Nafarroako 40 enpresek Baionako “Nafarroa Dastatu” ekitaldian parte hartu dute beren produktuak sustatu eta merkatu berriak irekitzeko

Orain arte edizio parte hartzaileena izan den honetan, ostalaritza eta turismoko tokiko ehun bat ordezkari ere bertaratu dira
2019ko irailaren 30a

Gomez kontseilaria eta Maitena Ezkutari Mauleko alkate eta Euskal Hirigune 
Elkargoko lehendakariorde Michel Etchebest eta Baionako alkate Jean Rene 
Etxegarairekin (bizkarra ematen) hitz egiten.
camera_alt

Gomez kontseilaria eta Maitena Ezkutari Mauleko alkate eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariorde Michel Etchebest eta Baionako alkate Jean Rene Etxegarairekin (bizkarra ematen) hitz egiten.

  Deskargatu irudia
collections Irudi galeria

Nafarroako 40 enpresek eta ostalaritza zein turismoko ehun bat ordezkarik “Nafarroa Dastatu” ekitaldian parte hartu dute astelehen honetan Baionan eta edizio parte hartzaileena izan da aurtengoa. Gainera, Nafarroako gastronomia-produktu arrakastatsu eta aitortuenak sustatu ez ezik, horientzako indar handia duten Akitania bezalako merkatu berrietara irekitzeko ere antolatu da ekitaldia.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómez izan da jardunaldian parte hartu duten agintarietako bat, eta berariaz nabarmendu du “gure lehengaiaren kalitate gorena eta hurbiltasunezko produktuetan dugun potentzialtasuna”, eta “ekoizle txikiei lagundu eta iraunkortasunarekin estu-estu lotuta dagoen tokiko nekazaritza-elikadura bultzatu behar dela” adierazi du.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik garrantzitsutzat jo du “kultura gastronomikoari eta ondare kulturalari loturiko produktu turistikoak sortzea”, eta Nafarroako Gobernuak esparru honetan abian dituen proiektuak errepasatu ditu.

Ezkutarik eta Gómezek gure produktuek mugaren bi aldeetan duten potentzialtasuna aipatu eta elkarrekin este merkatu batzuk aurkitzeko indar handiagoa dutela nabarmendu dute.

Ekitaldian izan dira, halaber, Baionako alkate Jean-René Etchegaray; Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariorde Michel Etchebest eta Eusko Ikaskuntzaren Iparraldeko lehendakari Eguzki Urteaga. Foru Exekutiboak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusia eta INITIA-Reyno Gourmet enpresa publikoaren bitartez, sustapen ekitaldi hau antolatu du Baionako Udalaren eta Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren lankidetzaz.

Jardunaldia hasteko antolatu den “Gure lurraldeak eta beraien etorkizuna. Historia gastronomiko partekatua” deritzon mahainguruan, Maitena Ezkutarik, Laborantza Ganbara landa-garapenerako elkartearen ordezkari Iker Elosegik, ondare immateriaren arloko aditu Urkiri Salaberriak eta INTIAko proiektuen arloko zuzendari Natalia Bellostasek sukaldaritzaren bilakaeran izandako faseak aztertu dituzte, egungo errealitatera iritsi arte.

Jarraian, bertaratutakoek Iruñeko Baserriberri jatetxeko Iñaki Andradas eta Arrangoitzeko Sukaldari jatetxeko Richard Daulay sukaldeburuek landutako pintxoak dastatu dituzte.

Topaketak, halaber, elkarteak, komunikabideak eta agintariak bildu ditu lurraldeen etorkizunaz hitz egiteko eta bertako produktuaren garrantzia aldarrikatzeko, iraunkortasunaren alde zein landa-eremuen despopulazioaren aurkako tresna gisa.

Bukatzeko, topaketan parte hartu duten enpresek eta tokiko merkatari eta banatzaileek merkataritza-harremanak finkatzeko aukera izan dute.

Nafarroa Dastatu / Catar Navarra proiektua

Nafarroa Dastatu / Catar Navarra proiektua Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren eta INTIA-Reyno Gourmeten ekimenez sortu zen, Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren eta Lursarearen lankidetzaz.

Haren helburua lurraldeeen orainaldiaz eta etorkizunaz gogoeta egitea da, elkarren ezagutzatik abiatuta. Gainera, hurbiltasunezko produktuen aldeko apustuari eutsi eta nekazaritza-elikadura zein turismo arloetako ekimen enpresarialak babesten ditu, giltzarrizko osagaiak baitira garapen adimendun eta iraunkorrean aurrera egiteko.

Printzipio horietan oinarrituta, “Nafarroa Dastatu/Catar Navarra” proiektuak Nafarroako produkturik ezagunenak sustatzen ditu horrenbeste ezagutzen ez diren lekuetan, dastaketa, topagunea eta ikuskizuna tarteko dituen formatu baten bitartez, eta lurraldeei buruzko zein lurraldeen etorkizun eta bizi-proiektuei buruzko kontakizun, esperientzia eta bizipenen bitartez, bertaratutakoen pertzepzio sentsoriala indartzen du.

Proposamen horren barnean, interpretazio-paseoak antolatuko dira adituekin batera, eta horietan parte hartzen duten bisitariek paisaia ikusten eta ulertzen ikasiko dute, baita tokian tokiko jendeak eta bizipenak, haien historiak eta kultura ere.

Ekimena Iruñean antolatu zen eta dagoeneko Lekunberrin, Erronkarin eta Argedasen izan da. Urrian Sunbilla eta Bilbo bisitatuko ditu, eta azaroan zenbait aurkezpen eginen dira Sartagudan eta Iruñean.