Descárgate la app
Nafarroak departamentu arteko komisioa sortuko du COVID-19 koronoabirusa zonalde berrietara zabaltzearen aurrean
2020ko otsailaren 26a
Nafarroak departamentu arteko komisioa sortuko du COVID-19 koronoabirusa zonalde berrietara zabaltzearen aurrean
Nafarroak departamentu arteko komisioa sortuko du COVID-19 koronabirusaren osasun alertaren aurrean, estatu, erkidego eta foru osasun sisteman bertan koordinazioa sakontzeko. Zentzu horretan, Nafarroak atzo Lurraldeen arteko Kontseiluan adostutako protokoloari jarraituz prebentzio eta zaintzarako dispositibo osoa eguneratu du. Bileran izan zen Santos Indurain Osasun Departamentuko kontseilaria.
Nafarroak departamentu arteko komisioa sortuko du COVID-19 koronabirusaren osasun alertaren aurrean, estatu, erkidego eta foru osasun sisteman bertan koordinazioa sakontzeko. Zentzu horretan, Nafarroak atzo Lurraldeen arteko Kontseiluan adostutako protokoloari jarraituz prebentzio eta zaintzarako dispositibo osoa eguneratu du. Bileran izan zen Santos Indurain Osasun Departamentuko kontseilaria.
Protokoloan zona berriak sartu dira; hala nola, Italiako Iparraldea, Txina osoa, Hego Korea, Iran, Japonia eta Singapur, ikertzeko kasu posiblea definitzeko irizpide epidemiologikoen zati gisa. Orain arte, Nafarroako Ospitale Gunean (NOG) egindako hamabi probak negatiboak izan dira. Ospitale horrek nahiz Tuterako eta Lizarrako ospitaleek edota Lehen Arretako sarea eta larrialdietako zerbitzu ezberdinak prestatuta daude, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) eta Osasun Departamentuak berak koordinatzen ditu, edozein gertaerari aurre egiteko.
Santos Indurain Osasun kontseilariak, Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak eta Marian Nuin NOPLOIko zuzendari kudeatzaileak gaur prentsaurrekoan azaldu dituzte osasun-errealitate orokorraren aurreko protokolo ezberdinak eta gomendioak; Nafarroak egoera aldakorraren araberako giza baliabideak eta baliabide materialak jarri ditu.
Indurain kontseilariak departamentu arteko organo bat sortzeko proposamena egin du gaurko gobernu-bileran, Nafarroako Gobernuko departamentu ezberdinen artean jada garatzen ari diren koordinazioa finkatzeko, etengabe aldatzen ari den alertari begira; hots, COVID-19 Koronabirusa.
Batzordeko kideak
Hasiera batean, Osasun Departamentua izango da batzorde horren burua, eta ondorengo Departamentuek osatuko lukete: Hezkuntza; Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barne Departamentua; Herritarrekiko Harremanak; Garapen Ekonomikoa eta Enpresariala; Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala; Migrazio Politikak eta Justizia; eta Kultura. Hala ere, kideak eguneratu ahal izango dira osasun-alertak zer-nolako bilakaera duen kontuan hartuta. Nafarroako Gobernuak batzorde hori sortzea erabaki du gaurko bileran, eta laster eratuko da.
Estatu-mailan, jada badago Ministerio arteko Batzordea, eta koordinazio multisektorial baten beharra ikusi da eta administrazio-maila guztietan, gainera. Ideia hori azpimarratu zuten Osasun-arloko Lurralde arteko Kontseiluaren bileran.
Aldi berean, Foru Komunitatean, Osasun Departamentuko Osasun Alerten Batzordea atzo bildu zen hirugarren aldiz, osasun-krisiaren hasiera ondoren, autonomien eta Estatuaren artean koronabirusaren aurrean adostutako protokolo berria egokitzen amaitzeko nahiz Nafarroako osasun-dispositiboak edozein gertaera artatzeko prest daudela egiaztatzeko, egon daitezkeen kasuak detektatze edo, egonez gero, ondorengo tratamenduak egite aldera.
Detektatzeko eta susmoetarako osasun-dispositiboa
NOGek gaitasuna badu PCR bezala ezagutzen den proba diagnostikoa azkartasunez egiteko eta kasu susmagarriak negatiboak diren baztertzeko. Era berean, ospitale nagusiek, Lehen Arretako Osasun Etxeek eta larrialdietako zerbitzuek egungo testuinguruan beharrezko moduan aurreikusten diren giza baliabideak, baliabide materialak eta bereziak badituzte.
Dispositiboak uneoro eta egoeraren aurreko aldaketen aurretik egokituko dira. Aldi berean, Osasun Departamentuak harremanen sarea abian jarri du arlo politikoekin, sindikalekin, sozialekin eta soziosanitarioekin, osasun publikoko eta interes orokorreko gaiaren inguruan koordinazio-ideia sakontzeko.
Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak zuzentzen ditu eguneroko lanean Ministerioarekiko nahiz Nafarroako osasun-sare publiko zein pribatuekiko harremanak, eta gogoratu du indarrean jarraitzen dutela azken egunetan herritarrei jada transmititutako oinarrizko aholkuek eta irizpideek. Modu horretan, 112 telefonoan zentralizatuko dira kasu posibleei buruzko kontsultak, sintomak edukitzeagatik eta kaltetutako zonetatik etortzeagatik ( edo kasu positiboekin harreman estua izanagatik); Osasun-aholkuaren telefonoa (948290290) eta consejosalud@navarra.es posta elektronikoa, aldiz, zalantza eta informazio orokorrari buruzko galderak egiteko erabiliko dira.
Bidaietarako gomendioak
Estatu-mailako azken protokoloaren arabera –Europarekin eta OMErekin koordinatua—, arreta bereziko zona bezala izendatu dituzte Txina osoa (Hong Kong eta Macao irlak barne), Hego Korea, Iran, Japonia, Singapur eta Italia iparraldea (Lombardia, Véneto, Emilia-Romagna eta Piamonte), eta egoera hori etengabe eguneratzen joango dira (jarraipena Ministerioaren web ofizialean egin daiteke). Italiako eskualde horiekin Nafarroak zein beste autonomia batzuek harreman nabarmena dute, eta horiek talde horretan sartzeak egoera aldatu du. Horrez gain, kasuen susmoak eta positiboak areagotu egin dira estatu-mailan, guztira 8 orain arte.
Foru Komunitatean, ordea, orain arte, kasu guztiak negatiboak izan dira. Aste honetan, Italiatik etorritako pertsonen hamabi susmo prozesatu dira, hezkuntza-arloarekin, lanarekin edo aisiarekin loturikoak. Osasun Departamentuak prebentziozko osasun-politika hori jorratzen jarraituko du, sentsibilitate handikoa, egon daitezkeen kasuak aurretik detektatzeko, baina komunikazioari dagokionean, egiaztatutako kasuen berri emango du.
Zona zehatz horietatik iritsi diren edo iritsiko diren pertsonei dagokienean, Osasun Departamentuak gogoratu du hasierako protokoloak indarrean jarraitzen duela; alegia, ez dela beharrezkoa isolamenduak egitea edo osasun-zentro batera joatea, sintoma klinikoen (eztula, sukarra, disnea,…) eta epidemiologikoen irizpideak daudenean izan ezik.
Arreta bereziko zonetara joateko debekurik ez dago, sarrera murriztuko hiriak kenduta, herrialde bakoitzeko osasun-agintari arduradunen erabakien arabera, baina ez bidaiatzea gomendatzen da, ezinbestekoa ez bada behintzat, eta higienearen eta norbera babestearen gaineko ohiko neurriak hartzea.