Gripearen aurkako txertoa hartzeko 2019/2020 kanpaina aurkeztu dute, eta urriaren 14an abian jarriko da

Gripearen aurkako txertoa hartzeko 2019/2020 kanpaina aurkeztu dute, eta urriaren 14an abian jarriko da

126.000 dosi eskuratu dira konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonei administratzeko batik bat

2019/10/11

Gripearen aurkako 2019/2020 txertaketa-kanpaina urriaren 14an hasi eta azaroren 30ean amaituko da, eta batez ere 60 urtetik gorako pertsonentzat, osasun-arazo kronikoak dituzten helduentzat eta haurrentzat (6 hilabetetik gorakoak), haurdun dauden emakumeentzat eta Azido Azetilsalizikoarekin tratamendu luzea duten nerabeentzat da. Kanpaina Nafarroako Osasun Zerbitzuak-Osasunbideak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) koordinatuko dute.

Gripearen aurkako txertaketaren helburu nagusia da gripea harrapatzen duten zein gaixotasun honengatik hiltzen diren pertsonen kopurua murriztea. Horrela azaldu du gaur prentsaurrekoan Osasun kontseilaria den Santos Indurainek. Harekin batera egon dira Lehen Arretako kudeatzailea, Manuel Carpintero, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gaixotasun Transmitigarrien eta Txertaketen Ataleko arduraduna, Aurelio Barricarte.

Gripearen kontrako txertoaz gain, txerto antineumokoziko 23 balentea egongo da 65 urtetik gorako pertsonentzat eta inoiz hartu ez duten eta arriskua duten gaixoentzat. Halaber, une aproposa da Tetanoen txertaketa berrikusi eta berriro hartzeko azkena hartutako dositik 10 urte igaro badira.

Era berean, txertatzea gomendatzen zaie gaixotasuna transmititu dezaketen pertsonei, gripea transmititu zaien gaixoek konplikazioak izateko arriskua badute; alegia, osasun-langileak, zentro geriatrikoetako edo kronikoen zaintza-zentroetako langileak, etxez etxeko zaintzan aritzen diren langileak edota etxean arrisku handiko pertsonekin bizi direnak, haurrak barne.

Gomendio bera egiten zaie, orobat, segurtasun-indarrei, su-hiltzaileei, babes zibileko zerbitzuei, osasun-larrialdien zerbitzuetan lan egiten duten pertsonei, espetxeetako eta ebazpen judizial bidez barneratzeko zentroetako langileei eta edozein hezkuntza-mailako irakasleei.

2018-19 denboraldian, %60ko estaldura

Iazko denboraldian, estaldura %60koa izan zen 65 urtetik gorako pertsonen artean (60 urtetik gorakoen artean %52ra iritsi zen). 2019/2020 kanpainan zehar, helburua da 65 urtetik gorako pertsonen %65ak txertoa hartzea.

Gaixotasun kronikoa duten pertsonei dagokienez, 60 urtetik beherakoen arteko estaldura %14 eta %28 artekoa da, gaitzaren arabera; 60 urtetik gorakoen artean, aldiz, estaldura handiagoa da, %60 eta %70 artekoa.

2018-2019 denboraldian zehar, gripearen 15.000 kasu erregistratu ziren Nafarroan (aurreko denboraldian 19.276 kasu). Horietatik 480 lagun ospitaleratu egin behar izan ziren, eta horietatik 26 hil egin ziren.

Gripearen prozesuan, bost laguntza-maila aipatu daitezke. Lehena norberaren zaintza da. Bigarrena Erizaintzako profesionalek egiten dutena da, Osasun Kontseiluan zalantzak argituaz telefono bidez (tel.: 948 290 290, astelehenetik ostiralera, 14:30etik 21:30era, eta larunbatetan, igandeetan eta jai-egunetan, 9:00tatik 21:00etara). Hirugarrena ohiko osasun-zentrora joatea da konplikazioak egonez gero, bereziki zaurgarriak diren pertsonen kasuan. Ondoren, laugarren laguntza-maila ospitalez kanpoko larrialdiak dira, eta, azkenik, bosgarren maila ospitaleko larrialdiak, kasurik larrienetarako gorde behar direnak.

Zer da gripea

Eritasun biriko infekziosoa da, batik bat airez transmititzen dena. Bat-batean hasten da, eta, sintomen artean, honako hauek daude: sukar altua, egoera orokorraren gaineko kalte handia, buruko mina, muskuluetako mina, goserik eza, nekea, sudurreko kongestioa, eztarriko narritadura eta eztula, besteak beste.

Kaltetu gehienak astebete edo bi astetan osatzen dira tratamendu medikorik gabe, etxean zainduta eta sintomak hobetzeko neurriekin; esate baterako, atseden hartzea eta analgesiko nahiz antitermikoen bidezko tratamendu sintomatikoa egitea. Jatorri birikoa duenez, ez da gomendatzen gripeari tratamendu antibiotikoa ematea.

Amaitzeko, gripearen konplikazio ohikoenak hauek izaten dira: lehen mailako pneumonia birikoa, birusa bera eta bigarren mailako arnasa-infekzio bakterianoa, pneumonian amai dezakeena. Konplikazio horiek larriak izatera iritsi daitezke.