ALBISTEAK
Landa Garapeneko Departamentuak 1,7 milioi bideratu ditu nekazaritzakoak ez diren enpresak eta jarduerak sortzeko diru-laguntzen bi deialditarako
Nafarroako landa eremuetako despopulazioa saihestea helburu duten diru laguntza horiek eskatzeko epea zabaldu dute
Asteartea, 2020ko Urtarrilaren 28a

Foru Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bitartez, datozen bi urteetan Nafarroako landa eremuetan nekazaritzakoak ez diren enpresak eta jarduerak sortzeko diru laguntzen bi deialdi onartu ditu.

Horrela geratu da jasota, gaur, urtarrilaren 27an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako Landa Garapen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Fernando Santafé zuzendari nagusiaren ebazpen banatan.

Helburu nagusia landa eremuetako despopulatzea saihestea da, eta lan-aukera berriak sustatzearen bidez landa-lurraldeko dinamizazio ekonomiko eta soziala bultzatzea. Izan ere, nekazaritzakoak ez diren jardueretara dibertsifikatzean, nekazaritzaren sektorean lehiakortasuna sustatzen da, eta, Iruña kenduta, Nafarroa osoa hartzen da landa-lurraldetzat.

2014-2020 Nafarroako Landa Garapeneko Programaren barruan, Europar Batasuneko FEADER funtsak % 31an batera finantzatutako 1,7 milioiko dirulaguntza emango da, 2020 eta 2022 urteetarako.

Enpresak sortzeko dirulaguntzak

Otsailaren 27an amaitzen da nekazaritzakoak ez diren jardueretarako enpresak sortzeko dirulaguntzak eskatzeko epea.

Enpresa-plan batean oinarrituz Nafarroako landa-eremuan ekoizpen-jarduera bat martxan jarri nahi duten Nafarroako Nekazaritza Ustiapenen Erregistroan izena eman dauden nekazariei eta lehen graduko ahaideei zuzenduta daude.

Dirulaguntza 37.275 euroko hobari bakarra izango da, eta bitan banatuko da: lehenbiziko zatia 2020an (emakida baino 9 hilabete lehenago eskatu behar da) emango da, eta bigarrena, berriz, 2022an (2022ko apirilaren 15a baino lehen eskatu behar da).

Nekazaritzakoak ez diren jardueretarako dirulaguntzak

Martxoaren 27an amaitzen da nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortzeko eta garatzeko dirulaguntzen eskaera-epea.

Dirulaguntzak Nafarroako landa-eremuan nekazaritzakoak ez diren ekoizpen-jarduerak sortu eta aurrera eramateko dira, eta Nafarroako Nekazaritza Ustiapenen Erregistroan izena eman dauden nekazariek eta lehen graduko ahaideek eta nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien mikroenpresa edo enpresa txikiek eska ditzakete.

Dirulaguntzak hainbat jarduera-eremutara bideratuko dira, horien artean: ingeniaritza, arkitektura, aholkularitza, albaitaritza, informazioaren teknologiak, gizarte-zerbitzuak, arte- eta artisau-lanak, landa-turismoa, kirol- eta olgeta- jarduerak.