Nafarroako Gobernuak omenaldi batekin agurtu ditu 2019an erretiroa hartutako edo hildako 615 funtzionario

Nafarroako Gobernuak omenaldi batekin agurtu ditu 2019an erretiroa hartutako edo hildako 615 funtzionario

Chivite Lehendakariak eskerrak eman dizkie herritarren zerbitzura egindako lan garrantzitsuarengatik

2020/02/14
Funtzionario Jubilatuen omenezko ekitaldiaren une bat. 

Nafarroako Lehendakaria, Maria Chivite, izan da eguerdi honetan 2019an erretiroa hartutako edo hildako 615 funtzionario agurtzeko Nafarroako Gobernuak egindako aintzatespen ekitaldiaren buru.

María Chivitek eskerrak eman dizkie Foru Administrazioaren eta herritar guztien izenean zerbitzu publikoarekiko izandako konpromisoarengatik, eta haiek egindako lana garrantzitsua dela nabarmendu du, bakoitza edozein eremu eta erantzukizunetan arituta ere, “kateko maila bakoitzak errendimendu osoz lan egin behar baitu sistemak aurrera egin dezan, eraginkorra izan dadin eta pertsonak artatu ditzan”, azpimarratu du.

Lehendakariarekin batera izan dira ekitaldian lehen lehendakariordea eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi.

Guztira, 615 pertsona omendu dituzte. Horietatik 601ek 2019an hartu zuten erretiroa (406 emakume eta 195 gizon) eta beste 14 kasu iaz hildako langileak dira (8 gizon eta 6 emakume). Sektoreka, ugariena Hezkuntza da, 245 pertsonarekin (151 emakume eta 94 gizon). Jarraian honako hauek daude: Administrazio Nukleoa, 185 (110 emakume eta 75 gizon); Osasuna, 174 (143 emakume eta 31 gizon); eta Justizia, 11 (8 emakume eta 3 gizon).

Omenduek diploma bat eta Nafarroako ezkutua duen bereizgarria jaso dituzte. Ekitaldia hirukote batek girotu du musikarekin.

Lehendakariaren hitzaldia

Hitzaldian, Lehendakariak gogoratu du Administrazioak pertsonen bizitzan duen eragina, hezkuntza, osasuna, segurtasuna, zergak, e.a. bezalako eremuetan. “Administrazioa politika publikoak erabakitzen eta kudeatzen diren lekua baino askoz gehiago da. Pertsonen, haien arazoen, premien, proiektuen eta bizitzaren zerbitzura dagoen tresna da”, zehaztu du.

Hori dela-eta, funtzionarioen lanak “gizarte osoaren errekonozimendua merezi du, zuzenean edo zeharka, zuekin harremanetan jarri behar izan baitu”.

Lehendakariak, halaber, maitasun eta oroitzapen hitzak adierazi ditu iaz hildako langileentzat. Gainerakoei, berriz, beren bizitzako etapa berriaz gozatzeko esan die. “Asko duzue egiteko eta bizitzeko; hortaz, aprobetxatu minutu bakoitza eta ahalik eta gehien gozatu”, amaitu du.