Berrikuntza, iraunkortasuna eta berdintasuna dira 2020rako Nafarroako Aurrekontuen Aurreproiektuaren zutabeak

Aurrekontua 4.557 milioi eurokoa da, aurreko urtean baino %5,7 gehiago eta finantzazkoak ez diren gastuen muga 4.240 milioikoa
2019ko abenduaren 18a
videocam Anteproyecto de Presupuestos de Navarra para 2020 collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua onartu du gaurko saioan. Aurrekontu osoa 4.557 milioi eurokoa da, eta finantzazkoak ez diren gastuen 4.240 milioi euroko muga aurreikusten du, hau da, 223,2 milioi euro gehiago, termino absolutuetan. Gainera, datorren ekitaldirako finantza-gastua 317 milioi eurokoa izanen da. Gizarte-arloak dira aurrekontuan pisu handiena dutenak, eta finantzazkoak ez diren gastu guztien %54 dira.

Nafarroako Gobernuak 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua onartu du gaurko saioan. Aurrekontu osoa 4.557 milioi eurokoa da, eta finantzazkoak ez diren gastuen 4.240 milioi euroko muga aurreikusten du, hau da, 223,2 milioi euro gehiago, termino absolutuetan. Gainera, datorren ekitaldirako finantza-gastua 317 milioi eurokoa izanen da. Gizarte-arloak dira aurrekontuan pisu handiena dutenak, eta finantzazkoak ez diren gastu guztien %54 dira.

Gobernu bileraren ondorengo prentsaurrekoan, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Gobernuak aurreproiektu bat egiteko egin duen esfortzua nabarmendu du, “Berrikuntzan eta talentuan edo iraunkortasunean oinarritutako oparotasuna bilatzean oinarritu dena, 2030eko agenda zabal zeharkakoaren esparruan”. Gainera, Saizen hitzetan, “Onartutakoa hedatu daitezkeen Aurrekontuen aurreproiektua da, eta horiek aukera eta premia dira. Gure ustez, herritar guztientzat dira onak, eta karga sozial handia dute”, esan du.

Gobernu Bilkuran aurreproiektua onartu ondoren, dokumentua Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari, Toki Araubidearen Foru Batzordeari eta Ingurumen Kontseiluari bidaliko zaie, aztertu eta txostena egin dezaten, foru lege proiektu gisa behin betiko onartzeko. Ondoren, Nafarroako Parlamentura igorriko da, bertan eztabaidatzeko eta onartzeko.

Ekonomia, enplegu eta gizarte-eskubide arloko helburuak

Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren partida nagusia Estatuaren karga orokorretarako ekarpen ekonomikoa ordaintzera bideratzen dena da; 2020ko aurrekontuan 585,6 milioi eurokoa da, eta 2019ko hasierako aurreikuspenak baino %7,5 handiagoa da.

Era berean, 2020rako berrikuntza gisa, 600.000 euroraino handitu da "PFEZaren kanpainarako bertze zerbitzu batzuk" izeneko partida. Horretarako, abian jarri da Nafarroako Foru Ogasunaren aurrean zergak ordaindu behar dituzten pertsona fisikoei PFEZaren aitorpenak era telematikoan egiteko eta bidaltzeko laguntza-zerbitzuen kontratazioa.

Finantza Politikako Sekzioak finantzaketa-baldintza onenak bilatzen jarraituko du. Izan ere, banku-erakundeekin izandako negoziazioen eta zorra ituntzeko baldintza egokien ondorioz, 2020rako finantza-gastuak 6 milioi euro murriztu dira aurreko urtearekin alderatuta. Hau da,% 8,17 murriztu dira.

Gainera, finantzaketa jasangarria bultzatuko da, 2019an hasi zen eta 2030 Agendarekin bat datorren proiektua.

Nafarroako Garapen Ekonomiko eta Enpresarialak 83.662.437 euroko aurrekontua du 2020rako.

Departamentu horren barruan, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak Plan Estrategikoak berrikusi eta eguneratuko ditu (Ekintzailetza, Industria, Nazioartekotzea, Gizarte Ekonomia eta Lan Autonomoa), lehiakortasuna, industria-eraldaketa, ETEen nazioartekotzea, ekintzailetza, gizarte-ekonomia eta eskualde-aktibazioa sustatuko dituzten ekintzen bitartez.

Energiarako plana bere bektore guztietan ezartzen eta monitorizatzen jarraitu nahi da, eta energiarako agentziaren sorrera ere bultzatuko da, industria eta meatze arloko antolamendu jarduerarekin jarraitzen den bitartean.

Gainera, Nafarroako Turismoko Plan Estrategikoa hedatuko da, hainbat alderdi indartuz, sektoreko Prestakuntza Plana edo gune turistikoak kudeatzeko lurralde ereduaren garapena, bertzeak bertze.

Bestalde, Gizarte Eskubideen Departamentuko 2020. urterako aurrekontuen lehentasunen artean, Nafarroarako Enplegu Plan berria abian jartzea azpimarratu behar da, eta baita Haur eta Familia, Desgaitasun eta Gizarteratze Planak garatzen jarraitzea ere.

Era berean, oinarrizko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko dekretu berriari ekinen zaio; egoitzei buruzko esparru-akordioa gauzatuko da, itundutako plaza gehiagorekin eta eguneko egonaldietarako zerbitzu berriekin; mendekotasuna duten pertsonen autonomia sustatuko da, eta gizarte-berrikuntzara zuzenduriko hainbat proiektu garatuko dira. Azkenik, aurrekontuak garapenerako lankidetza nabarmen indartuko du, 2020ko aurrekontuaren %0,4 arlo horretara bideratzeko konpromisoa betez.

Osasuna, Hezkuntza, Kultura eta Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala

Osasuna da Gobernuaren lehentasunetako bat, eta lehentasun hori dela eta, ia %7 handitu da Osasun Departamenturako aurreikusirik dagoen aurrekontua.

Gai zehatzei dagokienez, Lehen Mailako Arretari gero eta pisu handiagoa ematearen helburua, 2019ko itxiera-aurreikuspenarekin alderatuta gastu orokorra %3,2 handitzea da, arreta espezializatua % 2,1 igoko den bitartean.

Aurreproiektuan eutsi egiten zaio Ikerketak eta Berrikuntzak duen lehentasunari (Miguel Servet Fundazioari transferentziak, Navarra Biomed-erako eta IDISNArako), eta baita Plangintza Zerbitzuak kudeatzen duen ikerketarako laguntzen deialdiari ere.

Gainera, horrek dakarren gizarte-arazoaz eta laneko istripu-tasari buruzko estatistikez jabetuta, Laneko Osasuneko Ekintza Planaren barruan, istripuen prebentzioa era berezian azpimarratzen da, enpresetarako bisita-proiektuari eta prebentzio-arloko aholkularitzari eutsiz. Gizarte-komunikazioko kanpaina eta laneko ezbeharren prebentzioa indartzeko bertze ekintza batzuk ere aurreikusten dira.

Aurreproiektuak, osasunaren arloan, zentro propioen eta kontsultategien obretan eta erreformetan egindako inbertsioak ere islatzen ditu: 16,6 milioi euro; hau da, aurreko urtean baino %29,01 gehiago, eta 2019an aurreikusitako itxiera baino %35,60 gehiago.

Hezkuntza Departamentuak 2020rako dituen gastuen aurrekontua %9,44 handitu da, 2019ko ekitaldiarekin alderaturik.

Ildo nagusien artean, testuliburuen doakotasun-partidetarako zenbatekoa 4.300.000 €-koa izanen dela aurreikusten da.

Gainera, 2020rako bigarren hezkuntzako irakasleen eta lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoetan oposizioak deitzea aurreikusten da, eta horrek, 2019ko hasierako aurrekontuarekin alderaturik aurrekontua %258 igoko dela esan nahi du.

Bertze alde batetik, LH duala garatzeko eta handitzeko plana diseinatu eta Azpiegitura Plana garatu da, dauden zentroak egokitzera edo/eta hobetzera eta zentro berriak eraikitzera zuzenduriko jarduketen bitartez.

Kultura eta Kirol Departamentuari dagokionez, kultura-sektoreari eta toki-erakundeei esleituriko diru-kopuruei eustea erabaki da, 3.234.000 milioi euro guztira. Dena den, kopuru horiek diru-laguntza mota desberdinen artean banatu behar dira, aurreko edizioetan eginiko azterketaren arabera, ikus-entzunezko arloa indartuz, proiektuek gero eta kalitate handiagoa erakusten dutela ikusirik. Horrez gain, Lizarraldeko herrietan liburutegi mugikor funtzioak eginen dituen ibilgailua erosteko partida ere sartu da.

Nafarroako Kirolaren Institutuak zabaldu egin ditu Kirol Jokoetarako partidak, modalitate berriak, balioetan oinarrituriko prestakuntza, berdintasunean egin beharreko kirola, federazioei ematen zaizkien laguntzen deialdiak eta toki-erakundeek antolaturiko ekitaldiak barruan sartzeko, eta Miguel Indurain Fundazioari zuzenduriko partida ere, fundazioaren egitura eta jarduerak indartzeko.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuan, Aurrekontu aurreproiektuaren xedea Nafarroari ezagutza-sistema modernoa, sendoa eta bikaina ematea da, erronka hauei aurre egin ahal izateko: aurrekontu-inbertsioaren etekin soziala, ezagutzakoa eta ekonomikoa hobetzea; bikaintasuna eta lankidetza zientifiko eta teknologikoa sustatzea; ezagutza eta konektibitatea eskuratzeko orduan dauden etenak desagerraraztea, genero eta lurralde arlokoak, batez ere; administrazioa modernizatzea eta digitalizatzea, zerbitzu publiko gisa; eta baita Nafarroako Gizartearen Eraldaketa Digitala erraztea ere, bildutako datuek ematen duten informazioa baliaturik.

Aurrekontu aurreproiektu horretan oinarriturik, Zientzia eta Teknologiari buruzko Foru Legea (15/2018) betetzen dela ziurtatzen da, aurrekontuaren %1,35 I+G+Bra eta % 1,76 unibertsitateetara bideratzea proposatzen baita.

Gainera, ikerketa-ekipamendua eta ekipamendu digitala hobetzeko partida berriak proposatzen dira (azpiegitura zientifiko-teknologikoak, 5G eta banda zabala, Osasun Zientzien Fakultate Berria), eta aurreko aurrekontuetan zeudenak handitzen dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren urte anitzeko finantzaketa-hitzarmenera bideratutakoa, bertzeak bertze.

Lehendakaritza, Barne Departamentua, Funtzio Publikoa eta Berdintasuna, eta Justizia eta Migrazio Politikak

Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuak berdintasunaren eta gazteriaren alorreko politikak indartzen jarraitu nahi du, enplegatu publikoen trebakuntzan eta eskubideetan aurrera egiten jarraitzea eta segurtasun-zerbitzuak indartzea.

Genero-berdintasuna lehentasuna da Nafarroako Gobernuarentzat. Berdintasunerako Nafarroako Institutuari dagokionez, nabarmentzekoa da erakunde horren aurrekontuaren % 46 bideratzen dela emakumeen aurkako indarkeriaren alorreko prebentziora eta arreta-zerbitzuetara, sentsibilizaziorako programen eta kanpainen eta arretarako eta kalteak konpontzeko baliabideen bitartez. Institutu horren aurrekontuaren beste % 41 bideratzen da berdintasunaren alorreko beste jarduera batzuetara, eta azpimarratzekoa da handitu egin dela Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 17/2019 Foru Legearen garapena bultzatzeko diru-partida. Garrantzia ematen zaio, gainera, politika horiek toki mailan sustatzeari, 526.000 euroko partidarekin, tokiko erakundeek berdintasunaren alorreko jarduketak bultzatzen jarraitu ahal dezaten.

Gazteriari dagokionez, berriki sortu den Gazteriaren Nafarroako Institutua indartuko da 2020an aurrekontuari dagokionez; erakunde hori organismo autonomo bat da, departamentu ezberdinen bitartez, zeharka, gazteei zuzendutako politiken sustapena zuzenduko duena.

2020ko aurrekontuarekin, datuen gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta herritarren parte-hartzea hobetzeko lan egin nahi da; horretarako, Lehendakaritzaren Zuzendaritza Nagusian eta Gobernu Irekian aurreikusitako partida ugari bideratuko dira eraldaketa digitalera eta helburu horiek lortzeko diseinatutako tresna informatikoak garatzera.

Barne Departamentuaren Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, 680.000 euro gehiagoko aurrekontua izango du. Nabarmentzekoa da 110.000 euroko partida bideratuko dela Mutiloan egitekoak diren Koordinazio eta Aginte Zentro berriaren proiektuan aurrera egiteko; hara eraman nahi da Foruzaingoaren Belosoko Polizia-etxea. Gainera, suhiltzaileen ibilgailuak berritu nahi dira, partida 500.000 euro handituta.

Migrazio Politika eta Justizia Departamentuan, Justiziako Zuzendaritza Nagusiaren lau apustu nagusiak islatzen dira: doako justizia; biktimenganako arreta; giza baliabideak eta baliabide materialak Justizia Departamentuaren eta zigorren betearazpenaren eta justizia errestauratiboaren alorreko ordezko aukeren zerbitzura egokitzea. Horietan lan egiteko, 9.164.763 euroko gehienezko gastua dago.

Migrazio Politikei dagokienez, bestalde, aurreko urteetatik beste departamentu batzuetan dauden partidak hartuko dira, eta funtsezko bi lan-ildo jasotzen dira: migratzaileei harrera eta lagun egitea, eta Kultura Arteko Bizikidetza eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Borroka. Horretarako, 2.041.765 euroko gastu-muga dago.

Etxebizitzaren eta lurralde-kohesioaren aldeko apustua, despopulatzearen aurka borrokatzeko

Departamentu berrien artean, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuaren oinarrizko helburu nagusietako bat izango da etxebizitzak alokatzeko politika bultzatzea, etxebizitza-eskubideari erantzuteko: babestutako alokairuko etxebizitza publikoak sustatzea, gazteei eta diru-sarrera txikiko familiei merkatu libreko etxebizitzen alokairua ordaintzeko laguntzak ematea (EmanZipa eta DaVid programak), eta hutsik dauden etxebizitzen jabeei pizgarriak eskaintzea, etxebizitzok alokairuaren merkatuan mobiliza ditzaten.

Horrez gain, eraikitako hiria berreskuratzeko eta berroneratzeko estrategia baten aldeko apustua egiten da, hirigintza trinko eta jasangarri baten barruan: inguratzaile termikoari eta irisgarritasunari dagokionez eraikinak birgaitzeko laguntzak eta diru-laguntzak; auzo historikoetan hiri-berroneratzeko Esku-hartze Globaleko Planak sustatzea, eta toki erakundeekin hirigintzako hitzarmenak egitea, espazio publikoetako eta hiri-inguruneetako jarduketetarako.

Bestalde, Lurralde-kohesioko Departamentuak 411,8 milioi euroko aurrekontua izango du. Despopulatzea izango da departamentu horrek aurre egin beharko dion erronka nagusia. Lehen aldiz, toki erakundeei zuzendutako laguntza-lerro bat aurreikusten da, fenomeno demografiko hori geldiarazteko neurriak har ditzaten, eta jarduketa zehatzak identifikatzeko lanak egitea ere aurreikusten da (200.000 euro).

Nafarroako Errepide Sarea hobetzea ere funtsezkoa da populazioa finkatzeko. 42,6 milioi euro bideratuko dira errepide-sarea kontserbatzera, 2019an baino ia 6 milioi euro gehiago.

Gainera, oinarrizko udal zerbitzuen hobekuntzan aurrera egiteko, 17,5 milioi euroko aurrekontua ezarri da, Tokiko Inbertsio Planerako. Tokiko erakundeek Nafarroako zergetan parte hartzeko Funtsari dagokionez, 236 milioi eurokoa izango da, 2019an baino 7 milioi gehiago.

Landa Garapena eta Ingurumena

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontu-lerro nagusiak nekazaritza-sektoreko inbertsioak babestera eta sektore horretan gazteak sartzera, Nafarroako kalitate-figurak sustatzera eta landa-inguruneko jarduera ekonomikoa dibertsifikatzera bideratuta daude. Horrela, 2020an % 6ko igoera izango du nekazaritza-ustiategietako inbertsioak bultzatzera bideratutako laguntzak; 10.070.000 euroko zenbatekoa izango du. Eta mantendu egingo da (3.500.000 euro) sektorean gazteak sartzera bideratutakoa.

Nekazaritza eta Abeltzaintzari dagokionez, alderdirik nabarmenenetako bat da aparteko uholdeek eta euri-jasek 2019ko uztailaren 8an eragindako kalteen konpentsaziotik eratorritako partidak sartuko direla aurrekontuan. 800.000 euroko aurrekontua izango du errenta-galeraren eta nekazaritza-ekoizpenetarako laguntzen lerroak; martxan jarritako gainerako laguntza-lerroekin batera, 3,42 milioi euroko zenbatekoa izango du. Gainera, berritasun modura, nabarmentzekoa da maskoten babeserako 19/2019 Foru Legeak jasotzen dituen eskumenak hartuko direla. Horregatik, atal berri batean, Animalien Ongizaterako atalean, bateratuko dira abeltzaintza-ustiategietako animaliak, maskotak eta esperimentazioko animaliak babesteko eta kontrolatzeko alorrari dagozkion jarduketa guztiak.

Ingurumenaren alorrean, bestalde, emisio-maila txikiko ekonomia bateranzko trantsizioa sustatzeko eta lurralde jasangarri eta erresiliente bat sendotzerantz aurrera egiteko tresna berriak definitzeko eginkizunean aurrera egiten jarraituko da, printzipio horiei erantzungo dieten antolamendu-ereduak eta kudeaketa-tresnak definituz. Halaber, basogintzaren kudeaketa jasangarri baten eta biodibertsitatea kontserbatzeko ekintzen aldeko apustua egiten jarraituko du departamentu horrek. 20.506.437,00 euroko aurrekontua izango du Zuzendaritza horrek 2020an.

Bakea eta bizikidetza, eta kanpoko ekintzen aldeko apustua

Zuzendaritza orokor horren barruan (Bakea eta Bizikidetza), aurre-proiektuan jasotzen diren berritasun nagusienetako bat da Bizikidetzarako Nafarroako lehenengo Plan Estrategikoa egingo dela.

Gainera, Marques de Rozalejo Jauregia egokitzeko lanak jasotzen ditu onartutako aurre-proiektuak; jauregi hori izango da Zuzendaritza Nagusiaren eta Memoriaren Nafarroako Institutuaren egoitza.

Euskarabideari dagokionez, herritar guztien eskubideak bermatuko dituen hizkuntza-politika bat bultzatzeko konpromisoa jasotzen du aurrekontuak, errealitate soziolinguistikoa errespetatuz. Zentzu horretan, indartu egingo dira gazteei zuzendutako partidak, gazteak etorkizuneko baliotzat joz.

Bestalde, Kanpo Ekintzaren zuzendaritza nagusiak Nafarroako Gobernuak Bruselan duen Ordezkaritzaren kudeaketa hobetuko du, Nafarroako enpresek eta erakundeek Europan dituzten jarduerekiko babesa sendotu eta Nafarroako Kanpoko Herritarrentzako Estrategia (NEXT) modu irmoan bultzatu.