Descárgate la app
Eskubide Sozialetako Departamentuak 2,5 milioi euro bideratuko ditu gizarteratze-ekintzetarako, kolektibo ahulen enplegurako eta etxebizitza eskuratzeko
2020ko otsailaren 27a
Eskubide Sozialetako Departamentuak 2,5 milioi euro bideratuko ditu gizarteratze-ekintzetarako, kolektibo ahulen enplegurako eta etxebizitza eskuratzeko
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak 2,5 milioi euro bideratuko ditu talde ahulen gizarteratze- eta sustapen-proiektuetarako, bai eta gizarte-bazterketako egoeran dauden langabeentzako programetarako ere, 2020an. Diru-laguntza horiek duela bost urte emandakoa baino 1,1 milioi euro gehiago dira.
Dirulaguntza horiek duela gutxi onartu ditu Ongizate Sozialeko Kontseiluak, kidetzat Tokiko Gobernua, tokiko erakundeak eta erakunde sozialak, agente ekonomikoak eta unibertsitateak dituen organo kolegiatu aholku-emaileak.
Dirulaguntza horietako batzuk ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak arautzen duen Foru Erkidegoko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen % 0,7aren esleipena izango dute. Datozen egunetan argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
2018-2021 Gizarteratzeko Plan Estrategikoko jarduera-lerro nagusietan aurreikusita daude jarduera hauek: gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonei enplegua erraztea, errenta bermatuaren hartzaile direnei bereziki; prestakuntza- eta lan-ibilbideak garatzea; eta gizarteratze- eta laneratze- jarduerak martxan jartzea, 2016ko Nafarroako Gizarteratzeko Foru Legeak aitortzen duen gizarteratze-eskubidea bermatze aldera.
María Carmen Maeztuk Eskubide Sozialen kontseilariak esandakoaren arabera, “dirulaguntza horiek xede dute Nafarroan baldintza txarretan bizi direnen egoera hobetzea, pobreziari kontra egitea eta desberdintasun sozialak murriztea. Hori izango da inklusioa, zuzentasuna eta kohesioa bultzatzen dituen gizarte baterantz aurrera egiteko modu bakarra”.
Erantsi du, gainera, “neurri horien bidez, pixkanaka-pixkanaka emaitza positiboak lortzen ari garela; azken urtean, esaterako, Nafarroako pobrezia latza murriztu dugu, eta errenta bermatua jasotzen duten pertsonek urtetik urtera aukera gehiago dute lana lortzeko.
Deialdi hauek irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei daude zuzenduta, eta haien laguntzarekin bultzatutako proiektuetan genero-ikuspegia aintzat hartu behar da, bai lanketa-prozesuan bai betearazpenean ere.
Errenta bermatua jasotzen duten langabeak eta 30 urtez azpikoak kontratatzea, gizarteratzea eta laneratzea.
Langabeei zuzendutako 1.403.993 euroko zuzkidura bitan banatuko:
Batetik, 703.993,00 euroko zuzkidura emango da gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko proiektu integralak aurrera eramateko, horien artean daude lan-aurreko jarduerak, gaikuntza pertsonala eta lanerako prestakuntza eta enpresetako praktikak. Hartzaileak, berriz, prestakuntza eta gaitasun pertsonal faltarengatik edo egoera administratibo irregularrean egoteagatik edo beste faktoreren batengatik ohiko prestakuntza- eta lan-baliabideak eskuratu ezin dituzten pertsonak izango dira.
Bestetik, 700.000,00€-ko zuzkidura emango da, eta, aurreko edizioetan egindakoari jarraikiz, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden 30 urtez azpikoen eta errenta bermatuaren onuradunen kontratazioa bultzatuko da. 2019an, errenta bermatua jasotzen duten 49 pertsona kontratatu dira.
Talde ahulei laguntzea
Talde ahulen gizarteratze eta babes sozialerako proiektuen atalak 779.955,32 euroko zuzkidura jasoko du, eta jarduera-mota desberdinak aurreikusten ditu, taldeen arabera banatuta. 27.000 euro bideratuko dira gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonek gizarteratzeko zentro okupazionaletan parte har dezaten. 100.000 euro inbertituko dira gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei bizitokia errazteko, eta 105.000 euro elikadura-beharrak asetzeko, bai jangela sozialen bai elikagaien banaketa-zerbitzuaren bidez.
Bestalde, prostituzioan aritzen diren pertsonei ere arreta emango zaie, eta 115.000,00 euroko zuzkidura talde horrentzat izango da, laguntza sozial espezializatua izan dezaten.
Ijitoen kasuan, 205.955,32 euro bideratuko dira adingabeen eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza eta -errefortzurako, absentismoa prebenitzeko eta gazte eta emakumeen sustapenerako.
Eta, azkenik, 155.000 eta 72.000 euroko zuzkidurak bideratuko dira, hurrenez hurren, preso edo preso-ohiei eta osasun mentaleko arazoekin tratamenduan dauden pertsonei zuzendutako jardueretarako, gizarte-bazterketako beste faktore batzuk ematen direnean.
300.000 euro gizarteratzeko etxebizitza-programak eta gizarte- eta bizitegirako esku-hartze eta diagnostikoko beste jarduera batzuk
Azkenik, etxebizitza-arloan hainbat jarduera aurreikusi dira, talderik ahulenak gizarteratzeko.
Horien artean daude auzo eta udalerri zaurgarrietan bizikidetza hobetzeko jarduerak, gatazkatsuak izan daitezkeen horietan etxegabetasuna eta bizitegi-bazterketa eten edo arintzeko.
2020rako, 300.000 euroko aurrekontua aurreikusi da, bi modalitate horietan (Gizarteratzeko Alokairuko Programa eta beste bizitegi- eta gizarte-jarduera batzuk).
Programa horren bidez, urtez urte, etxebizitza berriaren sustapenak egiten dira, Nasuvinsa sozietate publikoak eta beste sustatzaile pribatuek emandako etxebizitzen ehunekoarekin eta alokairu-burtsari esker lortutakoekin.