dagokienez, aldaketa handiena da honezkero, inork bat-batean hasitako arnasbideetako infekzio baten sintoma arinak izatekotan, ez dela laborategiko PCR probarik egin beharko koronabiruserako neurri espezifikoak hartzeko. Izan ere, bere familia-medikuaren balorazio klinikoa aski izanen da (jatorriarekin eta izandako harremanekin lotutako irizpide epidemiologikoak edozein direla ere) 14 eguneko etxe barneko isolamendua agintzeko, sintomak agertutako egunetik hasita, lan-inguruari eta abarri dagozkien bestelako neurriez gain. Segimendu klinikoa eta alta gaixoaren Lehen Arretako erreferentziazko profesionalen esku geratuko dira; haiek erabakiko dute, denbora-tarte horretan larriagotzea atzemanez gero, Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan arreta jasotzea, ospitaleratzea edo bestelako jarduketaren bat beharrezkoa ote den.

Probak, osasungintzaren eremuan eta funtsezko zerbitzuetan baizik ez

Protokoloa egokitzearen ondorioz, bi sektoretan besterik ez dira eginen PCR probak: ospitaleetan dauden gaixoak eta egoitzetako osasun-langileak eta langile sozio-sanitarioak, eta funtsezko zerbitzuetako beste langileak, hau da, poliziak, suhiltzaileak, garrantzi handiko ardura publikoa dutenak eta 112ko langileak, betiere bat-batean agerturiko arnasbideetako infekzio akutuaren sintomak izanez gero (eztula, arnasa hartzeko zailtasuna edota sukarra).   

Jadanik ospitaleratuta dauden eta arnasbideetako infekzio akutuko ezaugarri klinikoak dituztenei, edo ospitaleratzeko unean ezaugarri horiek dituztenei, medikuak eskaturik eginen zaie proba hori.

Bi kasu horietako edozeinetan,  PCRaren emaitza negatiboa bada ez da bestelako jarduketarik behar izanen. Positiboa bada, pertsona horiek isolatuta izateaz gain, epidemiologia-galdeketa eginen du Osasun Publikoak, edo dagokion Lan Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuak.

Igandeko datu eguneratuak

Igande eguerdian bildutako azken datuek adierazten dutenez, 196 positibo daude Nafarroan, eta horietatik 153k (%78k) etxe barneko arreta besterik ez dute behar. Beste 43 hainbat ospitaletan daude, horietako lau ZIUn. 

Xedapen berrien arabera, honakoa izanen da jarduera-protokoloa koronabirusaz kutsatzea izan dela susmatzekotan:

1. Bat-batean arnasbideetako sintoma akutuak badituzu (eztula, sukarra, airerik eza), geratu etxean eta deitu zure osasun-zentrora.

2. Zalantza baduzu eta zure osasun-zentroa itxita badago, deitu Osasun Kontseiluaren telefonora: 948 290 290.

3. Premiazko arreta behar baduzu, deitu 112ra.

Koronabirusa detektatzeko sistema berria