Descárgate la app
Mendekotasunerako prestazioak Nafarroako Osasun Mentaleko sareko osasun zentro zein baliabideetan eska daitezke hil honetatik aurrera
2019ko abenduaren 16a
Mendekotasunerako prestazioak Nafarroako Osasun Mentaleko sareko osasun zentro zein baliabideetan eska daitezke hil honetatik aurrera
Hemendik aurrera, mendekotasun-egoera aitortzeko prozeduraren izapidetzea eta orain arte oinarrizko gizarte-zerbitzuetan bakarrik egiten zen prestazioen eskaera, Nafarroako Osasun Mentaleko sareko osasun-zentro eta baliabide guztietan ere eska daiteke.
Ekimena sare osora zabaldu aurretik fase pilotua egin dute, eta 2019ko martxotik azarora bitartean hain zuzen 1.909 izapidetze egin dituzte, pixkanaka, bi taldetan. Fase pilotu horretan Tafalla, Olite / Erriberri, Carcastillo, Peralta/Azkoien, Estella-Lizarra, Ermitagaña, Milagrosa eta Mendebaldeko Tuterako lehen mailako arretako, Tafallako barrutiko koordinazio soziosanitarioko ekipoko eta Tafallako Osasun Mentaleko Zentroko profesionalek parte hartu dute.
Ekimena, Nafarroako Gobernuaren Osasun eta Gizarte Eskubideen Departamentuek aspaldidanik abiarazitako elkarlanaren esparruan eman da, izan ere, hainbatetan bien esku-hartzea ezinbestekoa izaten da pertsonei arreta integrala emateko. Neurri berri honekin mendeko pertsonei eta senideei mendekotasun-sistemara sarbidea erraztu, kudeaketa-eraginkortasuna areagotu eta baliabide publikoen erabilera optimizatu nahi dira.
Orain arte, Osasunbideko gizarte-langileen eginbeharra zen mendeko pertsonak aurkitu, informatu eta aholkatzea, eta kasu askotan izapideak hastea ere bai. Horren ostean, oinarrizko gizarte-zerbitzuetara bideratzen zituzten, eta haiek arduratzen ziren espedienteen izapidetze eta jarraipena egiteaz.
Prozedura berriarekin zentro batetik bestera ibili behar izatea ekiditeaz gainera prozesua bizkortzen da, zentro batean zein bestean hitzordua lortzeko itxarote-denbora murrizten delako. Modu berean, lotura profesionala galtzea eragozten da.
TRAMITA tresna berria
Izapidetzeak bizkortzeko bide beretik, Nafarroako Gobernuak Administrazio Elektronikoa ezartzeko apustu irmoa egin du, izan ere, indarreko araudiari jarraikiz, izapidetze elektronikoak paperezko izapidetze tradizionala ordezkatu behar du.
Gizarte Zerbitzuen Departamentuak TRAMITA ezarri du, mendekotasunaren balorazioari eta baliabideen sarbideari buruzko dokumentu guztiak modu elektronikoan izapidetzeko tresna. Oinarrizko gizarte-zerbitzuetan eta osasun-zentroetan izapidetze-sistema ezartzeko 245.654 euroko inbertsioa egin da, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetan 2018ko urritik erabilgarri dago jada.
Osasun eta Gizarte Eskubideen Departamentuek osasun- eta gizarte-langileei beharrezko prestakuntza eman diete eskaerak era elektronikoan izapidetzen has daitezen. Gaur egun, desgaitasunaren balorazioa, mendekotasun-balorazioa, Arreta eskaintzeko Banan-banako Programa eta telelaguntza-zerbitzua emateko prest daude.
Izapidetze-tresna honetan Osasunbideko 89 profesional eta gizarte-langile daude aktibo.