Descárgate la app
Su majestad el Rey destaca el alto potencial de crecimiento de Navarra en los próximos años
2019ko azaroaren 19a
Errege Maiestateak Nafarroak datozen urteetan izan dezakeen hazkunde potentziala nabarmendu du
Errege Maiestateak gaur goizean, Iruñean, Nafarroaren garapen ekonomikoaren potentziala azpimarratu du, eta, esan duenez, aurreikuspenen arabera, datozen urteetan hazkunde tasa handienak izango dituen erkidegoetako bat izango da, nahiz eta ziurgabetasun ekonomikoak egon.
Horrela adierazi du Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren (NEK) Urrezko Domina Manuel Torres enpresariari emateko ekitaldian zehar. Erregearekin batera honako hauek izan dira: Nafarroako Lehendakaria, Maria Chivite; Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroa, Reyes Maroto; NEKeko lehendakaria, Jose Antonio Sarria; eta Enpresa Erakundeen Espainiako Konfederazioko lehendakaria, Antonio Garamendi.
Errege Maiestatearen adierazpenak
Hitzaldian, Errege Maiestateak adierazi du pozik etorri dela Nafarroa bisitatzera eta pozik dagoela “ekitaldi honek enpresa-munduko lana eta bikaintasuna goraipatzen dituelako, aberastasuna sortzeko, enplegua sortzeko eta gizarteak aurrera egiteko funtsezko printzipio eta erreminta gisa”.
Saritutako enpresariari dagokionean, egindako ekarpen mordoa nabarmendu du, MTorres enpresa Espainiako enpresa berritzaileenetariko bat bezala definitzearekin batera. “Benetako altxorra da –adierazi du- sortzen duen enplegu eta aberastasunarengatik ez ezik, puntako garapenak enpresetara eramateagatik ere, ikerketa-arloan eta produkzio-ehunean transmisio-uhala izanik, eta, baita, ausardia, bikaintasun profesional eta erantzukizun sozialaren eredu izateagatik”.
Ildo horretan, garrantzitsutzat jo du Nafarroan MTorres bezalako enpresak sortu izana, “Foru Komunitateak prestakuntza akademiko eta tekniko altua baitu eta ekonomia dinamikoa, irekia eta lehiakorra”. Hori dela-eta, aurreikuspenen arabera, Nafarroak izango dituen aukera ekonomiko onak egiaztatu ditu.
Chivite Lehendakariaren hitzak
Bestalde, Nafarroako Lehendakari Maria Chivite pozik agertu da Felipe jauna Manuel Torresi saria emateko ekitaldian izateagatik. “Nire ustez, garrantzitsua da –adierazi du- erakundeek, eta kasu honetan Estatuko maila gorenak, oparotasuna eta garapen ekonomikoa bultzatzen dutenei babesa eta indarra ematea, eta hori, kasu honetan bezala, sentsibilitate sozialetik egitea”.
Gizarte hobeak egiten laguntzen duen filosofia dela esan du, “gizartea osatzen dugun agente guztiok gure etorkizunaren erantzunkideak baikara, eta ongizatearekin eta guztion ongiarekin konprometituta egon behar dugu”.
Halaber, Maria Chivitek nabarmendu du Manuel Torresen enpresa energia berriztagarriak bezalako sektoreekin lotuta dagoela, eta hori Nafarroako hazkunde-ereduarekin bat datorrela. Nafarroa “eskualde berritzaile bezala definitu du, eta teknologiaren, iraunkortasunaren, ingurunearekiko errespetuzko garapenaren, berdintasunaren eta solidaritatearen aldeko apustua egiten duela esan du, bizikidetza anitzaren esparruan”.
Bestalde, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroa den Reyes Marotok, gizartea enpresari saridunarekin zorretan dagoela adierazi ondoren, etorkizuneko lehiakortasuna eta ongizatea "digitalizazioa, trantsizio ekologikoa eta nazioartekotzea" bezalako erronkei aurre egiteko duen gaitasunaren baitan daudela ziurtatu du, eta erronka horien aurrean "Manuel Torres bezalako ameslariak" behar ditugula.
Ekitaldian, Manuel Torres berak ere hitz egin du, eta epe laburrera duen ametsaren berri eman du; hau da, “Nafarroa aldaketa klimatikoaren aurkako borrokaren buru izatea”; izan ere, haren ustez, Europan fenomeno horri aurre egin diezaiokeen eskualde bakarra da. Aldaketa klimatikoa “gizateriaren etsairik handiena” dela esan du.
Manuel Torres Martinezen ibilbidea
Manuel Torres Martínez Murtzian jaio zen 1938. urtean. Enpresa-munduarekin lotuta egon da, batik bat ekimen berritzaileen bultzatzaile gisa. 1975. urtean, MTorres industria-taldea sortu zuen Nafarroako Elortzeko Dorreak herrian. Egun, prestakuntza handiko 700 langile baino gehiagok osatzen dute, eta horietatik 415ek Nafarroan egiten dute lan.
MTorres taldeak patenteen 168 familia ditu, eta horietako 27 egun ustiapenean aurkitzen dira. Negozio-kopuruaren %15a I+G+b arlora bideratzen du. Enpresaren historian zehar, emaitza guztiak berrinbertitu dira, eta fakturaren %80a 70 herrialde baino gehiagora egiten dituen esportazioetatik lortzen du.