Descárgate la app
Foru lege proiektu bat onartu da ingurumenean eragina duten jarduerak arautzeko
2019ko azaroaren 27a
Foru lege proiektu bat onartu da ingurumenean eragina duten jarduerak arautzeko
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen foru lege proiektu bat onartu du, ingurumenean eraginak prebenitzeko eta gutxitzeko.
Instalazioak edo eragozpenak sor ditzaketen proiektuak eta jarduerak edo ingurumenaren baldintzak alda ditzaketenak edota ingurumenerako arriskuak eragin ditzaketenak abian jarri aurretik ingurumen-arloan zer-nolako administrazio-kontrolak egin behar diren esaten da testuan.
Ara berriak Ingurumena Babesteko Eskuartzearen gaineko 2005eko Foru Legea (LEFIPA bezala ezagutzen dena) ordezkatuko du, orain arte indarrean zena. Arau hori eguneratu beharra zegoen Europako eta estatuko esparru juridiko berrira eta jarduera ekonomiko berrietara eta horiek ingurumenean izan ditzaketen inpaktu berrietara egokitzeko. Egungo esparru juridikoa zorrotzagoa da pertsonak eta planeta babestearen inguruan.
Gobernu-bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria den Itziar Gomezek honela adierazi du: “hamabost urte beranduago, ezinbestekoa zen Nafarroan ingurumen-arloko baimen-sistema berreratzea, prozedurak azkartzeko eta errazteko, ingurumenaren gaineko eskakizunak indartzea lehentasunezkoa den garai honetan”.
Proiektua onartu ondoren, testua Nafarroako Parlamentura bidaliko da, han eztabaidatu, eta, hala behar izanez gero, onartu dezaten.
Lege-proiektuaren xedea da jarduera publiko edo pribatu jakin batzuek atmosfera, ura, lurzorua, paisaia eta baliabide naturalaren gainean egin dezaketen ingurumen-inpaktua eta kutsadura prebenitzea eta murriztea, ingurumena oro har ahalik eta gehien babestea lortzearren. Gaur onartutako testuaren arabera, “prebentzio, ardura edo arretaren printzipioak edo kutsatzen duenak ordaintzen du eta ekonomia zirkularraren gaineko printzipioak” Nafarroako Administrazio Publikoen ingurumen-arloko jardueraren inspirazio-iturri izan behar dute, eta, horiek bezala, baita “ingurumen-inpaktuak bereziki iturburuan bertan konpontzeko edo zuzentzeko, eta parte hartzeko printzipioak” ere.
Arintasun eta eraginkortasun handiagoa eta ingurumen-arloko baimen bateratu berria
Izapideak azkarragoak eta eraginkorragoak izan daitezen, lege-proiektuak prozeduren gaineko bikoiztasunak kendu ditu, ahalik eta errazen egite aldera.
Jarduera horiek garatzen dituzten toki-erakundeei dagokienean, proiektuak izapide eta kudeaketa lanak sinplifikatu ditu; era horretan, udalerriek dagokion jarduera-lizentzia sailkatua bakarrik emango dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aldez aurretiko txostenik behar ez dutenen kasuan. Esku-hartze hori behar duten jarduerei dagokienez, Departamentuak berak beharrezko baimena (ingurumen-arloko baimen bateratu berria) emateaz gain, segimendua eta kontrola ere egingo ditu.
Halaber, proiektuaren helburua da indarrean den araudia betetzeko beharrezko kontrola eta segimendua bermatzea edota herritarren eta enpresen erantzunkidetasuna ziurtatzea, Administrazioekin batera partekatuaz; azken horiek baimenak eta/edo lizentziak eman beharko dituzte ezarritako epeen barruan.
Horrez gain, adierazi behar da testua premisa orokor horiek kontuan hartuta burutu dela, eta idazterakoan inplikaturiko sektore sozialen nahiz Foru Komunitateko Administrazioko departamentu ezberdinen ekarpenak eta iradokizunak jaso dira.
Ingurumenean eragiteko arriskua duten proiektuak eta jarduerak
Proiektuaren aplikazio-eremua eranskinen atalean zehazten da; hau da, testuan esaten da zein proiektuk, instalaziok eta jarduerak eskatu beharko duten ingurumen-arloko baimen bateratua edota jarduera sailkatuaren udal-lizentzia, jarduera-talde jakin batzuetan.
Zehazki, jarduera-taldeak honako hauek dira: erregai-instalazioak / instalazio energetikoak; metalen ekoizpena eta eraldaketa; industria mineralak; industria kimikoa; hondakinen kudeaketa; paperaren, kartoiaren eta zuretik eratorritakoaren industria; ehunkien eta oinetakoen industria; larruaren industria; nekazaritzako elikagaien industriak; abeltzaintza-ustiapenak; disolbatzaile organikoen kontsumoa; zura kontserbatzeko industria; hondakin-uren tratamendua; CO2ren harrapaketa; arte grafikoak; biltegiratzeko instalazioak; eta jarduera komertzialak eta zerbitzuak.