Descárgate la app
Departamentu arteko taldea sortu du Nafarroako Gobernuak Nafarroan jokoaren gaineko arautegi aldaketak aztertzeko
2019ko urriaren 18a
Departamentu arteko taldea sortu du Nafarroako Gobernuak Nafarroan jokoaren gaineko arautegi aldaketak aztertzeko
Javier Remírez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko lehen lehendakariordea eta kontseilaria ostiral honetan buru izan da jokoaren inguruan sortutako departamentuen arteko lantaldearen lehendabiziko saioan. Taldeak egungo egoerara eta sortutako joku modu ezberdinetara erantzuna emateko beharrezkoak diren legeak nola aldatu aztertuko du, egun apustu etxe eta joko aretoek sortutako gizarte kezkari erantzuna emateko.
Modu horretan, Nafarroako Gobernuak lantalde bat sortu du, eta taldea honako departamentu hauek osatzen dute: Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barnekoa; Ekonomia eta Ogasun departamentua; Hezkuntza; Eskubide Sozialak; Osasuna; eta Kultura eta Kirola.
Bileraren buru izan da Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remirez, eta baita ere parte hartu dute Barneko zuzendari nagusi Amparo Lopezek eta Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusi Joseba Asiainek. Ekonomia eta Ogasunaren izenean, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda, joan da. Hezkuntzari dagokionean, Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano, eta Hezkuntzako ikuskaria, Alberto Beriain, joan dira. Eskubide Sozialetako Departamentutik, berriz, Inklusio, Babes Sozial eta Familiaren Erregimen Juridikoko Atalaren buruak, María Alba Fernándezek, parte hartu du. Osasun Departamentuaren izenean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea joan da, Mª Ángeles Nunina. Eta Kirola eta Gazteria Institutuko teknikari Esteban Imaz ere han izan da.
Remírez kontseilariak nabarmendu du “beharrezkoa dela araudia egungo egoerara eta jokoaren gaineko negozio eta sarbide ezberdinetara egokitzea, ludopatia bereziki prebenituta eta batik bat adin txikikoak eta talde ahulenak babestuta”.
Departamentu arteko Lantaldea sortzearekin, Foru Exekutiboaren asmoa da ahalik eta ikuspegi gehienak biltzea. Ekimen honek apustu-etxeen erregulazioa lantzeko Parlamentuan duela gutxi sortutako Txostenarekin paraleloan lan egin nahi du.
Nafarroak dituen eskumenak
13/1982 Lege Organikoak, abuztuaren 10ekoak, Nafarroako Foru Erregimena Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoak, 44. artikuluaren bitartez, kasino, joko eta apustuen gaineko eskumen esklusiboak ematen dizkio Nafarroari, Kirol Ongintzako Elkarrekiko Apustuak salbu.
Foru eskumen hori araudi espezifikoan garatzen da, eta horko testu nagusiak hauek dira: Jokoari buruzko 16/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa; Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Zergak arautzen dituen 27/2016 Foru Legea, abenduaren 28koa.