ALBISTEAK
“Jaso dezala eskua Publikoan ikasi nahi duenak!”, 2020-2021 ikasturterako Haur eta Lehen Hezkuntzako onarpen-kanpainaren goiburua
Eskaerak egiteko epea otsailaren 3tik 7ra bitartekoa izanen da
Asteartea, 2020ko Urtarrilaren 14a

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gaur aurkeztu du 2020-2021 ikasturterako eta Haur eta Lehen Hezkuntza zikloetarako, aurrematrikularen ohiko epearen barnean ikastetxeetan onarpena egiteko kanpaina.

“Jaso dezala eskua Publikoa ikasi nahi duenak!” goiburua aukeratu du aurten Hezkuntza Departamentuak, izena ematean Foru Komunitateko hezkuntza-sare publikoa lehenestera animatzeko ikasleak.

Hezkuntza kontseilariak, Carlos Gimenok, familia-unitateak animatu ditu ikasleen aurrematrikulak ikastetxe publikoetan egitera, eta eskola publikoetako hezkuntza-komunitateek duten kalitatea nabarmendu du. Gimenok, alboan Gil Sevillano Hezkuntza zuzendaria zuela, agerian jarri du eskola publikoak duen balorea, gertutasunagatik, auzoetara irekia egoteagatik eta Nafarroako hiri eta herri guztietako nortasun-ikur izateagatik.

Hezkuntza kontseilariak gaineratu duenez, eskola publikoak hezkuntza-sistema egonkorra bermatzen du, berdintasunean oinarritua, bikaintasunari begirakoa, baterako hezkuntza eta barneratzea eskaintzen dituena, eta aukera-berdintasun eraginkorra sustatzea eta bazterkeria oro ezabatzea oinarrizko xede dituena. Halaber, Gimenok adierazi du hezkuntza publikoak aukera ematen duela nahi den hizkuntza-ereduan ikasteko, Nafarroako edozein tokitan bizi izanda ere.

lanean ari da jadanik 2020-2021 ikasturteko aurrematrikulan ikasle behartsuenak ikastetxeetan era egokiago eta orekatuagoan banatuko dituzten mekanismoak eskura izateko, baina edonola ere, eta indarrean dagoen legedia kontua izanik, Gimeno kontseilariak oroitarazi du 8/2015 Foru Aginduaren 8. Oinarriak aukera ematen duela tokiak gordetzeko, hezkuntza-laguntzaren eremuan beharrizan espezifikoak dituzten ikasleak eskolaratze aldera. Ikastetxe bakoitzak, publikoa zein pribatua izan, taldeko 2 toki gorde behar ditu sozialki eta kulturalki bazterketa-egoeran dauden ikasleentzat, bai Haur Hezkuntzako bigarren zikloan bai Lehen Hezkuntzan, eta aurretiko izen-ematearen epea bukatu arte. Tokien erreserba familiek beraiek eska dezakete, aurretiko izen-ematerako inprimakian adieraziz. Eskari horrekin batera, dagokion txostena aurkeztu beharko da.

Otsailaren 3tik 7ra

Onarpen-eskaerak eta baremoari dagokion dokumentazioa otsailaren 3tik otsailaren 7ko 14:00etara aurkeztu beharko dira.

Iazko kanpainarekin alderaturik, ez dago aldaketa esanahitsurik baremoez, lehentasun-irizpideez edo irizpide osagarriaren aplikazioaz den bezainbatean. Azken hori Iruñeari eta haren bailarari baizik ez dagokio, eta etxebizitzaren edo gurasoren baten lantokitik lehenbizi hautatutako ikastetxera arteko distantziarekin zerikusia du. Ikasleak 2020-2021 ikasturterako onartzeko prozedura, uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuak onetsitako Eskola Mapa berriaren araberako lehena izanen da.

Aitzineko urteetan bezala, eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu beharko du ezarritako epeen barnean. Eskabide hori lehenik hautatutako ikastetxeko administrazioari eman beharko zaio.

Nafarroan bizi diren eta 2017an jaio ziren haur-kopurua 5.973koa da.

Onarpen-prozesuan suertatzen diren berdinketak ebazteko zozketa publikoa Hezkuntza Departamentuan eginen da otsailaren 14an, 13:00etan, eta onartutakoen behin-behineko zerrenda martxoaren 2an argitaratuko da ikastetxe guztietan. Behin-behineko zerrenda horri erreklamazioak aurkezteko epea martxoaren 9tik eta 10era (14:00etan) bitartekoa izanen da.

Martxoaren 12an argitaratuko da onartutako ikasleen behin betiko zerrenda, eta Departamentuak martxoaren 13an hasiko den eta hil bereko 24an bukatuko den prozesu baten bitartez esleituko ditu onartu ez diren ikasleentzako ikas-tokiak. Martxoaren 24an jakinaraziko da, halaber, Departamentuak tokia esleitu dien hiru urteko ikasleen zerrenda.

Ondoren, martxoaren 25a eta 27a bitartean, hiru urteko ikasleen matrikula egiteko, eta hala dagokien kasuetan, aukera hobetzea eskatzeko epea zabalduko da.

Geroago, ekainaren 22tik 25era, bertze ikasle guztien matrikula egiteko epea zabalduko da. Ikasle bakoitzak onartua izan den ikastetxean egin beharko du urrats hori.

Hiru urteko ikasleek hobetzeko hautuari uko egiteko epemuga ekainaren 30a izanen da, 14:00etan.

Hautu-hobekuntzaren ondoren onartutako 3 urteko ikasleen behin betiko zerrenda irailaren 4an ezagutaraziko da, eta hautu-hobekuntza eta ezohiko epea eskuratu duten hiru urtekoen matrikulazioa irailaren 11 eta 14a bitartean eginen da.

Eskaerei baremoa ezartzea

Ikas-toki huts baino eskera gehiago duten ikastetxeetako organo eskudunek baremoak ezarriko dizkiete aurkeztutako eskaerei. Berdinketarik izatekotan, honako irizpide hauek lehentasun-ordenan aplikatuz ebatziko dira: 

Zozketa publikoa Hezkuntza Departamentuan, ikasleak onartzeko eskuduntza duen sailaren aitzinean, eta Ikuskaritza Zerbitzua bertan dela.

Lehentasunezko irizpideak

Ikastetxean matrikulatutako anai-arrebak, edo bertan lan egiten duten gurasoak edo legezko tutoreak izateak 4 puntu ematen ditu baremoan, eta bertze puntu 1 gainerako anaia, arreba edo ahizpa bakoitzeko.

Gainera, etxebizitza ikastetxearen eragin-eremuan duten ikasleei 4 puntu ematen zaizkie; eta 2 puntu, etxebizitza eragin-eremuaren mugan badago. Etxebizitza egiaztatzeko, dagokion udalak emandako txartela edo errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da. Onarpenari dagokionez, aukera izanen da eskaeretan gurasoren baten edo legezko tutoreren baten lantokiak ordezteko etxebizitza; kasu horretan, 4 puntu jasoko dituzte ikastetxearen eragin-eremuan daudenek. Lantokia egiaztatzeko, enpresaren jabeak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Langilea utonomoek, berriz, bertako udalak emandako JEZ (Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga) agiria aurkeztu beharko dute. Betiere, lantokia egiaztatzen duen dokumentuak 2020ko urtarrilaren 1en ondorengoa izan behar du.

Familia-unitatearen per capita errenta kalkulatzeko, berriz, oinarri likidagarria zatituko da unitateko kide-kopuru osoaren artean.

Hauek dira errenta- eta puntuazio-tarteak:

Ofizialki egiaztatutako desgaitasuna dutenen konkurrentzia izatekotan, desgaitasuna duena ikas-tokia eskatu duen ikaslea bada 2 puntu emanen dira, eta desgaitasuna duena guraso, anaia, arreba edo ahizpa bada, 0,5 puntu, betiere ofizialki egiaztatuz gero.

Familia ugarikoa izatea egiaztatzeagatik puntu 1 jasotzen da.

Irizpide osagarria

Lehentasunezko Irizpideen bidez ikastetxean ikasleak onartzeko lehentasun-ordena ezarri ezin izan denean bakarrik erabiliko da Irizpide Osagarria.

Ikastetxe bakoitzean eskuduntza duen organoak 0,5 puntu emanen dio etxebizitza, edo gurasoren baten edo legezko tutoreren baten lantokia, hautatutako lehen ikastetxetik 1500 metro baino gutxiagoko distantziara duten eskatzaileei, kontuan izanik etxebizitzaren kasuan haren altak 2020ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izan behar duela. Lantokiaren kasuan, nahitaezkoa izanen da 2019ko abenduaren 31n bertan lanean egon izana.

Aurretiko izen-ematearen unean hautatu beharko da bi aukeretatik bat: etxebizitza edo lantokiaren egoitza.

Informazio gehiago:

www.prematricula.navarra.es

948 012 012 / 012

Familia-unitateentzako eta ikasleentzako aholkularitza: 848 42 66 17

Posta elektronikoa: nescolar@navarra.es