2019ko urriaren 18a

Nafar Lansarek Iturrondon eta NUPen datorren astean Alemanian lan egiteari eta Europan lan mugikortasunari buruzko informazio saioak eskainiko ditu

Enplegu Zerbitzua Eures enplegu zerbitzuen Europako sareko kidea da eta langileak gidatzen ditu Europako Esparru Ekonomikoko (EEE) herrialde berri batera iristean eta ondoren lan-merkatuan sartzean eman beharreko lehen urratsetan

Eures enplegu zerbitzuen Europako sareak, Eskubide Sozialetako Departamentuko Nafar Lansareren bidez, Alemanian lan egiteari eta Europan lan mugikortasunari buruzko bi informazio saio eginen ditu datorren astean. Helburua da langileak gidatzea Europako Esparru Ekonomikoko (EEE) herrialde berri batera iristean  eta ondoren lan-merkatuan sartzean eman beharreko lehen urratsetan.

Lehen hitzaldia, "Alemanian lan egitea-Perspektibak eta aukerak" izenekoa, asteartean, hilak 22, izango da, 18: 00tan, Iturrondo Enplegu Agentziaren 204. gelan (Burlata), honako esteka honetan izena eman ondoren: http://www.123formbuilder.com/form-5085935/formulario-de-contacto. Ekitaldi hau hilaren 20tik 26ra bitartean ospatuko den XXVII. Hispaniar-alemaniar aste kulturalean kokatzen da.

"Alemanian bizitzea eta lan egitea" eta "EURES-Europan zure lana aurki ezazu” tailerrak asteazkenean, hilak 23, egingo dira, 11: 30tatik 12: 30tara, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enplegu eta Ekintzailetzaren XII. Topaketaren barruan. Jardunaldi hori El Sarion egingo da, eta NLk babesten du. Horrez gain, Eures langileek organismoak gune horretan jarriko duen stand-ean arreta emanen dute.

Iturrondoko saioa eta NUPeko tailerrak Laura Zöller Alemaniako Enplegu Agentzia Federaleko Langileen Nazioarteko Zerbitzuan lan-bitartekariak eta NLko Eures Sareko kontseilari Sonia Elorzek emanen dituzte.

Hizlari alemaniarrak azalpenak emango ditu Alemaniako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzu Espezializatuari buruz, baita herrialde horri buruz jakin beharreko beste hainbat gairi buruz ere: lan merkatuari buruzko informazio orokorra, zerga sistema, Gizarte Segurantza, CV, lan poltsak, enplegu elkarrizketak, eta finantza laguntzak. Elorzek, berriz, Eures sarearen bidez Europako 32 herrialdetan enplegua nola bilatu azalduko du: eskaintzak aurkitu, CVren berezitasunak eta aurkezpen gutuna, Europako lan mugikortasunerako diru laguntzak, besteak beste.

Alemaniaren kasuan, enplegu-profil hauek eskatzen dira gehien: autobus- eta kamioi-gidaria, profesional teknikoak (automobilgintzako mekanikariak, elektrizitatea, mantentze-lan industrialak, etab.), haur-hezitzailea, IKT eta beste ingeniaritza batzuk, sukaldaria, osasun-sektoreko lanbideak, besteak beste. Informazio gehiago nahi izanez gero, webgune honetan kontsulta daiteke: http://www.sepe.es/HomeSepe/Personas/encontrar-trabajo/empleo-europa/empleo-alemania.html edo www.empleo.navarra.es.

Europan lan egitea

Eures (Europako Enplegu Zerbitzuak) Europako Esparru Ekonomikoko (EEE) eta haren erakunde elkartuetako enplegu-zerbitzuen sarea da. Europan lan-mugikortasunean interesa duten enpresei eta langileei zerbitzuak ematen espezializatutako 1000 kontseilarik baino gehiagok osatzen dute, eta honako hauei buruzko informazioa ematen du: bizi- eta lan-baldintzei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza lana bilatzeko eta Europan lan-eskaintzak kudeatzeko eta zabaltzeko.

Espainiako SEPE (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa)-EURES webgunean ere eskuragarri dago Eures Sareko herrialde europarrei buruzko informazioa: Espainiara bidaltzen dituzten lan eskaintzak, hautaketa prozesuak, lana bilatzeko tresnak eta lan merkatua.