Descárgate la app
Chivite Lehendakariak Nafarroaren gizarte eta lurralde kohesioa sustatuko duen eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du
2019ko abenduaren 13a
Chivite Lehendakariak Nafarroaren gizarte eta lurralde kohesioa sustatuko duen eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du
María Chivite, Nafarroako Lehendakariak, Nafarroaren gizarte eta lurralde kohesioa sustatuko duen eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du Nafarroako Gobernuak, ATANA Cluster TICekin batera gaur goizean Iruñean ospatu duen enpresa arteko gosarian. Ekitaldian Foru Komunitatean datu zientziek gizarte eta ekoizpen ehunean duten eragina aztertu da.
Bere esku-hartzean, Chivitek azpimarratu du eraldaketa digitala gizarteak mende honetan aurrean duen prozesu berritzaile "garrantzitsuenetakoa" dela, eta Gobernuak bilakaera teknologiko horretan, pertsonei, erakundeei eta enpresei laguntzeko konpromisoa duela adierazi die bertaratutakoei, eten digitala murrizteko eta eremu horretan ere eskubideen eta aukeren berdintasuna bermatzeko.
Lehendakariak adierazi duenez, bera buru den Gobernuak "ekintzekin" erakusten du konpromiso hori, sektorearen ezagutzaren balio-kate osoa, talentua sortzetik gizartean aplikatzeraino, barne hartzen duen saila sortuz (Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala), besteak beste.
Eta Nafarroako Banda Zabalari buruzko 2021eko Plan Zuzentzailearen adierazpena aipatu du, foru-intereseko inbertsio gisa, lurralde egitura digitala, aukera berdintasuna eta edozein eten digitalen aurkako borroka lortzeko helburuarekin, eten hori geografikoa, kulturala, ekonomikoa edo generokoa bada ere. Planak 31,35 milioi euroko inbertsio publikoa aurreikusten du, eta horiei operadore pribatuek emandako beste 22,9 milioi euro gehitu behar zaizkie.
Horrela, Nafarroako herritarren %88k banda zabaleko sareen estaldura duela gogorarazi du, eta aurreikuspenen arabera, 4.000 biztanle inguru hartzen dituzten Pirinio inguruko 36 udalerrik, “aste gutxi barru” izango dutela banda zabala eskuratzeko aukera. Era berean, industrialdeetan dauden enpresen %82 baino gehiagok banda zabal ultra-azkarra dute eskura.
Mundua mugitzeko datuak
Lehendakariak, “Mundua mugitzeko datuak” izenburua izan duen jardunaldiaren hasieran egin ditu adierazpen horiek. Jardunaldian, datuen zientzia ekoizpen eta gizarte arloko egitura aldatzen ari dela agerian uzten duten esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu ahal izan dira. Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak eta Oscar Rived ATANAko, Nafarroako IKT Clusterreko, presidenteak itxi dute bilkura.
Cigudosa kontseilariaren esanetan, Sailak “ahalegin osoa egingo du Nafarroako Administrazioaren digitalizazioa bere osotasunean sustatzeko eta bizkortzeko, pertsonak, erakundeak eta enpresak eraldaketa digitalean integratzea errazteaz gain”. Gainera, informazioaren teknologiak, “aurreikuspenen arabera Nafarroan sendotu eta dinamizatu egingo den sektore estrategikoa” direla azpimarratu du. Ildo horretan, Foru Komunitatea eraldaketa digitalaren “ezinbesteko eredu” bilakatzearen aldeko apustua egin du.
Aurretik, Guzman Garmendia Eraldaketa Digitaleko zuzendari nagusiak moderatuta, “Administrazioa datuaren arabera zuzentzea” gaiaren inguruko mahai-ingurua egin da. Bertan, Humberto Bustince NUPeko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifizial katedradunak; Iñaki Fernandez Troconiz Nafarroako Unibertsitateko Farmakometria eta Sistemen Farmakologia katedradunak; Felipe Alonso Iruñerriko Zerbitzu Informazioaren Teknologien zuzendariak; eta Ascen Cruchaga Orbital Critical Systems erakundeko CEOak hartu dute parte.
Halaber, bi erakustaldi praktiko egon dira. Bata “Robotek lagunduko al didate nire lanean” izenekoa, Jose Santos Intensaseko CEOaren eskutik; eta bestea “Nortasunaren egiaztapen digitala: biharko teknologiak gaur erabiltzen” izenekoa, Carlos Odériz Das-Nano-Veridaseko Negozio Garapeneko zuzendariak emandakoa.