2020ko otsailaren 7a

Nafarroa EuroVelo3 bizikleta ibilbidean sartu da 'Bicimugi' -rekin, mugikortasuna eta lurralde garapen iraunkorra sustatzeko

Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta Foru Komunitateak Orreagan zehar lotuko dituen ziklo-tarte bat garatzeko mugaz gaindiko lankidetza-proiektu hau aurkeztu du Aierdi lehendakariordeak Nafarroa Behereko Saint-Palais herrian
Eurovelo sarea
Eurovelo sarea  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroa Orreagako pasabidearen bidez konektatuko da Europan diseinatzen ari diren EuroVelo bizikleta-ibilbide handiekin, landa-inguruneetan egituraketa, lurralde-kohesioa eta tokiko garapen iraunkorra sustatzeko ardatz gisa. Foru Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako lehendakariorde eta kontseilari José Mª Aierdik eta Pirinio Atlantikoetako departamendu frantseseko Kontseilu Nagusiko presidente Jean-Jacques Laserrek Bicimugi proiektua aurkeztu dute gaur, Saint-Palais herrian. Lan honek Pirinio Altantikoetako departamentu frantsesarekin lankidetzan, lurralde garapen iraunkorraren ardatz gisa ziklo-ibilbideen garapena jasotzen du.

Bizimugi mugaz gaindiko lankidetza-proiektua EuroVelo3 ibilbideko hirigintza-plangintzan sartu nahi da, mugikortasun iraunkorraren eta irisgarritasun unibertsalaren ikuspegitik, Foru Komunitateari dagokionean; era berean, azpiegiturak eta bestelako neurriak garatu nahi dira txirrindularitza-ibilbide horrek inguruan jarduera sor dezan, lurraldea, nekazaritza-turismoa eta ekonomia garatzeko nahiz tokiko produktuak sustatzeko edo ingurune naturalari balioa emateko potentzialtasun garrantzitsuak eskaintzen baititu.

Lurraldearen eta iraunkortasunaren Nafar Agentzia, Lursarea, Nasuvinsa sozietate publikoaren barnean sartua dagoena, Europako beste sei bazkiderekin batera landutako proiektu hori diseinatzen eta garatzen arituko da datozen bi urtetan, Logroño, Iruña eta Orreaga Frantziatik datorren txirrindularitza-ibilbidearekin lotzeko bidea sortzeko. Proiektua FEDER funtsekin finantzatu da, UE Interreg V-A POCTEFA programaren bitartez.

“Lurralde bizia eta aktiboa”

“EuroVeloa bezalako ekimenek lurralde bizia eta aktiboa sortzen laguntzen dute benetan, eta jarduerak eta giza harremanek eta gure herrietako eta eskualdeetako toki-garapenak benetako protagonistak bilakatzen dira”, adierazi du Aierdi lehendakariordeak. Bizimugi aurkezteko ekitaldian, Aierdirekin batera izan dira Foru Exekutiboaren Turismo eta Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusiak, Maitena Ezkutari eta Rubén Goñi, hurrenez hurren; Lursareako teknikaria eta proiektuaren zuzendaria, Uxue Itoiz; edota Pirinioetako bi aldeetako toki-erakundeetako ordezkari ezberdinak; toki-ekintzako taldeak; eta sektoreko bestelako agenteak; Pirinio Atlantikoetako Frantziako Departamentuko agintariez gain.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako titularrak ekimenak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du toki-ekonomia sustatzeagatik turismoa bezalako sektoreen bitartez, eta despopulazio aldetik landa-eremu kaltetuenetan bereziki enplegua sortzea bultzatzen duelako; adibidez, Pirinioan, Aurrepirinioan edo Lizarraldean.

Bizimugiren helburua da euro-eskualde hau EuroVelo txirrindularitza-sarean sartzea, zehazki 3. ibilbidean (EV3), Erromesen ibilbidea deiturikoan, bizikleta mugikortasun iraunkorraren eta lurralde-kohesioaren faktore gisa erabiltzea sustatzeko. Nafarroako Lursarea agentziarekin batera, mugaz gaindiko bazkide gisa proiektuan parte hartzen dute baita ere Pirinio Atlantikoetako Departamentuak, Saint-Palais eta Estérençuby/Ezterenzubi udalerriek, La Rioja Turismo sozietate publikoak eta Europako Txirrindularitza Fundazioak (ECF).

Nafarroan, halaber, Europako proiektuarekin bat egin dute tokiko beste 12 bazkidek (EV3 egokitzeko lanak erakunde horietan egingo dituzte). Zehazki, honako hauek dira: Erroibar, Luzaide, Orreaga, Auritz, Longida, Artzibar eta Agoitzeko Udalak, Aezkoa Ibarreko Batzordea eta Aurizberriko Kontzejua, Arantzadi zientzien elkartea, Cederna Garalur eta Orreagako Kolejiataz gain.

Egokitzeko eta mantentzeko lanak

Udalekin sinaturiko hitzarmenaren arabera, Nasuvinsa sozietate publikoak egokitzeko lanak egingo ditu, eta toki-erakundeek arduratu beharko dute bidearen mantentze-lanak egiteaz eta bidea sustatzeaz zortzi urteko denboraldian. Bizimugi datorren bi urte eta erdiko denboraldian garatuko da, 4,4 milioi euroko aurrekontuarekin. 1,1 milioi Nafarroako Gobernuak jarriko ditu —%65 FEDER funtsekin finantzatuta—, Proiektu Estrategikoetako eta Turismoko zuzendaritza nagusien eta Nasuvinsa sozietatearen bitartez.

Iparraldean, EV3 Orbaitzetatik abiatuko da, eta Orreagara bitarte lehendik dauden bideetan igaroko da —Luzaiden konektatzeko adar bat egongo da transfer zerbitzuaren bidez—, eta handik Auritzeraino jarraitzen du Done Jakue Biderako ordezko pista batetan. Artzibarrekin erromatar galtzadaren bidez konektatzen du, Iratiko Bide Berdera bitarte Agoitzen, eta, horrela, Iruñaraino lotuko da. Azkenik, Nafarroako hiriburuan, EV3 EV1ekin lotzen da (Atlantikoko Kostako ibilbidea), eta Done Jakueren pareko trazatu batetik, Vianara iritsi eta Errioxan sartuko da.

Foru Komunitatean igarotzen den ibilbidea xehetasunez definitzea izango da Lursarea agentziako taldeak datozen hilabetetan bereziki egin beharreko lanetako bat. Horretarako, aurretiko zenbait irizpide ezarri dituzte; esate baterako, lehendik dauden bideak lehentasunez erabiltzea, modu horretan sinergiak sortuaz, lehendik dauden baliabideak optimizatuaz eta horiei balio erantsia emanaz. Hori dela-eta, lehen jardueren artean, baso-pista horiek bizikletaz ibili ahal izateko bide moduan egokitu beharko dira, ondoren bigarren fase batean oinarritzeko; hots, bidea seinaleztatzeko lanetan.

Gainerako erkidegoei dagokienean, Errioxan EuroVelo 3ko ibilbidea bat dator 1. ibilbidearekin, Done Jakue Bidea bizikletan bezala markatuta eta identifikatuta egongo diren zati batzuetan izan ezik. Pirinio Atlantikoetako Departamentuak, aldi berean, EV3ko ibilbidearen zatiaren garapena eta seinaleztapena koordinatuko ditu, Urt-etik hasi eta Estérençuby/Ezterenzubira bitarte. Horrez gain, Puyoô -Mauléon trenbide zaharreko zatiak bide berde bilakatuko ditu Escos, Abitain, Autevielle eta Arbouet udalerrietan. Saint-Palais herriak hirigunea batzeko asmoa du txirrindularitza-ibilbideen bitartez, EV3 egitura erabiliaz. Bestalde, Europako Txirrindularien Federazioak (ECF) bazkideen eskura jarriko du landa-eremuetan txirrinduaz mugitzeko arloan eta Europako Ziurtagiri Araudiaren (ECS) irizpideak betetzen dituzten kalitatezko txirrindularitza-ibilbideen garapenean duen esperientzia.

Ekintza zehatzak

Aurreikusitako ekintzen artean, honako hauek aurkitzen dira: landa-gunean bizikleta erabiltzearen gainean sentsibilizatzea —bereziki ikasleen eta adineko pertsonen artean—, dibertsitate funtzionaleko pertsonentzat ibilbide irisgarriak diseinatzea, zikloturistentzat zerbitzuak ibilbide osoan zehar eskaintzea, azpiegiturak eta seinaleak garatzea, begiztak diseinatzea alboetako herriak ibilbide txikiagoen bitartez konektatzeko bizikletan eguneroko ibilbide laburrak eginaz edo garraio publikoarekin intermodalitatea sustatzea eskualdean mugitzeko.

Europako EuroVelo txirrindularitza-sarea distantzia luzeko 15 ibilbideren sarea da, kontinentea iparraldetik hegoaldera batzen du, eta zikloturistek nahiz tokiko biztanleek oro har erabiltzeko moduan egokituta dago, eguneroko joan-etorriak egiteko. 5.000 kilometrotik gorako ibilbidea osatzen du herrialde hauetan zehar: Norvegia, Suedia, Danimarka, Alemania, Frantzia eta Espainia.