2020ko martxoaren 3a

Hezkuntzak Nafarroako 97 ikastetxe publikotako 400 irakaslek parte hartzen duten partekatutako heziketa proiektua aurkeztu du

Ekimen horri esker, zeina gaur goizean aurkeztu duen María Chivite Lehendakariak Madrilen, 4.000 ikaslek hezkuntza arreta hobea jasoko dute

Nafarroa osoko 97 ikastetxetako 400 irakaslek baino gehiagok ikasgeletan Hezkuntza Partekatua ezartzeko proiektuaren formazioa jasoko dute gaurtik aurrera. Ekimena Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Elkarbizitzarako Zerbitzuak sustatu du.

Hezkuntza Departamentuaren helburu nagusietariko bat da hezkuntza-inklusioaren alde apustu irmoa egitea, eta, horretarako, programa ezberdinak garatzen ari da, metodologia aktiboak eta berritzaileak ezartzearren, Nafarroako ikasle-aniztasun osoa artatze aldera.

Hezkuntza partekatuarekin bi irakasle egongo lirateke talde berarekin edo gela berean. Hezkuntza inklusibo horrek aukera zabala eskaintzeaz gain, hezkuntza-inklusioa eta aniztasunarekiko arreta errazten duten teknikak aplikatzeko aukera errazten du. Hezkuntza partekatuak, halaber, ikasleen talde txikiekin egiturak praktikan jartzea ahalbidetzen du; hots, talde kooperatiboen eta interaktiboen bitartez. Programa 2020ko martxotik ekainera bitarte garatuko da Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako irakaskuntza ematen duten ikastetxe publikoetan nahiz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

160 irakasleren kontratazioa

Proiektu honen finantzaketari esker, irakasleen lanaldia gehitu eta/edo 160 irakasletik gora kontratatu ahal izango dira edota parte hartzen duten irakasle guztien prestakuntza kudeatuko da. Modu horretan, 4.000 ikasle inguruk hezkuntza-arreta hobea izango dute.

Irakaskuntza partekatua Lehen Hezkuntzako bi maila horietako eta DBHko irakasleek gidatuko dute, eta astean 1.250 irakaskuntza-ordu emango direla pentsatzen da otsailetik ekainera bitartean. Horren guztiaren aurrekontua milioi bat euro ingurukoa da. Programa Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak finantzatuko du, eta Enpleguaren, Prestakuntzaren eta Hezkuntzaren Programa Operatiboaren esparruan Europako Gizarte Funtsak batera finantzaturiko "Hezkuntzan aurrera egiteko eta laguntzeko Orientazio eta Errefortzu Programa" eragiketaren garapenean kokatzen da.

Hezkuntzak zuzeneko 12 irakaskuntza-saio emango ditu gehienez talde bakoitzeko, hezkuntza partekatua burutu ahal izateko. Horretarako, ikastetxe bereko zenbait irakasleri lanaldia gehituko zaie, eta, aukera hori ez balego, bitarteko langileak kontratatuko dira.

Parte hartuko duten irakasle guztiek bederatzi ordu presentzialeko prestakuntza espezifikoa egin beharko dute, proiektuaren memoriarekin batera, eta memoria hori oinarri moduan erabiliko du Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak programaren pilotatzea ebaluatzeko. Prestakuntza espezifiko horri esker, irakaskuntza partekatuko funtzioak hezkuntzako inklusioaren eta berrikuntzaren berme handienekin garatu ahal izango dira.

Hautatutako 97 ikastetxeak 12 zonatan banatu dira prestakuntza-lanak errazte aldera: bost Iruñean, bi Tuteran eta bat Lizarran, Erriberrin, San Adrianen, Elizondon eta Irurtzunen. Prestakuntza-saioak astearte honetan, martxoak 3, hasiko dira.