Nafarroako 104 herrik bat egin dute aurten Klima eta Energiaren Alkatetza Hitzarmenarekin
Mundu mailako ekimenak, Nafarroan foru Exekutiboak koordinatua, negutegi efektuko gasak murriztu eta aldaketa klimatikoari moldatzeko ikuspegia hartzea du jomugan
Osteguna, 2020ko Martxoaren 5a

Nafarroako 104 herrik bat egin dute aurten foru Exekutiboak koordinatutako Klima eta Energiaren Alkatetza Hitzarmenarekin. Horrek helburu du negutegi efektuko gasak murirztea eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko amankomuneko ikuspegia ezartzea txirotasun energetikoari aurre egin eta hala tokiko ekintzetatik munduko ekimenarekin bat eginez.

Erabaki horri esker, tokiko gobernuek helburu horiekiko erantzunkidetasuna hartu dute, KLINA, Nafarroako Aldaketa Klimatikoaren Ibilbide Orria ere beteaz. Ekimena, halaber, Life IP-NADAPTA Proiektuan kokatzen da; hau da, “Eskualde batean aldaketara moldatzeko politikaren ezarpen koherente, integratu eta inklusiborako bidean: Nafarroa”; proiektu horrek ekintza finantzatuko du Nafarroako Gobernuarekin batera.

Alkatetza Hitzarmena klimaren eta energiaren aldetik tokiko ekintza bultzatzeko hirietako eta herrietako mundu-mailako mugimendurik handiena da. Une honetan, 60 herrialdetako 10.033 udalerrik dute hitzarmena sinatuta. Herri horietan, oro har, 318.479.450 pertsona bizi dira.

Nafarroako biztanleriaren %76,7

Gaur arte atxikitako udalerrietan 496.973 biztanle bizi dira; hots, Nafarroako biztanleriaren %76,7a, Iruña barne, aurrez atxikitako bakarra. Laster konpromisoa udalerri gehiagok hartuko dutela espero da.

Hona hemen orain arte sinatutako 104 Udal: Abartzuza, Aberin, Oibar, Allo, Altsasu, Andosilla, Antsoain, Agoitz, Arakil, Aras, Arbizu, Arguedas, Arroitz, Arruazu, Artaxoa, Artazu, Azagra, Bakaiku, Barasoain, Barbarin, Baztan, Bera, Berbintzana, Berriozar, Biurrun-Olkotz, Burlata, Cabanillas, Caparroso, Carcastillo, Kaseda, Castejón, Galar Zendea, Oltza Zendea, Corella, Cortes, Dicastillo, Donamaria, Doneztebe, Eneritz, Ergoiena, Eslaba, Lizarra, Esteribar, Etxarri Aranatz, Etxauri, Eulate, Ezprogi, Faltzes, Gesalatz, Iguzkitza, Irañeta, Irurtzun, Iturmendi, Lakuntza, Larraga, Lekunberri, Leotz, Lesaka, Lezaun, Ledea, Lizoainibar, Lodosa, Los Arcos, Irunberri, Mendabia, Milagro, Murillo el Fruto, Noain Elortzibar, Olazti, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Oteiza, Iruña, Azkoien, Pitillas, Gares, Puiu, Ribaforada, Jaitz, Zangoza, Santakara, Sartaguda, Tafalla, Tebas-Muru Artederreta, Tirapu, Torralba del Río, Torres del Río, Tutera, Tulebras, Uharte Arakil, Ultzama, Untzue, Urdiain, Urrotz, Aranguren Ibarra, Eguesibar, Valtierra, Viana, Alesbes, Atarrabia, Villatuerta, Esa eta Ziordia.

2030era bitarte isuriak %40 murrizteko konpromisoa

Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetza Hitzarmena sinatu duten Udalek, batetik, konpromisoa hartu dute CO2 isuriak eta bestelako berotegi-efektuko gasak (BEG) gutxienez %40 murrizteko 2030. urtera bitarte. Bigarren, erresilientzia areagotzeko konpromisoa hartu dute aldaketa klimatikotik eratorritako inpaktuetara egokituaz. Eta, azkenik, konpromiso politikoa tokiko ekintza bilakatzeko ardura hartu dute, tokiko ekintza-planak eginaz eta ezarpenari buruzko txostenak aurkeztuaz.

Zehazki, Hitzarmena sinatu duten tokiko erakundeek, osoko bilkurak erabakia hartu eta bi urteko epearen barruan, Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana (KEIEP) aurkeztu beharko dute, jorratu nahi dituzten ekintza gakoekin. Planean erreferentziazko (2005. urtea) isurien Inbentarioa eta arrisku eta ahultasun klimatikoen ebaluazioa jasoko dira.

Horren guztiaren helburua da Nafarroako tokiko erakunde gehienek klimaren eta energiaren inguruan Foru Komunitatearen eta Europar Batasunaren konpromisoekin erantzunkidea den politika bat egitea.

Klimarekiko konpromisoa sinatu duten Udalek hainbat agenteren laguntza izango dute: Nafarroako Gobernua Alkatetza Hitzarmenaren lurralde-mailako koordinatzailea da, NELS Sarea sustatzailea da, toki-ekintzako taldeek (TEDER Elkartea, Erdialdeko Garapeneko Kontsortzioa, EDER Kontsortzioa, Cederna-Garalur eta Sakanako Garapen Agentzia) haien zonetan dinamizatzen dute, eta Lursareak, Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Nafarroako Agentziak, laguntza teknikoa eskaintzeaz gain, eskualdeko zazpi lantaldeak koordinatzen ditu, sinatutako erakundeetako udal-arduradunek antolatuta.