Rozalejoko Markesaren Jauregia birgaitzeko proiektuaren idazketa esleitu da

Rozalejoko Markesaren Jauregia birgaitzeko proiektuaren idazketa esleitu da

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Memoria Institutuaren egoitza izango da eraikina

2019/11/08

Nafarroako Gobernuak Iruñako Rozalejoko Markesaren Jauregia birgaitzeko proiektuaren idazketa esleitu dio Tabuenca & Leache arkitektoen estudioari 139.150 eurogatik (BEZ barne). Jauregi horrek Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia eta Nafarroako Memoriaren Institutua hartuko ditu, Herritarrekiko Harremanetarako Departamentukoak direnak.

XVIII. mendeko eraikin batean eginiko esku-hartzea da. Iruñeko Nabarreria kaleko 17. zenbakian dagoen eta ondare, historia eta arte aldetik balio handia duen Jauregiaren kontserbazioa integratzen saiatuko da, erakunde horren egoitza izateak ekarriko dituen behar berriak kontuan izanik, Iruñeko Udal Planarekin bat etorriz, beti ere.

Kontratuaren sinadurarekin, erredakzio taldea proiektua idazten hasi da. Lehenbiziko bisitan, eraikinaren ezaugarriak eta egitura baloratu dira. Aurtengo urtarrilean premiazko zenbait lan egin ziren, behin betiko birgaitze proiektua erabaki arte.

Etorkizunean Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen politika publikoen bultzadari lotuta egongo den eraikina zaharberritzeko lehiaketara, kalitate arkitektoniko handiko soluzioak proposatu dituzten sei talde aurkeztu dira. Azkenik, esleipena Fernando Tabuenca eta Jesús Leache profesionalak buru dituen taldeari egokitu zaio, eta Iruñeko erdigunean oroimenaren politika publikoak ikusaraztea izango du helburu, Nafarroako Gobernuak politika horiekin duen konpromisoaren adierazgarri.

Aurreikuspenen arabera, eraikinak Nafarroako Oroimenaren Institutuaren Liburutegia eta Dokumentazio Zentroa hartuko ditu, ikertzaileek eta gainerako herritarrek erabili dezaten, eta oroimenarekin erlazionaturiko elkarteentzako aretoak eta Oroimen eskoletarako prestakuntza gelak ere izango ditu.

Eraikinari esker, Zuzendaritza Nagusiaren bi zerbitzuak batera egongo dira, beren lana eraginkortasun handiagoarekin egiteko nahikoa espaziorekin. Hori guztia, oroimen politika guztiak, elkarrizketa eta bake kulturan oinarritutako bizikidetza bidezkoagoaren eraikuntzan erreferente izango den espazio bakarrean biltzeko helburuarekin.