Nafarroako Merkataritzako Kontseiluak arautzen duen foru dekretua onartu ondoren bere osaketa berritu du

Nafarroako Merkataritzako Kontseiluak arautzen duen foru dekretua onartu ondoren bere osaketa berritu du

Legegintzaldiko lehendabiziko bileran egindako ekintzen laburpena egin da eta datorren urteko ekintza lerroa aurkeztu da

2019/11/08
Ayerdi kontseilaria eta Ezkutari zuzendari nagusia merkataritzako kontseiluan.

Manu Ayerdi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak zuzendutako Nafarroako Merkataritzako Kontseiluak legegintzaldiko lehen bilera egin du kontseiluaren osaketa, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen 57/2019 Foru Dekretua onartu ostean. Gaur goizean Nafarroako Jauregian egindako bileran gainera aurten egindako ekintzen laburpena egitearekin batera 2020rako ekintza lerroak aurkeztu dira.

Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren eraketa, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen maiatzaren 15eko 57/2019 Foru Dekretuak, eraketa hobetzea eta ordezkagarritasuna zehaztea ezartzen du, azken urteotan sektorean sartu diren eragile ekonomiko eta sozial berriei tokia egiteko.

Horrela, kontseilua 30 ordezkarik osatuko dute, eta horien artean daude Nafarroako Foru Administrazioko Ogasun, toki-administrazio, lurralde-antolamendu, lan, kontsumo, turismo edo merkataritza arloetako langileak; Udalerrien eta Kontzejuen Nafarroako Federazioa; Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala; eskualdeetako, eskualdeez gaindiko, bitarteko edo udalerrietako Elkarteen Federazioak edo Erakundeak; Nafarroako Enpresarien Konfederazioa; Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak; UGT, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak; ACES, ASUNA eta ANGED enpresa erakundeak; TEDER eta Erdialdeko Garapen Agentziak; gizarte ekonomiako eragileekin batera.

Saltokiak irekiko diren jaiegunak eta igandeak

Horrez gain, jaiegunetan eta igandeetan irekitzeko egutegia onartu da. Hauek dira: urtarrilak 5, martxoak 19, apirilak 9 eta 10, uztailak 5, abuztuak 15, urriak 12, urriak 3 eta abenduak 7, gehi herriko jaiegun bat.

Eguneko gai-zerrendako beste puntu batzuen artean, hauek ere landu dira: urtarriletik urrira egindako jardueraren laburpena, hurbileko txikizkako merkataritza bultzatzeko plan barruko jardueraren balantzea, eta 2020ko jarduera ildoen aurrerapena. Azkenik, Ekonomia Sustatzeko Arloei buruzko Foru Legearen proiektuari egindako ekarpenen berri eman da.