Nafarroa “aniztasuna ulertzen eta defendatzen duen” komunitate moduan definitu du Chivite Lehendakariak

Nafarroa “aniztasuna ulertzen eta defendatzen duen” komunitate moduan definitu du Chivite Lehendakariak

Nafarroaren Eguneko ekitaldi nagusian adierazi du Foru Gobernuak bizikidetza defendatzen jarraituko duela, norgehiagoka, sektarismoa edo bazterketa onartu gabe

2019/12/03

Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek gaur, asteartea, esan du Nafarroa "aniztasuna ulertzen eta defendatzen duen eta, batez ere, aniztasunarekin batera bizi den" komunitatea dela. Horrela adierazi du Nafarroaren Eguneko ekitaldi nagusian, gaur (asteartea) Iruñean egin den ekitaldian.

Ildo horretan, Chivite Lehendakariak honela berretsi du: Gobernu gisa, “elkarbizitza pluralarekin konprometituta jarraituko dugu, eta ez soilik ideologiari eta identitateari dagokienean, bizitzeko eta sentitzeko moduari erreparatuta baizik”. Modu horretan, “bultzaturiko inboluzio demokratikoaren” aurrean, María Chivitek azpimarratu du Nafarroako Gobernuak “ez duela onartuko aniztasuna konfrontazio, sektarismo edo bazterketa bilakatzerik”.

Halaber, Chivite Lehendakariak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak elkarrizketarako eta akordiorako borondatea duela, “eta eskua luzatzen diola gure lurra hobetzeko eta gure gizartearen ongizatea lortzeko lan egin nahi duen guztiari”. Aldiz, esan du Gobernua “irmoa eta sendoa izango dela gure foru-muina eta gure izateko modua defendatzen, eta, jakina, inoiz ez duela amore emango eskubideak baliogabetu, aldatu edo horietan atzera egin nahi duenaren aurrean”.

Elkarrizketak eta akordioak bilatzeak duten balioa

Hitzaldian, Maria Chivitek Nafarroako Gobernuaren lehen ehun egunak aipatu nahi izan ditu; egun horietan, “elkarrizketaren balioa eta akordioak bilatu nahia behin eta berriz azaldu ditugu, komunitatea egiteko eta eraikitzeko modu gisa”.

Modu horretan, Lehendakariak honela onartu du: “jakin badakigu bidea egiten hasi garela. Baina bide horrek oinarri solidoak ditu. Asmo handiko akordioa abian da, eta lehen emaitzak jada mahai gainean daude”. Maria Chivitek Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko ardatzak ekarri ditu gogora; hau da, “berrikuntza, berdintasuna, zerbitzu publikoen kalitatea, gizarte eta lurralde kohesioa, autogobernua eta bizikidetza”.

Horrez gain, Nafarroako Lehendakariak adierazi du Foru Gobernuak asmo "oso argiarekin" egiten duela lan; alegia, “guztion ongia, Nafarroaren interes orokorra lortzea”. “Nafarroako guztion interesa, denei zor baitiegu, eta ikuspegi aglutinatzaile hori kontuan hartuta, lanean jarraituko dugu”, erantsi du.

Azkenik, Maria Chivitek aitortu du Nafarroako Gobernuak “hor kanpoan dauden premien eta errealitateen aurretik joan” nahi duela. Eta, haren arabera, aurrerapen horrek “prospekzioa, uste osoa eta ausardia” eskatzen ditu, Gobernuaren lana eraenduko duten printzipioak, “premiazkoa artatzeaz gain, etorkizuna ere planifikatzeko eta etorkizunari aurre hartzeko; hots, Nafarroarako etorkizun itxaropentsua eta aukeraz betea”.