Descárgate la app
Zinemako grabazioak egiteko lehendabiziko platoak prest daude Lekarozen Nafarroako ikusentzunezkoen sektorea bultzatu eta Baztango bailara dinamizatzeko
2019ko abenduaren 13a
Zinemako grabazioak egiteko lehendabiziko platoak prest daude Lekarozen Nafarroako ikusentzunezkoen sektorea bultzatu eta Baztango bailara dinamizatzeko
José María Aierdi lehendakariordeak, Lekarozeko enpresa kanpusean, Melitón Estudioak inauguratu ditu. Azpiegiturak zinema, telebista eta publizitate zein bestelako ikusentzunezkoak ekoitzi eta grabatzeko gailuak ditu. Foru Komunitatean ezarri diren lehendabiziko zinemako platoak dira eta Nafarroako ikusentzunezko sormen sektorea bultzatzeko zein Baztango bailaran egiten diren enpresa ekintzak dinamitzatzeko balio izango du.
Lekarozko enpresa-campuseko bigarren ezarpen hau, Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiako eremu ezberdinetan, gune hori talentuarekin, ezagutzarekin edo teknologiarekin loturiko ekimenen eta jardueren zentro bilakatzeko Nafarroako Gobernuak abian jarritako bultzadaren barruan kokatzen da.
Estudio zinematografikoak bisitatzen izan dira Foru Exekutiboaren Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria eta lehendakariordea; Politika Ekonomiko eta Enpresarialeko zuzendari nagusia, Izaskun Goñi; Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía; eta Melitón Film Studios-en zuzendaria, Joaquín Calderón. Ekitaldian, halaber, Nafarroako ikus-entzunezkoen industriako ordezkariek eta agente ezberdinek hartu dute parte.
Milioi bateko inbertsioa
Historikoki Lekaroz ikastetxe zaharra zegoen eremuaren birmoldaketa urbanistikoa egin eta gero (egun, hizkuntza-murgiltze zentroa eta aterpetxea daude bertan), Nasuvinsa sozietate publikoak, sektorearen eskaera kontuan hartuta, milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin du estudio zinematografikoa eraikitzeko; bertan, 700 eta 100 metro karratu erabilgarriko bi plato daude, hurrenez hurren, filmatzeko eta ikus-entzunezko produkziorako beharrezko ekipamendu eta teknologia guztiekin, 4.00 metro karratuko berdeguneaz eta zerbitzuez inguratuta.
Instalazioak Passivhaus eraikinean eraiki dira, eta Melitón Film Studios etxeari alokatu zaizkio ustiatzeko eta Foru Komunitatean industria zinematografikoa eta ikus-entzunezko sormena bezalako sektore emergentearentzat funtsezko azpiegitura gisa erabiltzeko; hori da, hain zuzen ere, Nafarroako Espezializazio Estrategiako sei ardatzetako bat. Platoak erabili daitezke tokiko produkziorako zein Nafarroako profesionalen prestakuntzarako nahiz Nafarroan filmatzeak egiteko kokapen bila dabiltzan produkzio-etxeek erabiltzeko.
Erakundeen lankidetza
Bestalde, Foru Gobernuko Garapen Ekonomikoaren eta Enpresarialaren Departamentuak Lekarozen instalazio hori kokatzea erraztu du NS3 garatu denetik, zerga-pizgarri eta guzti, eta Kulturako Departamentuak tokiko ikus-entzunezko sektorearentzat laguntzak eskaini ditu, biak proiektu hori gauzatzen ere parte hartuaz. Horrez gain, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Nafarroako Unibertsitateko Ikus-entzunezkoen Komunikazioko Fakultateak hitzarmen banarekin Baztango estudioetan profesionalak eta teknikoak prestatzeko programak garatzen lagunduko dute.
Ekitaldian zehar, Aierdi lehendakariordeak nabarmendu nahi izan du Foru Komunitatean ikus-entzunezko sektoreak dituen indarra eta dinamismoa, eta Nafarroak dituen aukerak ere bai zinemaren lurralde gisa. Era berean, sormen industriek enplegua sortzeko eta landa-gunean lurraldea garatzeko palanka izan daitezkeela aipatu du. Lekarozen filmatzeko estudioak kokatzeko eragiketa zehatzari dagokionean, kontseilariak nabarmendu du “itxuraz hain desberdinak diren hirigintza —diziplina metodikoa eta arrazionala— eta zinema —zazpigarren artea, lirika eta indar dramatiko osoarekin— bezalako bi mundu elkar daitezkeela landa-gunean eta Baztango nortasuna eta sinbologia dituen haranean aukerak eta dinamismoa eskaintzeko”.