Descárgate la app
Nafarroak “Emaús Internacional, Nazioarteko Emaus” saritu du aldaketa sozialean eta ingurumen-justizian egindako lanarengatik
2019ko azaroaren 6a
Nafarroak “Emaús Internacional, Nazioarteko Emaus” saritu du aldaketa sozialean eta ingurumen-justizian egindako lanarengatik
“Nazioarteko Emaus” pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako borroka garapen ekonomiko iraunkorrarekin eta ingurumenaren defentsarekin batzeko moduaren adibidea da, Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak ematen duten Elkartasunaren Nafarroa Saria banatzeko ekitaldian Foru Erkidegoko Lehendakari Maria Chivitek nabarmendu duenez.
“Nazioarteko Emaus” pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako borroka garapen ekonomiko iraunkorrarekin eta ingurumenaren defentsarekin batzeko moduaren adibidea da, Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak ematen duten Elkartasunaren Nafarroa Saria banatzeko ekitaldian Foru Erkidegoko Lehendakari Maria Chivitek nabarmendu duenez.
Ekitaldia gaur eguerdian izan da Nafarroako Jauregiko Tronuen Aretoan, eta bertan izan dira Laboral Kutxako lehendakaria, Txomin Garcia, eta Eskubide Sozialetako kontseilaria, Carmen Maeztu. “Nazioarteko Emaus Mugimenduaren” izenean, Patrick Atohoun lehendakaria hurbildu da, eta harekin batera, erakundeko delegatu nagusia den Nathalie Peré-Marzano eta Espainiako delegatua den José María García Breso ere ekitaldian izan dira. Saria lehendakariak jaso du.
2002an sortutako sariaren helburua da garapenerako nazioarteko lankidetzaren esparruan eta egoera ahulenean dauden sektore eta herrialdeen aldeko borrokan egindako borondatezko lanagatik nabarmentzen diren pertsonak, GKEak edo erakundeak aintzatestea. Gainera, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) lortzen eta mundu justuago bat sortzen laguntzen dutenen lana aitortzen du sariak.
aurten 50 urte betetzen ditu, eta, egun, 360 elkartek osatzen dute; 37 herrialdetan aurkitzen da. Emausen hautagaitza, Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezkoaren Sareak (REAS Nafarroa) aurkeztutakoa, joan den ekainean aukeratu zuen epaimahaiak 35 hautagaitzaren artetik.
Esku-hartzeak
Chivite Lehendakariak adierazi du “Nazioarteko Emaus Mugimenduaren” konpromisoak bat datozela NBEk pobrezia, injustizia eta desberdintasuna errotik ateratzeko eta aldaketa klimatikoa gerarazteko sustatzen duen garapen iraunkorreko 2030 Agendarekin. Ildo horretan, nabarmendu du Nafarroak bere gain hartu dituela “zinez” konpromiso horiek, Nafarroako Gobernua garatzen ari den politika publiko ezberdinetan islatzen den moduan.
María Chivitek “Emaus Traperoak” erakundea aipatu nahi izan du, Nafarroan mugimendu horren izenean lan egiten duena. Foru Erkidegoan erreferentea dela esan du elkartasunaren munduan. “Erakundeak birziklatzen eta materialak berreskuratzen egiten du lan, baina ekonomia sozialaren eta solidarioaren eremuan ere mugitzen da, eta enplegu duina sortzen du pertsona ahulenenek, horietako asko migratzaileak, lana duintasunez egin dezaten”.
Azkenik, adierazi du gaur “Nazioarteko Emaus” erakundeari emandako sariarekin haren lana ez ezik, garatzeko modua ere saritzen dela, eraldaketa sozialean inplikatzen delako, “gizartearen bazterretan kokatzen direnen aldeko laguntasun hutsean geratu gabe”.
Bestalde, “Nazioarteko Emaus Mugimenduaren” lehendakari Patrick Atohoun-ek, erakundeko talde guztien izenean Sariarengatik eskerrak eman ondoren, “globalizazioa eredu ekonomiko menderatzailean kokatzen dela nabarmendu du, bizimoduaren eta lehiaren finantzaketan oinarritzen dena. Eredu diskriminatzailea da, eta, ondorioz, bazterketa asko sortzen ditu”.
Horrez gain, honela gehitu du: “guk mundura egin ditzakegun tokiko alternatibez gain, hitz politiko justua eraikitzeko eta mundu-mailan gizartearentzako proposamenak aurkezteko eta, horrela, mundu solidarioa sortzeko gaitasun kolektiboa ere badugu”.
Atohoun-en arabera, haren erakundean pertsona baztertuenei beren eskubideak berreskuratzen laguntzeko gaitasuna badute, “uste dugu aktore publikoek denon eta baztertuen daudenen ongia lortzeko politikak abian jarri behar lituzketela". “Guretzat ohore bat da Nafarroako Gobernuak emandako saria, argi baitugu politika publikoak interes orokorraren eta elkartasunaren zerbitzura jarri behar direla”. Era berean, Foru Exekutiboak arlo horretan egiten duen politika eskertu du, Emausek gizarte zibileko beste erakunde batzuekin irudikatzen dituen ereduak biltzen baititu.
Azkenik, emigrazioa bezalako erronkei erantzuna eman behar zaiela azpimarratu du; izan ere, “ez diogu aurre egiten migrazio-politiken krisiari, eraginik gabekoak, gizagabeak eta hilgarriak baitira”.
Maeztu kontseilariaren eta Laboral Kutxako lehendakariaren hitzak
Laboral Kutxako lehendakari Txomin Garcíak erakundearen lorpen guztien artean “haren ekintzaren inspirazio izandako balioak eta printzipioak nabarmendu ditu, orain ere oso gaurkoak direnak”. Nazioarteko bokazioa du, “eta ez du mugetan geratzeko asmorik”; aldaketa sozialen eta politiken aldeko apustuaren inguruan honela gehitu du: “ez da karitate-kontua, desberdintasun horiek hurbiltzen dituzten egoerak errotik kentzea eta bizimodu duinak ziurtatzen dituzten baldintza berriak sortzea baizik”.
Halaber, Laboral Kutxako arduradunak "Nazioarteko Emaus" mugimenduaren inguruan nabarmendu duen beste balio bat izan da erakundeak lan egiten duen leku ezberdinetako toki errealitatearekiko duen errespetua, “ingurunearen berezitasunak aintzat hartuta”. Modu berean, izaera berritzailea ere azpimarratu du, “ekonomia sozialeko eta solidarioko eredu berritzaileen bultzatzaile gisa”. Azkenik, aipatu nahi izan du erakundeak sortu zenetik ingurumen-justiziaren alde egin duen borroka, erronka hori “erronka orokor nagusia” baita orain, eta proiektu horietan lan egiten duten pertsonentzako eta horien hartzaileentzako enplegu duinaren sortzaile moduan duen balioa ere azpimarratu du.
Amaitzeko, Eskubide Sozialetako kontseilaria den María Carmen Maeztuk nabarmendu du Emausek nazioarteko lankidetzaren bidez eskala globalean nahiz toki-mailan egiten duen lana.
100.000 pertsona onuradun
“Nazioarteko Emaus Mugimendua” Frantzian sortu zen 1969. urtean, eta 37 herrialdetako 360 talde baino gehiago biltzen ditu. Gutxi gorabehera 100.000 lagunek ateratzen diote etekina zuzenean eta hainbat milioi pertsonak zeharka Emausen erakundeen lana garatzen den hiri eta eskualdeetan. Gainera, urtean elkartasuneko 20 bat proiektu bultzatzen ditu, 500.000 € inguruko funts solidarioaren bitartez. Nafarroako Emaus Traperoak erakundean 35 nazionalitateko 265 pertsonak egiten dute lan.
Gaur egun, mugimenduak hiru borroka globalen aldeko konpromisoa du:
- Herritar unibertsalen, zirkulazio-askatasunaren eta bizilekuaren aldeko konpromisoa.
- Bakearen, justizia sozialaren eta ingurumenaren aldeko konpromisoa.
- Ekonomia etikoaren eta solidarioaren aldeko konpromisoa.
Aurreko ediziotan sarituak izan diren pertsonak
Aurreko edizioetan, Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak askotariko profilak dituzten hainbat kontinentetako erakunde eta pertsonei eman diete golardo hau. Horrela, sarituen zerrendan daude Muhamad Yunus, Bakearen Nobel Sariduna; Kalkutako Karitatearen Ahizpa Misiolariak; Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzua; Uganda Network of Aids Service Organisations (UNASO); Fedea eta Pozaren Nazioarteko Federazioa; San Joan Jainkoarenaren Anaiak; Wassu Gambia Kafo eta Mama Samathe; Ekuadorreko Aguarico-ko Bikariotza Apostolikoa-Kaputxinoen Misioa; eta Isabel Martín-Creative Handicraft.
Saria honako hauek ere jaso dute: Manuel E. Patarroyo Murillo irakaslea; ‘Mama Tunza’ izenaz ezaguna den Dimina Khasiala keniarra; Argentinan Giza Eskubideen alde lanean diharduen Martha Pelloni ahizpa; Juan Ciudad Fundazioa eta honi atxikitako langile bat, Paciencia Melgar ahizpa, ebola bezalako gaixotasunak dituzten ahantzitako pertsonen alde egindako lanagatik; eta lau kontinentetako 73 herrialdetan finkatuta dagoen La Vía Campesina erakundea, FAO gisako nazioarteko foro eta erakundeen solaskide aitortua. Azken edizioan, lau aktibista afrikar saritu zituzten baterako hautagaitza baten bitartez, Afrikan giza-eskubideen defentsan egindako lanagatik: Malawiko Theresa Kachindamoto, Senegaleko Hulo Guillabert, Ugandako Victoria Nyanjura eta Maliko Oumou Sall-Seck.