2020ko urtarrilaren 14a

Nafarroako Gobernuak 800.000 euroko inbertsioa egin du Erribera Garaian bost garbigune abian jartzeko

Ciriza kontseilariak inauguratu ditu Cadreita, Faltzes, Funes, Martzilla eta Milagron kokatutako instalazio berriak
Foru eta tokiko agintarien argazkia Milagroko garbigunea bisitatzen.
camera_alt Foru eta tokiko agintarien argazkia Milagroko garbigunea bisitatzen.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak 795.388 euroko inbertsioa egin du Cadreita, Faltzes, Funes, Martzilla eta Milagron kokatutako bost garbigune berriak abian jartzeko. Gune horietan hondakin bereziak jasoko dira eta gaikako bilketa hobetu.

Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza izan da gaur goizean instalazio berrien inaugurazioan. Instalazio horietan, herritar partikularrek sortutako etxeko zaborrak utzi, ezabatu eta birziklatu ahal izango dira, enpresek beren hondakinak zuzenean kudeatu behar baitituzte baimendutako birziklagailuekin, legeak hala eskatuta.

Cirizarekin batera izan dira Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús Mª Rodríguez; NILSAko kudeatzailea, Fernando Mendoza; eta Erribera Garaiko Hondakinen Mankomunitateko lehendakaria, Belén Cerdán. Instalazio berrien inaugurazio ofizialaren ondoren, Milagron kokatutako garbigune berria bisitatzera joan dira.

Bost garbigune berriak eraikitzeko proiektua aurrera eramateko guztira 1.203.652 euroko inbertsioa egin behar izan da, BEZ barne. Foru Gobernuak 795.388 euro jarri ditu Tokiko Inbertsio Planaren bitartez; Nafarroako Hondakinen Kontsortzioak, berriz, 199.365 euro jarri ditu kontsortzio-intereseko inbertsio-planaren bitartez; eta Erribera Garaiko Hondakinen Mankomunitateak 208.899 euro jarri ditu obraren zeharkako zergak ordaintzeko.

Bertan uzteko hondakin-motak

Instalazio berrietan, ondorengo hondakinak utzi ahal izango dira: azidoak, baseak (soluzio alkalinoak), automozioko olioak eta iragazkiak, argizariak eta erabilitako koipeak, erregaiak, kutsatutako materiala, disolbatzaileak, fitosanitarioak, pelikulak eta argazki-papera, argazkigintzako likidoak, pintura, PB bakteriak, li-ni-cd bateriak, pila alkalinoak (ez arriskutsuak), botoi-pilak, garbiketa-produktuak, sailkatu gabeko produktu kimikoak, botika zaharkituak, aerosolak, hautsezko itzalgailuak, fluoreszenteak, tonerrak, tintak eta inprimatzeko zintak, kutsatutako ontzi metalikoak, kutsatutako ontzi plastikoak, big-bag zakuak, grg 1000l berreskuratuak, grg 1000l berreskuratuak (irekia), grg 1200l berreskuratuak, grg 1200l berreskuratuak (irekiak), 200l bidoi tapoia berreskuratuak eta 200l bidoia uztai-balezta, behar bezala bereizita.

Bestalde, obrako hondakinak edukiontzi independentean utziko dira. Gainerako deposituak biltegiratzeko estalitako zona batean egongo dira.

Kokapena eta ordutegiak

Cadreitako garbigunea 3. Poligonoan dago, 101 Partzelan, La Nava poligonoaren barnean, eta guztira 560,82 m2-ko azalera du. Nafarroako Gobernuak 142.654 euroko inbertsioa egin du instalazio horretarako. Gunea irekita egongo da asteartetan eta ostegunetan, 11:00etatik 14:00etara, eta larunbatetan, 9:00etatik 13:00era.

Faltzesko garbigunea 1. Poligonoan aurkitzen da, 424 Partzelan, A Azpipartzelan, Arga ibaiaren ondoan, eta guztira 729 m2-ko azalera du. Exekutiboak 150.053 euroko inbertsioa egin du. Garbiguneak ordutegi hau izango du: asteartetan, 10:00etatik 13:00era; ostegunetan, 16:00etatik 19:00etara; eta larunbatetan, 9:00etatik 13:00era.

Funesko garbiguneak 729 metro karratuko azalera du, eta 4. Poligonoko 576 Partzelan aurkitzen da, abeltzaintzako poligonoan. Nafarroako Gobernuak 155,631 euro jarri ditu instalazio hau egiteko. Garbigunea irekita egongo da astelehen eta asteazkenetan, 16:00etatik 18:00etara, eta larunbatetan, 9:00etatik 13:00era.

Bestalde, Martzillako garbigunerako 189.484 euroko inbertsioa egin du Foru Exekutiboak. 6. Poligonoan aurkitzen da, 184 Partzelan, El Campillo industria-guneko 1. Azpieremuan, B kalea, S-P. Azalera guztira 729 metro karratuko da. Instalazioa irekita egongo da 10:00etatik 13:00era, astearte eta ostegunetan; eta 9:00etatik 13:00era, larunbatetan.

Azkenik, Milagroko garbigunerako 157.564 euroko inbertsioa behar izan da, 729 metro karratuko instalazioa prestatzeko. Gunea 1. Poligonoan dago, 441 Partzelan, NA-134 errepidea eta herria lotzen dituen errepidearen alboan. Martzillako garbigunea bezala, Milagrokoa ere astearte eta ostegunetan irekiko da 9:00etatik 13:00era, eta larunbatetan, 9:00etatik 13:00era.