2019ko abenduaren 26a

Etxebizitza eta Hirigintzako aurrekontuekin arrazoizko alokairuaren eta eraikitako hiriaren birgaitzearen aldeko apustu irmoak egin dira

Aierdi lehendakariordearen Departamentuak, 50,4 milioi euroko aurrekontua eskuartean duela, 13,6 milioi jarriko ditu etxebizitzak alokatzeko laguntzetarako eta beste 27 milioi eraikinak birgaitzeko eta hiria berroneratzeko proiektuetarako

Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak 50,4 milioi euroko aurrekontua egin du 2020. urterako, eta 46,2 milioi euroko gastu-mugako inbertsioa aurreikusi du (iazko ekitaldikoa baino %15 bat gehiago). Era horretan, Foru Exekutiboak alokairua sustatzeko apustua bultzatu nahi du, etxebizitza izateko eskubidearen eskaerari eta eraikinak birgaitzeari erantzuna emate aldera, finkatutako hiria berroneratzeko estrategiaren barnean, hiri-periferian higiezinak sustatzearen aurreko aukera gisa.

Jose Mª Aierdik zuzentzen duen Departamentuaren partidak etxebizitzaren alokairu-errentak ordaintzen laguntzeko erabiliko dira, parke publikoan nahiz pribatuan, eta, horretarako, 13,6 milioi euro jarriko dira, hau da, Departamentuaren gastu-muga osoaren %30; etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko proiektuak finantzatzeko, berriz, 27 milioi eurotik gorako diru-laguntza eskainiko da, kasu honetan inbertsio osoaren %58.

Alokairuentzako diru-laguntzei, gainera, EmanZipa eta DaVid programetan aurreikusten diren laguntzak gehitu behar zaizkie. Laguntza horiek gazteentzat eta familia ahulentzat dira, hurrenez hurren, eta 2019ko urtarrilaren 1az geroztik, etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortzen duen Foru Legea garatzen dute, ordainketa aurreratuaren dedukzio eran. Ekitaldi honetan zehar, laguntza horien bitartez 1,2 milioi eman dira, eta 2020rako aurreikusitako neurri fiskaletan, EmanZipa gazteen programa hobetzeko asmoarekin, hartzaileen gehieneko adina gehitu da; hots, 30 urtetik 31 urtera.

Pisu hutsak eskuratzea

Etxebizitzen alokairua sustatzeko laguntzen barnean, halaber, 815.000 euro jarri dira Alokairuen Poltsarako, kontzeptu ezberdinetan; hau da, partikularren pisu hutsak eskuratzeko programa, babestutako errentamendurako erabiltzeko eta, modu horretan, alokairuko etxebizitza-parkearen eskaintza handitzeko. Programa horretan egun 691 etxebizitza daude, 2016an hartutako neurrien aurretik zenbatutako 475 etxebizitzaren aurrean. Horrela, alokairuaren errenta ordaintzea bermatzen die jabeei prezio tasatuarekin, eta kontratua sinatzerakoan diru-laguntza bat ere ematen du, bestelako pizgarri eta abantaila artean.

Azken urteetan izugarri handitu da errentamenduko etxebizitzen eskaera, eta eskaintza hori areagotzearren, Nasuvinsa sozietate publikoak ere, Navarra Social Housing alokairu-planaren barnean, 500 etxebizitza baino gehiago sustatzen ditu; etxebizitza horietatik 180 dagoeneko eraikitzen ari dira, eta gainerakoak 2020. urtean zehar lizitatuko dira.

Birgaitzeko politikei dagokienean, Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren aurrekontuaren aurreproiektuan 26 milioi euroko diru-laguntzak aurreikusten dira partikularrek edo bizilagunen erkidegoek sustatutako proiektuetarako; hau da, Foru Gobernuak duela lau urte helburu horretarako jarritako laguntzen hirukoitza baino gehiago. Proiektuak batik bat arlo hauetakoak izango dira: energia-eraginkortasuna, eraikinen inguratzaile termikoak eta irisgarritasunerako berrikuntza-lanak.

Hirigintza konpaktuaren eta iraunkorraren barnean eta finkatutako hiri-inguruneak berreskuratzeko helburuarekin, Nafarroak azken urteetan bereziki bultzatu ditu etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko eta hiri-ehuna berroneratzeko proiektuak. Modu horretan, urtean ia 60 milioi euroko inbertsioa egiten da Foru Komunitatean, eta Foru Gobernuak %40tik gorako diru-laguntza jartzen du.

Diru-laguntzen partida horri, orobat, EEZB (Etxebizitzak eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoak) eta Nasuvinsak Foru Komunitateko geografia osoan zehar banatuta dituen eskualde-bulegoak finantzatzeko jarritako 1,1 milioi euro gehitu behar zaizkio. Azken 9 puntu horietan, herritarrentzako arreta eta sustatzaileentzako eta bizilagunen erkidegoentzako aholkularitza teknikoa eskaintzen da birgaitzeko proiektuak bultzatzearren.

Bestelako zuzendaritza nagusiak

Bestalde, Jose Mª Aierdiren Departamentuko aurrekontuaren aurreproiektuan guztira 2,5 milioi euro jarri dira Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren inbertsioetarako, eta, tartean, Udalekin egindako hitzarmenetarako gordetako gordailuak nabarmentzen dira –toki-erakundeentzako diru-laguntzetarako 150.000 eurorekin- udal hirigintza-plangintzetan hirigintza iraunkorraren eta inklusiboaren faktoreak sartzeko edo haiek idazterakoan prozedurak azkartzeko, edota Euskal Herriko Arkitekto Urbanisten Elkargoarekin egindako akordioa.

Ekintza horiek Garapen Iraunkorreko Helburuen 2030eko Agendan kokatzen dira, hirigintza-plangintzari eta lurralde-garapenari dagokienean. Hirigintzan aldaketa klimatikora egokitzeko printzipioak edo erronka demografikoa eta zahartze aktiboa bezalakoak sartzen dira.

Azkenik, Departamentuak milioi bat euro jarriko ditu Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusi berriaren ekintzak finantzatzeko. Partida horien artean aipatzekoak dira Foru Komunitateko eskualde ezberdinetan lurraldearen garapen iraunkorreko estrategiak bultzatzeko sortutako programa ezberdinak, eta tartean Pirinioen garapen-planerako erreserbatutako partidetarako 300.000 eurotik gora edo Nafarroako Explora sarea dinamizatzeko ekintzetarako beste horrenbeste. Sare horretan hogeita hamar bat espazio natural biltzen dira, toki-garapenerako ekarle bilakatzearren.