Osasun Publikoak dekalogoa egin du haurtzaroan eta nerabezaroan pantailak modu seguruan eta osasungarrian erabiltzea sustatzeko

Osasun Publikoak dekalogoa egin du haurtzaroan eta nerabezaroan pantailak modu seguruan eta osasungarrian erabiltzea sustatzeko

Amen, aiten eta profesionalen irizpidea funtsezkoa da pantailadun gailuen eta hezkuntza digitalaren erronkak artatzerakoan

2019/12/12

Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) eta Osasunbideko Lehen Arretako, Osasun Mentaleko eta Eraginkortasun zerbitzuko profesionalek, haurtzaroan eta nerabezaroan pantailadun gailuak modu seguruan eta osasungarrian erabiltzea sustatzeko, dekalogoa egin dute. Dekalogoaren kartelak eta liburuxkak atera dira gazteleraz eta euskaraz, eta honako leku hauetan banatzen ari dira: ikastetxeak, osasun-zentroetako Pediatriako arloak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak, guraso-elkarteak eta Foru Komunitateko bestelako taldeak. Banaketa horrez gain, mezuak zabalduko dira sare sozialetan. Ekintza hau ‘III. Prebentzio Plana: drogak eta mendekotasunak’ esparruari dagokio, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuekin batera landutako plana hain zuzen ere.

Pantailadun gailuei ahalik eta probetxu gehien ateratzera bultzatu nahi du dekalogoak, Gabonetako erosketak aurrean ditugula kontuan hartuta, erantzukizunez jokatzen eta gailu horien abantailez eta desabantailez jabetzen lagun baitezake. Modu horretan, hamar aholku ematen dira dekalogoan, eta baliagarriak izan daitezke adin txikikoentzat nahiz helduentzat. Izan ere, gurasoen egitekoa eta Osasuna, Hezkuntza edo Eskubide Sozialak bezalako eremuetako profesionalen papera funtsezkoa da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erronkak artatzerakoan.

Pantailak (tabletak, mugikorrak, ordenagailuak, telebistak,…) nagusitzen joan dira nerabeen artean, eta, gaur egun, oso erraz aurkitzen dira haien bizkar-zorroetan, poltsetan, poltsikoetan eta ia etxe guztietan. Adin txikikoak jaiotzez digitalak dira jada. Gailu horien bitartez, baita ere, elkar ezagutzen dute, erlazionatzen dira, ongi pasatzen dute, jolasten dira, informazioa lortzen dute, hausnartzen dute, ikasten dute edota garatzen dira.

Ingurune digitalean laguntza eskaintzea eta gidatzea eginkizun aberasgarria da, baina helduei hausnartzea eta zerbait ikastea eskatzen die. Zeren gurasoek onartzen dute beti ez direla eredu ona izaten; adibidez, telebista eta beste pantaila bat batera ikusten dituzte; gauez, ohean daudela, mugikorra maiz erabiltzen dute; edota batzuek sare sozialak erabat erabiltzen dituzte.

Nahiz eta etxe eta ikastetxe askotan pantailadun gailuen erabilera murrizteko arauak, espazioak eta ordutegiak izan, teknologia gatazka sortzen duen ohiko iturria da, eta adin txikikoen artean eztabaidak izateko eta banatzeko arrazoia izan daiteke. Ondorioz, garrantzitsua da elkarrizketa etengabe sustatzea eta konfiantzako inguruneak sortzea. Hori guztia kontuan izanik gailu horiekin zenbat denbora igarotzen duten, seguru erabiltzen dituzten eta norberaren intimitatea, harreman birtualak, ziberrerasoa, eduki desegokietara sartzeko aukera, denbora galtzea edo norberaren irudia gehiegi erakustea zainduta.

Nafarroako Gobernuko departamentu arteko lantaldeak egindako dekalogoaren asmoa da gailu elektronikoen prebentziorako eta erabilera arduratsurako beste erreminta bat izatea; hainbat alorretan jada egiten da hori. Horretarako, hasiera batean, 1.800 kartel eta 7.000 liburuxka argitaratu dira, adin txikiko 33.000 bat pertsonari nahiz ama, aita eta profesionalei informazioa emateko eta haiek kontzientziatzeko helburuarekin.

Dekalogoa: pantailen erabilera segurua eta osasungarria

Dekalogoan gomendatzen dute ordenagailua edo kontsola bezalako aparatuak etxean denon aurrean izatea eta lo egiteko, ikasteko edo aisiarako orduak errespetatzea edo edukiak erabiltzailearen adinerako egokiak izatea, besteak beste. Hona hemen gomendio nagusiak:

  • Non erabiliko diren erabakitzea. Haurtzaroan eta nerabezaroan hobe da ordenagailua, kontsola, e.a. etxean denen aurrean izatea.
  • Zenbat erabili erabakitzea. 2 urtetik beherako haurrek ez erabiltzea. Eragin negatiboa ez izatea loan, jolas tradizionaletan, harremanetan, ikasketetan,… Halaber, mugikorrik gabeko uneak izatea.
  • Sarreren, edukien, jolasen,… egokitasuna eta garapen pertsonala kontuan izatea, gurasoen segurtasun eta kontrol erreminten, akonpainamenduaren, elkarrizketaren, orientazioaren eta abarren bitartez, adinari erreparatuta.
  • Gailuak interesen araberakoak izatea zaintzea baina berez interesa bera ez izatea. Beti pantailei begira ez egotea. Haiekin bizitzea baina haientzat bizi gabe.
  • Erabilera-denborak kudeatzea: egunean bi ordu baino gehiago ez. Halaber, aisiarako bestelako aukerez gozatzea.
  • Norberaren pribatutasuna eta intimitatea zaintzea. Norberaren datuak, informazioak eta irudiak zaintzea eta babestea.
  • Beste pertsonak errespetatzea. Irudika eta informazioak haietan agertzen direnen baimenarekin etiketatzea eta pasatzea. Lagun moduan nor onartu baloratzea.
  • Konfiantzako eta tratu oneko harremanak egitea: nire burua onartzen dut eta baloratzen dut eta zu onartzen zaitut eta baloratzen zaitut.
  • Norbera den bezalakoa izatea, mundu osoari gustatzen ahalegindu gabe, eta atsegin dut delakoen presioa ez jarraitzea.
  • Galderak egitea eta laguntza eskatzea zalantzak izanez gero, jazarpena sentituz gero edo gustatzen ez zaigun zerbait sumatuz gero.

Gabon hauetan zuen poltsikoetara mugikor bat iristen bada edo edozein etxetan beste pantaila bat sartzen bada, modu arduratsuan erabili behar da, erlazionatu, hitz egin eta gozatu ahal izateko. 2020 urte zoriontsua izan dadila zuentzat!