Descárgate la app
200 ikastaro, 3.300 plaza baino gehiagorekin Nafar Lansarek langabeentzako ireki duen prestakuntza-eskaintza berria
2019ko azaroaren 25a
200 ikastaro, 3.300 plaza baino gehiagorekin Nafar Lansarek langabeentzako ireki duen prestakuntza-eskaintza berria
Nafar Lansarek 2020ko lehen hiruhilekoko eskaintzan izena emateko epea irekiko du gaur; guztira, 3.325 plaza, langabetuek lehentasuna duten 203 ikastarotan.
Prestakuntza NEZ-NLren (Iturrondo) eta CENIFERen zentroetan emango da, diruz lagundutako erakundeen bitartez. Eskaintza handiena Iruñan eta Iruñerrian egingo da eta beste 32 jarduera Nafarroako beste zona batzuetan.
Interesatuek www.empleo.navarra.es web gunean eman dezakete izena, Prestakuntza atalean. Zein ikastaro egitearen inguruan orientazioa nahi dutenek hitzordua eska dezakete dagokien enplegu-agentzietako lan-aktibaziorako langileekin; horretarako, sartu empleocitaprevia.navarra.es web gunean edo deitu telefonoz.
NEZ-NLk bere web orrialdean ikastaroak etengabe kontsultatzea gomendatzen du, izena emateko epeak irekitzen eta ekintza berriak programatzen diren heinean gehituko baita eskaintza. Datozen asteetan, Tailer Eskolak eta Prestakuntza eta Enpleguko Programa Integratuak gehituko dira; baita, enpresek eta sektoreek eskatutako prestakuntza ere; edota prestakuntza oso espezializatua Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako eremuetan.
Horrez gain, 2020. urtean zehar, NEZ-NLk beste 672 ikastaro eskainiko ditu batik bat lanean ari diren pertsonentzat (plazen %40a langabeentzat izan daiteke); hau da, 10.000 plaza, gutxi gorabehera. Izena emateko epea prestakuntza-erakundeek egunak zehazten dituztenean irekiko da; hala ere, aurreikuspena dagoeneko kontsulta daiteke www.empleo.navarra.es helbidean.
Profesionaltasun eta gako-gaitasunetako ziurtagiriak
Zehazki, prestakuntza-erakundeen bitartez, NEZ-NLk 69 ikastaro emango ditu langabeentzat, baina langileek ere egin ahal izango dituzte: 61 ikastaro Profesionaltasunaren Ziurtagiriko prestakuntzakoak izango dira (1, 2 eta 3), lanbide zehatz baterako trebetasuna ematen dutenak, eta 14 Altsasun, Lizarran, Tafallan eta Tuteran egingo dira.
Ikastaroetan lanbide klasiko hauek jorratuko dira: sorospena, igeltserotza, ile-apainketa, sukaldaritza, jatetxea eta taberna, ikus-entzunezko muntaiak, salmenta, biltegia, kontabilitatea, iturgintza, garbiketa-lanak, mekanizatua, automozioa, soldadura edo arlo sozio-sanitarioa. Halaber, arlo hauetako lan-aukerak jorratuko dira: nazioarteko merkataritza, e-commerce, automatizazio industriala, bideojokoen garapena edo berdintasuna.
Lizarran, zehazki, arlo soziosanitarioko eta ibilgailuen pinturako ikastaroak egingo dira; Tafallan, berriz, bi arlo soziosanitariokoak; eta, Tuteran, 10 ikastaro kontabilitate-kudeaketakoak, nazioarteko merkataritzaren ingurukoak, arlo soziosanitariokoak, garbiketakoak, sukaldaritzakoak, bideojokoen garapenekoak eta hozte-instalazioetakoak.
Gainera, lehen seihilekoan zehar, Iruñean, Altsasun, Lizarran, Tafallan eta Tuteran, gako-gaitasunezko 17 ikastaro egongo dira (matematikak, ingelesa eta gaitasun digitalak).
Iturrondo: sormen-industriak, automozioa, kudeaketa eta gaitasunak
Burlatako Iturrondo enplegu-agentzia integralak 1.050 plazako 59 ikastaro emango ditu urtearen lehen seihilekoan, eta hiru apustu argi egingo ditu: sormen eta kultur industrietako prestakuntza, automozioa, 4.0 Industria eta kudeaketa.
Modu horretan, 5 ikastaro sormen eta kultur industrien ingurukoak izango dira: bat berri-berria, “ekintzailetzakoa”, eta beste tradizional hauek: Marketing Kulturala, Ekitaldiak & Esperientziak eta Ikuskizunen eta Ekitaldien Produkzioa metodologia arinekin eta Crowdfunding y mezenasgoa erakunde eta proiektu kultural eta sozialetarako. Era berean, 3D animazioko prestakuntza-ibilbideekin jarraituko du, Clavnak eskatuta egiten ari direnak.
Guztira 6 ikastaro automozioaren ingurukoak izango dira, gaitasun pertsonalak eta profesionalak indartuta eta batik bat Gazte Bermeko sisteman izena emanda dauden gazteentzat: mekanika azkarra eta automobilen konponketa, motozikleten konponketa, ibilgailu hibridoen eta elektrikoen mantentze-lanak, elektromekanikako mantentze-lanak (1PZ) eta karrozeriak. Programa integratuen metodologia berarekin, Soldadurako 2PZ egongo da.
Beste 10 ikastaro, berriz, administrazio, finantza edo kalitatearen kudeaketari buruzkoak izango dira: Excel aurreratua, kontabilitate aurreratua, kostuen controller, kudeaketa administratiboa eta fiskala, Nominaplus eta PMBOX – PMP proiektuen kudeaketa. Horrez gain, Iturrondok ingeleseko ikastaroak edo sare sozialen inguruko tailerra eskaintzen ditu, marka pertsonalarekin lotua, eta elikagaiak maneiatzeko beste 6 ikastaro ere bai.
Bestalde, zentro honetan, enplegu bat lortzerakoan eta lan-arloan hazteko gero eta garrantzitsuagoak diren zeharkako gaitasunak hobetzeko ekintzak proposatzen dira.
Modu horretan, 8 ikastaro egongo dira “Iturrondo aktiba zaitez” ekimenaren barnean, gaitasun bigunak (profesionalak eta pertsonalak) hobetzeko, eta batzuk teknika berriekin. Honako hauen gainekoak izango dira: norberaren potentziala ezagutzea, nork bere burua ezagutzeko tailerra, helburu profesionalak definitzea, enplegu-bilaketarako ekintza-plana, lan-taldeentzako ekarpenak.
Azkenik, zentroak alfabetizazio informatikoko 10 ikastaro eta gaitasun digital oinarrizko eta aurreratuko beste 4 ikastaro proposatuko ditu, pertsonek baliabide informatikoak, posta elektronikoa, e.a. erabiltzeko trebetasunak hartu eta hobetu ditzaten.
Era berean, laugarren industria-iraultzako teknologietarako izena eman daiteke 4.0 Gelan.
Agoitz eta Zangoza eta Elizondo, Goizueta eta Doneztebe
NEZ-NLk, Iturrondoko plangintzaren barnean, prestakuntza-aukera gutxiagoko beste zona batzuetara eramango du prestakuntza, eta, horrela, 260 ikaslerentzako 18 ikastaro eskainiko ditu.
Agoitzen, honako hauek egingo dira: Elikagaien eta alergenoen maneiatzea, Zerbitzu Anitzak, Mendeko pertsonentzako arreta soziosanitarioa eta industriarako eragiketa polibalenteak. Zangozako eskualdean, ikastaro hauek egongo dira: Elikagaiak eta alergenoak maneiatzea, Zerbitzu Anitzak, gidatzeko baimenaren teorikoa eta industriarako eragiketa polibalenteak.
Donezteben, berriz, alfabetizazio informatikoko eta ingeles eta frantseseko ikastaroak (oinarrizko maila eta erdi maila eta aurreratua) programatuko dira. Goizuetan eta Elizondon, alfabetizazio informatikoa eta oinarrizko gaitasun digitalen ingurukoak egingo dira. Era berean, NEZ-NLk ekintzailetzaren inguruko prestakuntza eskainiko du Nafarroako hiru landa-eremutan.
Energia berriztagarriei eta eraginkortasunari buruzko 40 ikastaro
CENIFERen programazioan 647 ikaslerentzako 40 ikastaro jasotzen dira lehen hiruhilekoan. Ikastaro berrien artean aipatzekoak dira Machine Learning-eko (analitika aurreratua + Python) bi; GWO (parke eolikoetarako PRL), Eraikinen Instalazio Termikoen Erregelamendua (RITE) eta Klimatizazioa – RITE - gas hozgarrien muntaia eta instalazioa.
Horrez gain, teleformazioaren modalitatean, Eguzki Instalazio Fotovoltaikoen Antolakuntza eta Proiektuetako Profesionaltasun Ziurtagiriaren prestakuntza eskainiko du eta Eraikuntzak Birgaitzeko ikastaro bat.
672 ikastaro batez ere lanean dabiltzan pertsonentzat
Prestakuntza-erakundeek 672 ikastaro egingo dituzte 2020. urte osoan zehar, Nafarroan: 67 ikastaro Profesionaltasunaren Ziurtagirikoak (1, 2 eta 3) eta 583 ikastaro Profesionaltasunaren Ziurtagirikoak ez direnak; 428 presentzial izango dira, 321 teleformazio eta 13 mistoak.
PZ ez diren espezialitateetan honako hauek aurkitzen dira: haurren istripuen prebentzioa, web analitika, AUTOCAD 3D, ARCSIS, automata programagarriak, BID DATA, laneko arriskuen prebentzioa, CAP berritzea, comunity manager, gaitasun digitalak, Moddle, Mobile Learning, Data Mining Business Intelligence, zuzendaritza trebetasunak eta ekintzaileentzako trebetasunak, Excel aurreratua, elikadura-higienea, hezitzaileen prestakuntza, prestakuntzako trebetasunak, robotika, BIM proiektua, 3D inprimaketa, zeinuen hizkuntza, Revit, I+G+b sistemak, Revenue Management, zahartze osasungarria, lehen sorospenak, 4.0 industria eta genero-indarkeria, besteak beste.
PZ espezialitateetan ondorengoak sartzen dira: biltegia, jatetxea, arlo soziosanitarioa eta sorospena, ikus-entzunezko produktuak, enplegurako irakaskuntza, nazioarteko merkataritzako bi, kontabilitate-kudeaketa, desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko ikastaro bat, yogako formakuntza, nazioarteko marketinga eta salerosketa, bitartekaritza komunitarioa, mekanizatuaren produkzioa, segurtasun informatikoa, egokitze fisikoa taldean eta hezkuntza bereziko premiak dituzten ikasleentzako ikastetxeetako arreta.